Ostirala,
2024ko Maiatzak03

MugaKultura

loader-image
Durango
11:26 am,
temperature icon 15°C
Humidity 54 %
Ráfagas de viento: 25 Km/h

«Aurten Pinondon izango dira txosnak baina honek ez gaitu aipatutako urteetako arazotik salbatuko»

PANTXIKI

Testua · Durangoko Txosna Batzordea

Urte hauetan zehar, leku batetik bestera mugitu dizkigute txosnak Durangon, nomadak lez. Pinondon, Tabiran, Kurutziagan eta Landakon egon izan dira azkenengo urteetan: txosnagune finko bat izan gabe. Leku aldaketei dagokien erabaki hauek udaletxeak hartu izan ditu, txosnak eta txosnaguneko egitaraua udalarenak ez diren arren. Izan ere, herri mugimenduko hainbat eragile desberdinek osatutako Txosna Batzordea da proiektu hau aurrera daramana urtez urte.

Txosna DURANGO copia

Argazkia · Iban Gorriti

Iaz, txosnagune finko baten aldeko aldarrikapena zabaldu genuen herrian eta aurten ere, lema horrekin bat gatoz. Izan ere, Pinondotik Landakora bidali gintuzten pasa den urtean, gure egoera eta nahiak kontutan izan gabe. Ez genuen beste aukerarik izan; udalak ez zigun leku bat lehenesteko edo hautatzeko aukerarik eman, eta beraz, txosnak Landakon jartzea inposatu ziguten.

Herritik eta herriarentzat antolaturiko jaietan udaletxeak elkarlan bat bultzatu beharko lukeela uste dugu eta beraz, txosnen espazioa udalak eta herritarrek erabaki beharreko kontua dela, beti ere, herriaren mesedetara izanez. Txosna Batzordetik, Pinondo izan da beti hobetsitako gunea eta gainera, udalarentzat ere aproposa dela badakigu; auzokide gutxi izateaz gain, beharrezko instalazioak martxan jartzeko (kontuan izanik lan hau udalaren laguntzaz eta baliabideez aurrera eraman beharrekoa dela) espazio egokia da guztiontzat.

Aurten Pinondon izango dira txosnak baina honek ez gaitu aipatutako urteetako arazotik salbatuko. Izan ere, iazko inposaketaren haritik, udalarekin negoziazio bat hasteko erabakia hartu genuen, txosnagune finko bat lortzeko helburuaz. Urte bete pasa da jada, eta oraindik ez dugu udalaren berririk, beraz, berdinetan jarraitzen dugu. Ezer ez da aldatu; urteroko baimen eta tramite guztiak egin behar izan ditugu, jada egina izan beharko lukeen lana dela deritzogun arren. Gainera, udalarekin harremantzeko zailtasun ugari ditugu; erlazio hotz eta urrunak dira. Guk gure betebehar izendatzen dituzten hauek burutzen ditugu urtero baina udalak bere horretan jarraitzen du; diru “laguntza” berandu heltzeaz gain oso urria da, ez da nahikoa. Eta honekin batera, urteroko finantza itzulpenaren berandutzea. Gainera, eta aurten bereziki, guk gure kabuz, udalaren inongo laguntza gabe egin beharreko gauzak areagotu egin dira;  herriarenak diren baliabideak murriztea erabaki duelako udaletxeak eta beraz, beste bide batzuk hautatu behar izan ditugu, denbora zein diru aldetik esfortzu bat suposatu dizkigutenak besteak beste, eta bitartean, diru “laguntza” horrek bere urritasun horretan jarraitzen du.

Finean, udalak ez du inongo gogo ezta intentziorik adierazi Txosna Batzordearekin elkarlanean jai herrikoiak eraikitzeko. Hala izan da urte luzeetan zehar, ze, ikusi izan dugu udala ez dagoela herritar guztioi entzun eta erantzuteko prest, ez eta herriko eragile guztiei. Herriko espazioak eskatzeak adibidez, guztiontzat ez du lan berbera suposatzen. Batzuentzat bidea nekezagoa izan ohi da; baimen ugari betebehar izatearen lana eta denbora, erantzunen atzerapenak, seguruen kontu konplexuak, laguntza urriak, etab. Eta hau guztia zergatik? Ze interes daude guzti honen atzean? Urte luzez ikusi izan dugu udalak ez duela inongo arretarik izan herri mugimenduarengan, eta gaur ere egoerak bere horretan jarraitzen duela argi ikusi dugu.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas:

Bilatu