Abadiñoko Udalak zabaldu du epea udalekuetan izena emateko
· Umeek hamabi egun egingo dituzte herritik kanpoko aterpetxe batean
Abadiñoko Udalak zabalik du, apirilaren 7ra arte, uztaileko 3-17 urte bitarteko ume eta gazteendako ludotekan eta udalekuetan izena emateko epea. Gazteen udalekua aurten herritik kanpoko aterpetxe batean egingo da, non ume-gazteek hamabi gau egingo dituzten. Gazteria Arloko zinegotziak, Ima Zapardiezek, esan du iaz bi udaleku mota antolatu zirela: bata herrian eta bestea herritik kanpoko astebeteko egotaldia eskaintzen zuena. «Aurten erabaki dugu udaleku bakarra antolatzea eta herritik kanpoko egonaldia luzatzea, iaz aukera horrek arrakasta handia izan zuen eta», esan du.
10 urtera arteko umeendako ludoteka eta udalekua uztailaren 3tik 14ra bitartean egingo da Zelaietako eskoletan, 09:30etatik 13:30etara. Ludoteka 2011-2013. urte bitartean jaiotako umeendako izango da (4-6 urtekoak). Herri udaleku bat ere egingo da 2007-2010. bitartean jaiotako umeentzat (7-10 urtekoak). Euskera Arloko zinegotzi Argi Abadek esan du asmoa dela umeei aisialdi atsegin bat eskaintzea udan euskerazko giroan. «Urtero lez, haurrak ondo pasatzea nahi dugu, eta euskeraz hitz egiten jarrai dezaten eskola girotik kanpo», esan du.
11-17 urte bitarteko gazteendako udalekua uztailaren 3tik 15era bitartean egingo da Abadiñotik kanpoko herri batean (zehazteke dago zein). Udaleku horretan gazteek tailerrak egingo dituzte, abenturako kirola eta aisialdiko beste hainbat ekitaldi.
· Matrikula · Udalekuetan izena eman nahi duenak Udal Mediatekan nahiz Errota Kultur Etxean egin behar du. Ludotekako eta 6 urtera arteko udalekuetako toki guztiak Abadiñoko umeentzat izango dira. Matrikularen prezioa izango da 60€, %30 gutxiago bigarren neba-arreba bat inskribatzen bada, eta %20-%50 gutxiago familia ugaria bada (inskribatutako ume kopuruaren arabera).
Gazteendako udalekuetako matrikularen prezioa izango da 200€ Abadiñon erroldatutako gazteentzat, eta 250€ beste herri batzuetako gazteentzat.
Iaz 215 umek hartu zuten parte Udalak antolatutako udalekuetan, eta umeak zaintzeko 26 begirale kontratatu ziren lan-poltsa baten bidez.