Beraien iritzia jakiteko bide-segurtasunari buruzko galdetegi bat banatuko du EH Bilduk durangarren artean
Durangon gertatzen ari diren harrapaketen aurrean, EH Bilduk beste pausu bat eman nahi du bide-segurtasunaren gaian. Koalizioak galdetegi bat osatu du Durangoko herritarren iritzia eta beharrizanak jakiteko. Honela, sare sozialetatik eta bere komunikazio esparru arrunten bidez inkesta herritarren eskura jarriko du. Auzo elkarteetara ere helaraziko du inkesta, hauen gaiari buruzko iritziak jasotzeko.
EH Bilduren aburuz, herritarren haserre eta ezinegona guztiz justifikatua da, ikusirik harrapaketak gora doazen bitartean, gobernu taldeak entzungor egiten duela. Behin baino gehiagotan eraman dugu gaia Udalera, eskatuz adibidez, beste neurri batzuen artean, egin dezala bai udaltzaingoak, bai bide-segurtasunean lan egiten duen enpresa batek, harrapaketei buruzko txosten tekniko zehatz bat. Hala ere, gobernu taldea, berak proposatutako neurri arbitrario eta funtsik gabeekin pozik, ez du eztabaidarako eta parte hartzerako jarrerarik azaltzen, behingoz modu efektiboan arazoarekin amaitu ahal izateko.
Galdetegi honen helburua da, esan bezala, bide-segurtasunarekin loturiko hainbat faktoreri buruzko herritarren iritzia jasotzea, esaterako, kaleetako argiteria, zebra-bide falta edo hauen kokapen okerra,… EH Bilduk beste pausu bat eman nahi du eta soluzioak eskaini, ezer egiten ez duen eta herritarren arazoei lepoa ematen dien gobernu taldearen aurrean. Kontziente gara gai honetan badela gauza asko egiterik oraindik, eta herritar ororen eskubidea da harrapaketa gehiago ez gertatzeko beharrezko txosten eta neurriak eskatzea.
Ondoren dago galdetegiaren esteka:
https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSesIjcYt4fPAL_a7hWogwZUrq6lWtETen3maatVtcAW2SXSMA/viewform