#GUTUNA · DURANGOKO TXOSNA BATZORDEA: «Garaiak aldatu diren bezala, jai eredua ere aldatuz doa»
Testua · Durangoko Txosna Batzordea
Badira hiru aste jaiak bukatu zirela eta txosna batzordeko kideok jada egin dugu jaien balorazioa: egitaraua, herritarren parte hartzea, erasoen aurkako protokoloa, diru kontuak, etab. Ez da lan makala izan! Gainera, uste dugu garrantzitsua dela gogoratzea azken honekin,
lortutako irabaziekin, herri mugimendua hauspotzen dugula urtez urte, eta ez gure poltsikoak. Izan ere, bagara izaera desberdinetako hamalau eragile eta beraz, txosnagunean ahalik eta jende anitzena batzea dugu helburu eta uste dugu lortu dugula. Jakin badakigulako,
txosnaguneari esker, jende andana hurbiltzen dela gure herriko festetara eta aurrera begira ere, gonbitea luzatu nahi diegu etorritakoei eta oraindik hurbildu ez den herritar orori.
Garaiak aldatu diren bezala, jai eredua ere aldatuz doa, baina dena dela, beharrezkoa da txosnagunea eta berau osatzen duen egitaraua sortzeko egin beharreko lana baloratzea, eta lanean dabiltzanekiko errespetua izatea, izan ere zenbait gertakari deseroso bizi ditugu lanean gabiltzanean. Aipatzekoak dira, txosnagunean izandako eraso sexistak eta honen aurrean, txosna batzordeak gertakari hauek salatzen jarraituko du, eraso gabeko txosnagune parekide bat lortu arte, duela urte batzuk eraso hauen aurka egiteko protokoloa aurrera eramanez.
Gainera aurten esfortzu berezi bat egin dugu hauek saihesteko asmotan, brigada feministak martxan jarriz gauero. Aurtengo jaiak bereziki luzeak izan dira, eta honek gastu ekonomikoen gorakada eragin du, baita lanean ibili garenon denbora zein esfortzua areagotzea. Dena dela, udalaren aldetik ez da ezer aldatu eta hortaz, bere horretan jarraitu du, beraien interesei men egiten dion egitarauan gehiegizko inbertsioak areagotuz eta herri mugimenduari laguntza murritzenak eskainiz; udaletxeak antolatutako jai egun erdiaren egitarauaren kostua txosnaguneko egitarau osoaren kostu berbera izanik. Horrekin batera, beste urte bete pasatu da eta oraindik Durangoko
txosnaguneak ez du leku finkorik, ez eta udalarekin batera hasi beharreko negoziazioren berririk.
Bukatzeko, eskertzekoa da auzokideek gurekin izandako tratua, udalera egindako joan etorri guztietan teknikariek izandako atentzioa, egunez zein gauez ardurak, zaintzak, barrako turnoak, brigada feministetan, egitaraua osatzen, elektrizitatearekin laguntzen, txosnagunea
muntatzen eta desmuntatzen, mahaiak eta aulkiak jartzen eta jasotzen… laguntzen aritu zareten herritar guztion ekarpena. Zuen lanagatik lortu dugu beste urte batez, jaiak herritik eta herriarentzat antolatzea. Gora zuek!