Abokatu bik lege-aholkularitza emango dute dohainik Abadiñoko kaleetan
Mugalari
· Informazioa emango dute azaroaren 22 eta 29an emakumeen eskubide, kontziliazio eta ardurakidetasun arloko gaiei buruz
Azaroaren 22 eta 29an bi abokatuk lege-aholkularitza emango dute dohainik Traña-Matienan eta Zelaietan, emakumeen lan-eskubideez, ardurakidetasunaz eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeek eskura dituzten baliabideez, besteak beste, Bardintasun Arloko zinegotziak, Yanire Morenok, gaur esan duenez.
Zerbitzua gizonei nola emakumeei zuzenduta dago, eta Udalak jarriko du martxan azaroaren 25eko Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren karietara. Emakundek eta Bizkaiko Foru Aldundiak abiatua duten “Abokatuak kalez kale” izeneko kanpainaren barruan sartzen da ekimen hori.
· Trañabarren kalean · Isabel Abella eta Silvia Concha abokatuak azaroaren 22an Matienako Trañabarren kalean izango dira 16:30etatik 18:30etara bitartean, eta azaroaren 29an Zelaietako San Trokaz kalean, ordutegi berdinean.
Bardintasun Arloko zinegotziak esan duenez, ekimen hau aurreko urteetan ere egin da, arrakastaz egin ere, eta bere bitartez Udalak herritarren jakinean ipini nahi ditu hainbat esparrutan dituzten eskubidek. «Eten bat dago lege munduaren eta herritarren artean, eta guk eten hori gainditu nahi dugu zerbitzu honen bidez, hala gizonek nola emakumeek erraz eskura dezaten informazio bat oso baliagarria gerta dakiekeena bizitzan», esan du.