Durangoko Magdalena anaiek Txomintxo eta Perutxoren abentura berria kaleratu dute
Mugalari
Durangoko Azokako nobedadeeetako bat izan da. Peru eta Txomin Magdalenak “Txomintxo eta Perutxo maiteminduta” liburua aurkeztu dute. Etxeko gaztetxoenei zuzenduta idatzitako liburua da eta elkarrekin idazten duten bigarrena.
Perutxok eta Txomintxok jakin nahi dute zer demontre ote den maiteminduta egote hori, hain zoragarria omen dena. Neska-mutilak binaka beti elkarrekin ibiltzea omen da. Baina zergatik neska eta mutila? Eta zergatik bi bakarrik? Eta zergatik beti elkarrekin? Ipuin dibertigarria, aldi berean irakasbide ere izan daitekeena.
· Peru · Peru eta Txomin Magdalena. Durangarrak dira, 1980an jaio zen Peru eta 1983an Txomin. Ingeniaritza ikasi zuen Peruk, bere koadroekin erakusketak egin ditu, eta hainbat liburu idatzi: Lile, Hutsik, Ilania, Egia esan, Txomintxo eta Perutxo bakarrik geratu dira etxean, Txomintxo eta Perutxoren abenturak.
· Txomin · Txominek, aldiz, Humanitateak eta Enpresa ikasi zuen, Irakasletza ere bai, eta gaur egun horretan dihardu; ipuin-kontalari ibili izan da, literatur taldeen dinamizatzaile, eta ahal duenean surfa egiten du. Txomintxo eta Perutxoren abenturak ipuinak izan zen bere lehenengo liburua.
Iosu Mitxelena Oiartzungo Altzibar auzoan jaio zen 1972an. Bertako mendi inguru, erreka bazter, tailer eta kamioi erremolke artean edo aitona-amonen baserriko ganbaren barruan jolasten ibilitakoa, liburu honetako protagonisten antzera. Komiki eta ipuinen irakurle eta marrazkilaria txikitan, orduko zaletasuna bizibide bihurtu zuen gero, eskolako liburuak nahiz ipuinak ilustratuz eta bestelako marrazki-lanak eginez.