Martxoaren 29an ‘Baga biga higa’ emanaldia izango da Durangon Mikel Markez eta Eñaut Elorrietaren eskutik
Durangoko Udal Euskaltegiak Korrika kulturalaren barruan antolatutako ekimena da. Martxoaren 29an izango da udal euskaltegiko Berbagunean, goizeko 10:30ean. Sarrera doakoa izango da eta publikoari zabalik egongo da.
Baga Biga Higa Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta kantari eta musikagileen egitasmoa da. Euskarazko musikaren transmisioa eta sustapena helburu dituen proiektuak elkartu ditu Mikel eta Eñaut.
Multimedia formatuko hitzaldi-kontzertua eskainiko dute, eurak izango baitira hizlari eta kantari. Euskal musikaren historiaren gaineko errepasoa egingo dute, 60ko hamarkadaren aurreko garaietatik hasi eta gaur egunera artekoa. Garai bakoitzeko euskarriak ere hartuko dituzte kontuan: binilo diskoak, casetteak, CDak, Mp3a… «Baga» iragana da eurentzat; «Biga», oraina; eta «Higa», azkenik, etorkizunerako erronka eta aukerak.