#MAITEDUGUAZOKA · Bisitariek euren abizenaren zabalpena Argentinan ezagutzeko aukera izango dute Argentinako Euskal Komunitatearen erakusleihoan
Mugalari
Argentinako Euskal Komunitateak erakusleihoa izango du lehenengo aldiz Durangoko Azokan. Horrez gain, hainbat berbaldi antolatu dituzte: euskararen egoera Argentinan, gaur egungo euskaldunen errealitatea Argentinan, Ekin argitaletxearen lanen aurkezpena eta abar.
Durangoko Azokako 51. edizioaren montaketa-lanak hasi dira Landako Gunean. Atzo, azaroak 24, hasi ziren aurten izango ditugun 246 erakusleihoak montatzen eta azoka gorpuzten. Stand horien artean badira urtero-urtero hutsik egin ez dutenak (Euskaltzaindia, Jakin, Erein, Txertoa…), eta badira lehenengo aldiz Azokara etorriko direnak ere.
Berbarako, aurten Argentinako Euskal Komunitateak stand bat izango du lehen aldiz, iaz Bartzelonako Euskal Etxeak hasitako bidea jarraituz. Durangoko Azokak bultzatu zuen iaz euskal etxeen presentzia kulturaren plazan, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzarekin elkarlanean, euskal unibertso osoarengana heltzeko asmoz. Aurtengoa, beraz, egitasmo honen bigarren urtea izango da, Argentinak Bartzelonaren lekukoa hartu ostean.
Argentinako Euskal Komunitateak hainbat argitaletxetako argitalpenak izango ditu ikusgai eta kontsultagai bere erakusleihoan, gai ezberdinei buruz: diasporan egindako bertsolaritza batzen duen liburua, Radio Euskadiren historia aztertzen duen lana, Agirre Lehendakariaren bizitzan oinarritutako eleberria eta abar.
· Zerbitzu interesagarria · Horrez gain, bisitariek zerbitzu interesgarri batez gozatu ahal izango dute stand honetan: euskal abizenen zabalkundea Argentinan jarraitzeko eta ezagutzeko aukera izango du bisitari bakoitzak, bertan egongo den ordenagailu baten bidez. Bisitariak ikusiko duen bezala, abizen askok Argentinan Euskal Herrian baino zabalkunde handiagoa dute gaur egun. Stand honen kudeatzaileak FEVA Argentinako Euskal Etxeko eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritzako kideak izango dira.
Azkenik, Argentinako Euskal Komunitateak ere hainbat solasaldi eskainiko ditu Azokako Areto Nagusian. Hitzorduak honakoak izango dira:
Abenduak 2, 14:00etan. «Gaurko Argentinako euskaldunak». Gaur egun Argentinan bizi diren euskaldunon arazoak eta errealitatea ezagutzeko solasaldia. Asier Vallejo, Kanpo Harremanetarako Idazkaritzaren zuzendariak gidatuta.
Abenduak 3, 14:00etan. «Argentinan euskaraz» egitasmoaren aurkezpena, Kinku Zinkunegi (HABE) eta Miren Arozarena (FEVA).
Abenduak 4, 14:30ean. «Ekin, argitalpen eusko argentinarrak». Gaia eusko argentinarra duten 4 titulu aurkeztuko dira. Lehen aldiz Ekin argitaletxe argentinarra Azokan egongo da. Sortzaileak euren lanak aurkezten egongo dira, Josu Legarretak gidatuta.