‘Brigada Feministak’ Durangoko txosnagunean
Testua · Durangoko Bilgune Feminista
Durangoko Txosna batzordeak Mugimendu Feministarekin batera, urteak daramatza jai giroan ematen diren eraso sexistak ekiditeko lanean. Protokoloak landuz, prebentzioa landuz eta paisaia erasoen kontrako sinboloekin josiz. Gure akatsetatik ikasiz, beharrei gero eta zehatzago erantzuteko ahaleginean gaude.
Hori guztiori dela eta, aurten, Mugimendu Feministaren tresna izan diren Brigada Feministak abian jarri ditugu. Ez ditugu guk asmatu, ez. Durangoko Txosnagunera egokitu dugu beste batzuk egin bezala (Durangoko Ibilaldia, Hernaniko sagardotegi garaia, Euskal Herriko zenbait txosnagune…).
Gure kasuan, Brigada Feministak· , txosnagunean eta inguruetan ematen diren eraso sexistak ekiditeko lana egingo duten emakume taldeak dira. Sinbolikoki, gure iruditegietan emakumeen irudi ahul hori apurtu, eta gaua, festa, jaiak… gureak ere badirela errebindikatuko dugu gune hori zainduz. Hau egiteko, txosnagune guztia dugu aliatu, brigadak emakume talde horiek egingo badituzte ere, txosnagunea osatzen duten eragile guztiak honekin konprometiturik daude.
Txosnetako eragile desberdinetako emakumeak zein antolatuta ez dauden emakumeak izango gara. Oro har, mugimendu feministaren aliatuak diren emakumeak: gazteak, heldu edo zahar daudenak, bertako betidanik, herrira etorri berria edo alboko herrikoa izan. Gauero 10-15 lagun ibiliko gara zaintza lan hauetan. Parte hartu nahi duenak gurekin harremanetan jartzea besterik ez du egin behar. Email honetara durangokobf@gmail.com idatzi eta txanda bat proposatuko diegu. Taldeka zein banaka apuntatu ahal dira.
Lan berezi hau aurrera ateratzeko, zenbait hausnarketa saio egin ditugu txosnabatzordeko bileretan. Brigadak antolatzeko aldiz, saio bereziak daude, hona hemen, atzo egindako bileraren argazkia.