Mireia Izagirre eta Miren Eeles zornotzarrak berdintasunari buruz arituko dira azaroaren 25a ospatzeko Amorebietan
Mugalari
Amorebieta-Etxanok aurten ere bat egingo du Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunarekin. Berdintasun sailak hainbat ekitaldi antolatu ditu, egun hori gogorarazteko. Besteak beste, zineari buruzko mahaingurua, genero arloan aditua den Ianire Estebanez psikologoak bideratua; umeentzako ipuin-kontalaria; Zornotzako emakumeen arteko batzarra, musikaren inguruan izan dituzten bizipenak azaltzeko.
Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren programazioa datorren asteartean hasiko da, azaroak 15, zine-klubaren “El cine como espejo de la sociedad” izeneko zikloarekin; “Still Alice” filma proiektatuko da 20:00etan. Horren ostetik, eztabaida izango da, genero arloan aditua den Ianire Estebanez adituak bideratua.
Hilaren 19an, larunbata, autodefentsa feministarako tailerra antolatuko da (izena emateko epea itxita dago), honako helburuekin: emakumeen konfiantza garatzea, biktima rola saihestea eta arrisku egoerei aurre egiten ikasteko teknikak lantzea.
“Emakumeak eta musika” izenburu pean berdintasunari buruzko berbaldiak antolatuko dira Zornotza aretoan; bertan, Mireia Izagirrek eta Miren Eelesek, musika arloko profesionalek, hartuko dute parte. Bertaratzen direnei musikaren arloan izan dituzten bizipenak kontatuko dizkiete.
Azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna, kontzentrazioa egingo da indarkeria matxistaren kontra, eta erakundearen adierazpena irakurriko da; 13:00etan Herriko Plazan.
Arratsaldez, 16:00etatik 19:00etara, Zubiondo parkea gogoeta gune bihurtuko da, mutilek eta neskek egunero jasotzen dituzten mezuak aztertzeko, desberdintasuna eta botere-harremanak elikatu egiten dituzte-eta.
Horrez gain, udal liburutegian, larunbatean, azaroak 26, 12:00etan, umeentzako ipuin-kontalaria izango dugu: Ana Ipina. Hurrengo egunean, igandea, azaroak 27, Gaztetxokoan “Mustang” filma proiektatuko da, arratsaldeko 18:00etan. Azkenik, larunbatean, abenduak 3, Zelaieta Zentroa diskoteka bihurtuko da, Beldur Barik egitasmoak bereganatzen dituen edukiak lantzeko; 20:00etan.