IZAKI GARDENAK · ‘Bi kantu berri eta bira amaiera’
Jon Basaguren
Urtebete pasatxo baino ez da igaro “Izaki”-ok Aurri gara lana plazaratu genuenetik, baina oso epe bizia izan da. Une eder asko egon dira: kritika bikainak jaso ditu diskoak, Mondosonoro aldizkariak estatuko americana/folk diskorik onena izendatu zuen, 30 kontzertu inguru eskaini ditugu areto zein jaialdietan (hemendik eskerrak antolatzaileei eta gu ikustera etorri zareten guztioi!)…
Baina une zailak ere bizi izan ditugu. Diskoa grabatu zuen formazioa ezin izan genuen mantendu, Gasteiz eta Iruña arteko distantziak eta bakoitzaren ordutegiek oso zail egiten baitzuten funtzionamendua. Berriz ere mila milioi esker Eneko Leza, Eneko Zabalza eta Arkaitz Ezkai-ri.
Eta hala ere aurrera, arabar musikari eta lagun bikainak gehitu ziren taldera eta energiaz gainezka jardun dugu 2016ko martxotik hona. Eskerrak ematea tokatzen da beste behin: Dani Arrizabalaga, Danilo Foronda eta Fede Eguiluz, handiak zarete! Eta nola ez, Libe García de Cortázar, hasieratik zoramen honetan lagun.
Atseden hartzeko garaia dela sentitzen dugu, hibernatzera goaz. Baina lokartu aurretik bi kantu grabatu ditugu, urtarrilaren 2an eta era digitalean argitaratuko ditugunak. Oinak lurrean da lehenengoa, azken hilabeteetan lokalean forma hartzen joan den abesti berria. Bigarrena bertsioa da, niretzat oso berezia den Benito Lertxundi-ren Bihotz.
Dena den, ez pentsa grabazio berri hauek zuzenean aurkeztu gabe geratuko garenik, 7 kontzertu eskainiko ditugu 2017aren hasieran. Azken zuzeneko hauetara hurbiltzeko gonbitea luzatu besterik ez, beraz, eta gero gerokoak.
Aurri gara bira amaiera:
Urtarrila
12, Kafe Antzokia, Bilbo
14, Le Bukowski, Donostia
21, Gaztetxea, Mutriku
Martxoa
4, Gaztetxea, Andoain
10, Pagoa, Oiartzun
11, Portuko Ranpi, Ondarroa
17, Jimmy Jazz, Gasteiz