Ostirala,
2024ko Maiatzak17

MugaKultura

loader-image
Durango
3:47 am,
temperature icon 12°C
Humidity 100 %
Ráfagas de viento: 2 Km/h

2023ra arteko Berdintasun Plana onartu du Elorrioko Udalak

Prozesu guztia partehartze bideen bitartez egin dela nabarmendu dute udal ordezkariek. Talde Eragilea sortzeko, herriko emakumeen elkarteetako, talde feministetako zein Udaleko ordezkariak bildu dira.

Elorrioko Udalak aurten hasi eta 2023ra arteko luzapena izango duen IV. Berdintasun Plana onartu berri du ostegun honetan izandako Osoko Bilkuran. Alderdi politiko guztien babesa jaso duen plan berriak “izaera guztiz estrategikoa” duela nabarmendu du udaleko Berdintasun sailak, izan ere, udal sailetatik sustatzen diren politika publikoek eduki beharreko norabidea edo iparrorratza markatuko dute. Horrez gain, plana kudeatzeko udal- egitura berriak sortu dira, hala nola, udal-sailen arteko Mahai teknikoa eta Arloetako Ordezkari Politikoen Mahaia. Plan berri honek lau ardatz nagusi izango ditu: Berdintasunaren aldeko gobernantza, Emakumeen jabekuntza eta boteretzea, hirugarrenik Berdintasunaren aldeko herria eta, azkenik, Indarkeria matxistarik gabeko herria.

“Oso pozik gaude lortu dugun emaitzarekin, 2023ra arteko bideorria zehazten digulako eta arlo honetan aurrerapauso handiak ematea ahalbidetuko digulako. Prozesu luzea bezain aberasgarria izan da, baina behin betiko Elorrion emakumeen eta gizonen artean benetako berdintasun egoera bat lortzeko muinarria izan daiteke”, adierazi du Aratxu Uriarte Berdintasun zinegotziak.

Prozesu guztia bi fase ezberdinetan antolatu da. Alde batetik, urtarriletik ekainera arte, III. Berdintasun Planaren ebaluazioa eta diagnostikoa egiteko aukera izan da. Irailetik abendura bitartean, berriz, IV. Plana diseinatzeko baliatu dute. Prozesu guztia partehartze bideen bitartez egin dela nabarmendu dute udal ordezkariek, izan ere, IAP (Ikerketa Ekintza Parte-hartzailea) izenaz ezagutzen den metodologiaren oinarriak hartu dira kontuan.

Talde Eragilearen garrantzia

Prozesua aurrera eramateko ardura izan duen Talde Eragilea sortzeko, herriko emakumeen elkarteetako, talde feministetako zein Udaleko ordezkariak bildu dira. Aurreko Plana ebaluatzeko orduan, 36 udal langilek (19 emakumek eta 17 gizonek) erantzun diote aurkeztu zitzaien inkesta bati. 35 elorriarrek ere (25 emakume eta 10 gizon) online bidezko inkesta erantzun zuten. Horrez gain, 60 pertsonei (44 emakume eta 16 gizon) elkarrizketa indibidualak egin dizkiete. Gainera, iritziak jasotzeko diagnostiko tailerrak egin dituzte lau lantalde ezberdinekin. Bukatzeko, hainbat forotan herritarren iritziak jaso dira urteko lehenengo sei hilekoan antolatu diren ekimen eta forotan.

  1. Planaren diseinatze-faseari dagokionez, Elorrioko herritar eta eragileek hurrengo urteetan lortu beharreko erronkak eta helburuak zeintzuk diren adierazi dituzte partehartze prozesuaren bidez.

Guztira, bost lantalde egin dira:

Feminismoarekin edota Berdintasunarekin esperientzia, sentsibilizazioa edo ezagutza dituen herritarren lantaldea. Ordezkariak: Lilika emakume-elkartea, Bilgune Feminista (lehen Txoko Feminista), Kainabera elkartea, Piper txuriak elkartea, Txirrundulari taldea, Betsaide dantza-taldea, Berdintasunerako Saila eta Elhuyar Aholkularitza.

Hezkuntza-lantaldea. Ordezkariak: Elorrio Eskolako Guraso Elkartea, Elorrioko Institutua, Elorrioko Txintxirri Ikastola, Elorrioko Herri Ikastetxea, Berdintasunerako Saila eta Elhuyar Aholkularitza.

Ordezkari politikoen lantaldea. Ordezkariak: EH Bildu, EAJ/PNV, Berdintasunerako Saila eta Elhuyar Aholkularitza.

Udaleko langileen 1. Lantaldea. Ordezkariak: HAZ idazkaritza, Hirigintza, Diruzaintza, Liburutegia, Euskara, Udaltzaingoa, Idazkaritza, Berdintasuna eta Elhuyar Aholkularitza.

Udaleko langileen 2. Lantaldea. Ordezkariak: Hirigintza, Liburutegia, Idazkaritza, Kontuhartzailetza, Euskara, Kultura, Gizarte Ekintza, Brigada, Idazkaritza, Arriola Antzokia, Turismoa,  Berdintasuna eta Elhuyar Aholkularitza.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu