Astelehena,
2025ko Urtarrilak 20

MugaKultura

loader-image
Durango
9:53 pm,
temperature icon 9°C
Humidity 91 %
Ráfagas de viento: 18 Km/h

GUTUNA · EH Bildu Durango: «Etxebizitza askotan balio katastralaren igoera biziki handia izan da»

Testua · EH Bildu Durango

EH Bildutik prentsaurreko hau deitu dugu, etzi, hilak 10, onartuko den Ondasun Higiezinen gaineko Zerga arautzen duen ordenantzaren harira EH Bilduk Gobernu Taldeak sortutako arazo bat konpondu duela jakin arazteko.

EHBILDURANGO

 

Jakingo duzuen moduan, iragan ekaineko Osoko Bilkuran OHZ arautzen zuen ordenantza onartu zen Gobernu Taldea osatzen duten taldeen bozkekin. Urtea bukatzen dabilen honetan, ordea, ordenantza fiskalak berriro onartu beharra dago. Horren aurrean, eta ikusirik Ondasun Higiezinen gaineko Zergak zernolako zalaparta piztu duen (balio katastralen balorazio berriaren ondoren), ordenantza bera berraztertu beharra zegoela erabaki genuen. Horrela, Gobernu Taldearekin harremanetan jarri gara gure proposamenak beraiei helarazteko. Gure proposamenak 5 puntutan laburbildu daitezke:

1.- Karga tasa gehigarria 180.000 €tik gorako balio katastrala duten etxebizitzei soilik aplikatzea eskatu dugu. Ohiko tasa 0,205koa den bitartean, karga tasa 0,5ekoa izango da lehenengo urtean, eta 0,6koa 2018an balio gehien duten etxebizitzentzat. Alegia, aurrez, ekaineko ordenantzan, 140.000ko baliotik gorako etxebizitzetan ezarrita zegoen karga tasa pribilegiatua, orain 180.000tik gorakoetan soilik egongo da.

Moldaketa guzti hauek hasi baino lehen, 233 ziren karga tasa gehigarria ordaintzen zuten etxebizitzak. Diputazioaren berrazterketarekin eta ekainean onartutako ordenantzarekin 1.000 ingurura igotzen zen karga tasa gehigarriarekin ordaindu beharko luketen etxebizitza kantitatea. Baina EH Bilduk proposatutako aldaketekin, 358 etxebizitzara murriztu ahal izan da karga tasa gehigarria jasango dutenen zenbatekoa. Hala ere, karga tasa berezitua Durangoko 358 baliotsuenei soilik kobratu arren, balio katastralak asko igo direnez, pasadan urteetan baino %116 gehiago biltzea espero da 2017an eta %200 2018an. 110.000 € bueltatik, 236.000 € eta 328.000 € ingurura pasatzea espero bildutako dirua, hurrenez hurren.

2.- Ikusten den bezala, zerga honekin lortuko den diru sarrera handiago izango denez, aurrez zeuden diru-laguntzak mantentzeaz gain (irizpide sozialen arabera OHZ ordaindu ahal izateko), alokairu publikorako politikak sustatzeko bideratuko da gainontzeko diru sarrera osoa.

3.- Badakigu baina, etxebizitza askotan balio katastralaren igoera biziki handia izan dela. Hori dela eta, edozeinek izango du zerga hau ordainketa bereizietan egiteko aukera, horrek inolako interes gehigarririk suposatu gabe, dirua bere osotasunean urtean bertan (hurrengo urtean, adibidez, 2017an) ordaintzeko konpromisorekin.

4.- Horrez gain, ikusi izan dugu beste hainbat herritan, Elorrio, Zaldibar edota Berriz kasu, alegazioak egin izan direla herri gisa balio katastraletan dauden gorabeherak berriro aztertzeko. Alegazioak herri gisa egin ahal izateko aukera jada pasa den arren, herritarrek modu partikularrean egiteko aukera badago, beraz, hori erraztuko dugu Udal gisa. Horretarako, bulego bat jartzeko asmoa dago udaletxean, beraien balio katastraletan arazorik edo zerbait txarto egon daitekela uste duten herritar oro bertara joan eta modu partikularrean alegazioak sartu ditzan. Arlo honetan uste dugu Gobernu Taldeak ez duela zuzen jardun. Diputazioak proposatzen zituen guneak, balore katastralak berraztertzerakoan, politikoki lantzeko gai bat zen eta alegazioak egiteko modukoa.

5.- Azkenik, EH Bildutik mozio bat sartzeko asmoa daukagu azaroko Osoko Bilkuran salatzeko OHZri dagokion arau forala gaizki egina dagoela. Hori horrela izatearen arrazoia zera da, ez duela baimentzen zerga honen bilketa modu progresiboan egitea, hau da, gehien duenak gehien ordaintzea, eta gutxien duenak gutxien. Zerga honek, aurrez aipatu bezala, badu karga tasa bereiztua jartzeko aukera bat, baina zergaren bilketa progresibo baterako ez da nahikoa. Ez da nahikoa etxebizitza guztiak bi multzotan soilik banatzen dituelako: karga tasa arrunta eta pribilegiatua. Eta noski, honek ez du Durangoko (ezta Bizkaiko) etxebizitzen dibertsitatea kontutan hartzen. Hori dela eta, asmoa daukagu karga tasa desberdin gehiago barneratuko dituen OHZ bat eskatzeko, etxebizitza umilagoa duenak gutxiago ordain dezan, eta balore handikoagoa duenak, berriz, gehiago.

Beraz, bost puntu horietan oinarritutako negoziaketa bat abiarazi genuen. Arazo handi bat sortu zelako balorazio berriekin, eta bereziki, hainbat etxebizitza 140.000 €ko balioan sartu berri zirelako. Horrela, ordenantza aldatu ezean mila familia inguruk pagatu beharko luketen karga tasa gehigarria, lehen baino hiru aldiz etxebizitza gehiagok. Gure ekarpenaren ondoren, ordea, arazo hau konpondu egiten da: gehien dutenek gehiago ordaintzea ahalbidetzen da, eta gutxiago dutenek gutxiago; ordainketa hauek egiteko erraztasunak ematen dira, bai ordainketa zatika egiteko aukera bermatuz, zein diru-laguntzak jasoz; zerga honetatik lortuko den diru sarrera diru-laguntzetara zuzentzeaz gain alokairu publikoko politikak egitera ere bideratzea posible egiten da. Eta azkenik, Gobernu Taldeak seguruenik ez duenez onartuko gurekin batera mozioa sinatzea, EH Bilduk bere kabuz mozio bat aurkeztuko du, Batzar Nagusiei eskatuz arau forala alda dezatela, zerga honen aplikazioa eta diru-bilketa benetan irizpide progresiboez egin ahal izateko.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu