Herri galdeketak egin ahal izateko ordenantza garatuko du Elorrioko Udalak
Mugalari
Oposizioko alderdiek irailetik daukate esku artean gobernu taldearen zirriborroa. Udaleko alderdi guztien artean lantzeko aukera badagoela nabarmendu du Idoia Buruaga alkateak.
Elorrioko Udalak herri galdeketak antolatzeko gaitasuna izan dezan, galdeketa ordenantza aurkezteko asmoa iragarri du gobernu taldeak. Hilabeteetako lanketa baten ondoren, oposizioko alderdiek irailetik daukate esku artean gobernu taldearen zirriborroa, beraz Partehartze Batzordean aurkeztu eta horren ondoren hurrengo osoko bilkuretara eramango da, bertan onartu dadin.
Alderdi guztien onespena izatea espero du gobernu taldeak, izan ere, azken egunetan SQ-2D-k zein EAJ-k Partehartze Ordenantza osatu baterako proposamenak helarazi dituzte. Modu horretan, epe ertain batean, Partehartze Ordenantza orokorra udaleko alderdi guztien artean lantzeko aukera badagoela nabarmendu du Idoia Buruaga alkateak: “SQ-2D-k eta EAJ-k aurkeztutako proposamenei gobernu taldearen proposamena gehituko zaie, beraz Udalean gauden alderdi guztiok izango dugu eztabaidatzeko oinarri bat. Horrelako ordenantzek udal mailako barne lanketa sakon bat behar dute kajoi batean ez geratzeko, beraz tentuz lan egin beharko dugu benetan eraginkorra izan dadin”.
· Beste herri batzutako erreferentziak · Gobernu taldeak aurkeztuko duen galdeketa ordenantzak hainbat herrietako ordenantzak erreferentziatzat hartu ditu, baina Elorriora egokitzea beharrezkoa ikusi dute: “Benetako lanketa bat egin barik, ordenantza hauek arrisku handi bat dute kajoi batean sartu eta bertan usteltzen uzteko, beraz beharrezkoa ikusi dugu beste herrietan egiten den hori Elorriora egokitzea eta pausoka-pausoka lantzea”.
Publizitatea
BAGOAZ BIDAIAK
Matiena, Abadiño