Elorrioko Udala auzoetara hurbilduko da aurrekontu partehartzaileak lantzera
Mugalari
Udalak informazio puntuak jarriko ditu herriguneko hainbat auzotan, egun eta ordu ezberdinetan, herritarrekin harreman zuzena bermatzeko.
2017rako Aurrekontu Orokorretarako herritarren lehentasunak ezagutu asmoz, Elorrioko Udalak ‘Aurrekontu Partehartzaileak’ prozesua jarriko du martxan asteazkenetik aurrera. Berritasun modura, gobernu taldeko zinegotziak eta alkatea izango dira herritarrei hurbilduko zaizkienak kasu gehienetan, izan ere, Udalak informazio puntuak jarriko ditu auzoz auzo, egun eta ordu ezberdinetan, elorriarren iritziak jasotzeko. “Aurrekontu partehartzaileetatik haratago joan nahi dugu. Auzoetara hurbildu nahi dugu zinegotziok, eta bertan dauden irisgarritasun arazoak, proposamenak edota ekarpenak ezagutu nahi ditugu lehen pertsonan”, azaldu du Idoia Buruaga alkateak.
Prozesuaren lehen bilera asteazken honetan izango da, 19:00etatik aurrera, udaletxean. Bertan, herriko elkarte eta eragile ezberdinekin bilduko da gobernu taldea. Azaroaren 8an, berriz, gobernu taldeko kideak Kulotxa auzoan izango dira 17:45etik 19:30era bitartean. Azaroaren 9an landaguneko auzotarrekin bilduko dira udaletxeko bilkura aretoan.
· Informazio puntua · Hurrengo egunean, azaroaren 10ean, Urarka kalean jarriko dute informazio puntua, 17:30etik 19:30era. Astebete beranduago, azaroaren 16ean, Elorrioko herritar guztiei zabaldutako bilera egingo dute udaletxean 19:00etatik aurrera. Prozesua bukatzeko, azaroaren 17an Otsa kalean egongo dira, eta egun bat geroago, 18an, plazan izango dira goizean, merkatu eguna aprobetxatuz.
· Partehartzearen garrantzia · Prozesu partehartzaileei garrantzia eman nahi izan diote gobernu taldeko ordezkariek asteartean eginiko prentsaurrekoan. “Partehartzea gobernu talde honen ezaugarrietako bat da. Partehartzea ez da urteko azken hiru hilabeteetan herritarrei diru kopuru bat jartzea, horretaz haratago joan behar dugu, eta uste dugu bide onean goazela”, nabarmendu du Jon Ander Gracia Ogasun zinegotziak.
Modu presentzialaz gain, herritarrek www.elorrio.eus webgunearen bitartez erantzun ahalko dute helaraziko zaien galdetegia.