Astelehena,
2024ko Ekainak17

MugaKultura

loader-image
Durango
3:05 pm,
temperature icon 30°C
Humidity 26 %
Ráfagas de viento: 25 Km/h

Enrike Renteria pintura-lehiaketaren XIX. edizioa egingo da asteburu honetan Amorebieta-Etxanon

Mugalari

Bizilagun ospetsuenetako bat omenduko du beste behin Amorebieta-Etxanok: Enrike Renteria margolaria. Hala, igandean, uztailak 10, Enrike Renteria Pintura Lehiaketaren XIX. edizioa egingo da udalerrian. Zornotza Arte eta Kultura Elkarteak (SACZ) antolatu du lehiaketa, Ametx udal-erakunde kulturalaren laguntzarekin.

Lehiaketan parte hartzeko bi modu daude: aire zabalean egiten den ohiko lehiaketa eta «Zintzilik» lehiaketa, herriko balkoietan ikusgai jartzen diren lanik onenak saritzen dituena. Azken horiek lehiaketaren eguna baino lehen egiten dira eta gaur hasi eta herriko jaiak amaitu arte egongo dira ikusgai.

Enrike renteria

Enrike Renteria.

· Pintura lehiaketa · Amorebietako hirigunea eta Etxanoko gune historikoa izango dira aire zabaleko pintura- lehiaketa lanetarako kokalekuak. Parte-hartzaileei aldez aurretik jakinaraziko zaie bertan garatu beharko dituzten gaiak. Parte-hartzaileek Zelaieta zentroan zigilatuko dituzte oihalak goizeko 9:00etatik 11:00etara. Hamalau urtetik gorako parte-hartzaileek 15 euro jasoko dituzte. Lehiakide bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du. Bakoitzak nahi dituen teknikak eta neurriak erabili ahalko ditu, eta lanak arratsaldeko 16:00etatik 17:00etara bitartean entregatu beharko dira. Epaimahaia honako hauek osatuko dute: SACZek izendatutako bi kritikari, Ametxek izendatutako beste kritikari bat eta SACZ elkarteko bazkide bat. Irabazleen izena 18:00etan jakinaraziko da Zelaieta zentroko entzunaretoan.

Guztira zazpi lan sarituko dira: Lehenengo saria 500 eurokoa izango da; bigarrena, 400 eurokoa; hirugarrena, 350 eurokoa, eta laugarrena, bosgarrena eta seigarrena, 300 eurokoak. Horrez gain, 200 euroko accesit bat emango zaio tokiko obrarik onenari.

Haurrei dagokienez (14 urtetik beherakoak), lehenengo saria lortzen duenak margotzeko asto bat eta margo-kutxa bat jasoko ditu. Bigarren eta hirugarren postuan geratzen direnek, berriz, margo-kutxa bana jasoko dute.

Lan saridun guztiak antolatzaileen esku geratuko dira eta uztailaren amaierara arte ikusgai jarriko dira Zelaieta zentroko erakusketa-gelan.

·Zintzilik · Herriko balkoietan ikusgai jartzen diren lanik onenak sarituko dituen “Zintzilik” arte esekiaren lehiaketako epaia ere igandean jakinaraziko da, 18:00etan.

Horretarako, parte-hartzaileek, izena ematearekin batera, 1,30 x 1,50 metroko olana jaso dute. Edozein gai jorratu daiteke, baina margo iraunkorrak erabili behar dira, eguraldi txarrari aurre egite aldera; izan ere, lanak Zornotzako hiriguneko balkoietan jarriko dira ikusgai.

Lanak uztailaren 2ra bitartean entregatu ziren, eta antolatzaileek dagoeneko aukeratu dituzte hiriguneko balkoietan zintzilikatuko diren lanak. Epaimahaia honako hauek osatzen dute: SACZek izendatutako bi kritikari, Ametxek izendatutako beste kritikari bat eta SACZ elkarteko bazkide bat.

Parte hartzaileen artean lau sari banatuko dira: 400 euroko lehenengo saria, 300 euroko bigarren saria, 200 euroko hirugarren saria eta herritar batek egindako lanik onenaren saria, hori ere 200 eurokoa.

· Enrike Renteria · Enrike Renteria Mardaraz Larrean (Amorebieta, Bizkaia) jaio zen, 1900eko otsailaren 9an. Autodidakta izan zen eta Kaitanako eskolan ekin zion margotzeari.  1924an, Juan Gorbeak eta Athleticeko kapitaina zen Luis Icetak, Renteriaren lana ikusita, Isidoro Guinea eta Antonio Guezala margolariei erakutsi zieten.   Urte hartan bertan sartu zen Euskal Artisten Elkartean eta bertan iraun zuen bazkide, 1937an elkartea desagertu zen arte.

Bokazioko margolaria izan zen Renteria. Bere hartan eutsi zion jarrera hari eta gogor egin zuen borroka margotzen jarraitu ahal izateko. Renteriak, pintore lanetan murgilduta, beti eskaini zien arreta berezia naturak bere dituen ñabardurei. Horrela, distira, isla, euriaren hezetasuna, egunsentiko behe-lainoa edota ezkutatzera doan eguzkiaren epeltasuna dira, besteak beste, bere lanetan islatzen diren elementuetako batzuk. Aire zabalean, ñabardura guzti-guztiak islatuz.

· Enrike Renteriaren koadro baten berreskuratzea · Enrike Renteriaren omenez egiten den lehiaketarekin bat eginik, Amorebieta-Etxanoko Udalak Renteriaren koadroetako bat erosi berri du. Artistak udalari emandako baten antzekoa da, baina udal-bulegoetatik lapurtua izan zen.

Amorebietako Andra Mari elizaren koadro bat da, 1968koa eta 91 x 58 cm-ko neurriak dituena. Udalak 5.000 euroren truke eskuratu du. Hala, galera historiko bat ordezkatu da eta udal-ondarearen berreskurapenean aurrera egin da.

YKEAI DEPORTES

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu