Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak euskara eta kirola eskutik doazela gogorarazi gura du
Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren Euskara Zerbitzuak kirolean eragiteko kanpaina abiarazi du. Duela hiru urte eskualdeko udalek eta kirol-taldeek, Amankomunazgoak bultzatuta, banako hitzarmenak sinatu zituzten, euskaraz egiteko konpromisoa hartzeko, eta honakoan, konpromiso horri tinko eutsi diotela erakutsi gura izan dute.
Izan ere, jarduera fisikoa gazte nahiz helduen aisialdiko ekintza nagusietakoa da, eta garrantzitsua da kirola euskararekin uztartuta agertzea.
Eskualdeko hainbat taldek parte hartu dute kanpainan, eta Amankomunazgoak esker ona adierazi nahi die, euren argazkiak lagatzeagatik eta erakutsi duten konpromisoagatik. Asko izan dira jasotako argazkiak, eta ondorioz, ezin izan dira guztiak erabili. Edozelan ere, ikusgai daude www.zarea.eus atarian. Horrez gain, kartelak eskualdeko kirol-instalazioetan jarriko dira, euskara eta kirola eskutik doazela aldarrikatzeko.