Igandea,
2024ko Maiatzak05

MugaKultura

loader-image
Durango
7:59 am,
temperature icon 17°C
Humidity 72 %
Ráfagas de viento: 52 Km/h

Haizetara banden eta kale musikaren XI. edizioan nazioarteko hamar bandek parte hartuko dute Amorebieta-Etxanon

Mugalari

Amorebieta-Etxano musikaz beteko da berriro ere Haizetara nazioarteko jaialdiari esker. Musika dagoen guztietan Amorebieta-Etxanon gertatzen den bezala, alaitasuna, aisialdia, topaketak eta dibertsioa izango dira nagusi.  Jaialdiaren XI. edizioa asteburu honetan izango da, ekainak 24-26, eta nazioarteko kaleko musikaren arloan jaialdirik sendoenetariko bat bihurtu da.  

Haizetara banden eta kale musikaren jaialdiak edizio honetan banda bat gehiago izango du lehiaketan. Horrela, guztira hamar izango dira.  Lehiaketa dela-eta, gero eta gehiago dira herrira hurbiltzen direnak, batez ere eguerdi parean. Hori dela eta, antolatzaileek parte hartzaile kopurua handitzea erabaki dute.  Ordutegiak ere aldatu egingo dira apur bat bertaratzen direnek kontzertu gehiagotara joateko aukera izan dezaten.

IMG_20160621_112251

Jaialdiak lehiaketa bat du oinarri. Parte hartzaile guztiek banda onenari ematen zaion sariarengatik lehiatzen dira (10.000 euro) eta baita instrumentista onenari ematen zaion sariarengatik (1.000 euro). Honetarako izendatutako epaimahai espezializatu batek ematen ditu sari hauek eta publikoaren saria, 4.000 euro, herritarren botoekin aukeratzen da.

· Gastronomia guneak · Musikaz gain, gastronomia ere jaialdi honetako protagonistetariko bat da.  Gastronomiak lau gune izango ditu:

  • Zelaieta parkean Uxarte herriko sagardotegiak sagardotegi bat jarriko du, ohiko eskaintzarekin. Amorebieta-Etxanon egindako sagardoa, sardinak, txingarretan egindako saiheskia…
  • Zubiondo plazan garagardotegi bat jarriko da Alemaniako garagardotegietan egoten diren ohiko produktuekin: ukondoa, haragi pastela, saltxitxak…eta, nola ez, garagardoa.
  • Gernika plazan euskal taberna bat jarriko da, baserriko produktuekin: taloa txorizoarekin, piperrak…
  • Ohiko txosna bat ere egongo da janari eta edari eskaintza zabalarekin. Zornotza Saskibaloi Taldeak jarriko du Herriko Plazan.

Lehiaketan parte hartuko duten bandak lau gune hauetatik igaroko dira, giro ederra sortuz. Hain zuzen ere Haizetara jaialdiaren ezaugarri bat da hori, kalean eta kaleaz gozatzea.

· Parte-hartzaileak · 

  • Farra Fanfarra (Portugal) Musikari eta animatzaile portugaldarren taldea da, euforia kolektiboan eta energia positiboen transmisioan espezialitate maila altukoa, musika akustikoa eta haize eta perkusio musika-tresnen boterea erabilita horretarako. Erritmoaren indarra eta zirku saio bariatuak konbinaturik, gertaera bakarrak eta aldez aurretik asma ezinezkoak dira Farra Fanfarraren emanaldi guzti-guztiak.
  • Builders Brass Colective (Madril) Musikari talde honen eraginez, oinak ezingo dira geldirik lotu, New Orleasneko second linetik abiatu eta hip hopera, funkera edo dub stepera iritsiz. Bizilekua Madrilen duten musikari gazte talde batek osatuta dago banda, eta esperientzia zabala dute nazio eta nazioarte mailako eszenatokietan, hainbat taldetan jardun baitute.  Irratiko klasiko handien bertsioak eta euren gaiak, barreekin eta giro bikainarekin nahastuta, horixe da Builders Brass Colective, musikaren langile-taldea, monoa jantzirik zimenduetatik hasi eta jaia eraikitzen duena, hurbiltzen zaizkien guztiak teilatu gainean dantzan uzteraino.
  • The Farra Marching Band (Euskadi) Bertokoak, Vitoria-Gasteizkoak. Bost musikarik osatzen duten talde honek jazz, dixieland, marching band, funk… errepertorio bariatua eskaintzen du, horrekin batera dibertsio dosi handiak, ikusleekiko elkarreragina eta, guztiaren gainetik, interpretazioan kalitate maila altua bermaturik. Estandar handien bertsioak eta, horiekin batera, jatorrizko errepertorioa eskarmentu handiko musikarien eskutik. Kaleko musika, etengabe dantzan jarduteko, benetako “brass banda”, talde txikien eragingarritasunarekin bai, baina banda handien potentzia eta energiarekin ere bai.
  • Brass Street Boys (Mexico Hiria) Jazz soinua, funk zaporea eta elektro usaina ditu Brass Street Boys taldeak. Mexiko Hiritik datozkigu, eta fanfare edo fanfare festive izenez ezagunak diren brass kale-banden musikarekiko interesak batu zituen talde gisa.
  • Camillocromo swing orchestra (Italia) Toskanako boskote hau Haizetara jaialdiaren bigarren edizioan ere gurekin izan zen. Florentziako talde bitxia eta nabarmena da, swing eta zirku soinuak dakartzana, eta muga egonkorrik gabeko sormena maisuki hedatzen dakiena. Orkestra dotorea, ikusleak magia eta fantasiazko mundura daramatzana.
  • Balcony Players (Holanda, Belgika, EEBB…) Energia handiko folka dakarkigu. Errepertorioa ere kultura anitz horien isla da: gipsy musika tradizionalaren, juduen musikaren eta mundu guztiko folkaren nahastea, soinu berezi eta kolorista sortzeko.
  • The Busquitos (Holanda) Holandako jazz laukote bikaina, ikusleekiko elkarreragina lantzen duena eta benetako jazza entzun eta gozarazteko gai dena, baita mota horretako musika entzuteko ohitura ez dutenei ere.
  • Band of streets (Hungria) Retro diskoaren musika eraginaz eta Brass bandetarako eta megafonorako orkestraturiko pop hitekin, 2011n sortu zen banda hau Hungariaren hegoaldean. 90eko hamarkadako doinu arrakastatsuek, klubetako abestiek, 7 haize-instrumentu eta 2 perkusiorako egokituek, osatzen dute taldearen errepertorioa.
  • El Fecha Negra (Alemania) 2014an Alemanian sortutako kultura anitzeko banda da El Flecha negra (Txile, Peru, Alemania…). Cumbia, reggaea eta Swing rancheraren arteko jolasa da euren musika. Irudimenezko pertsonaia da El Flecha Negra, abestien bidez bizidun gerta daitekeena.
  • Los Boozan Dukes (Catalunya) Ez dira swing jotzera mugatzen, eta estilo nahasketa gauzatzen dute: creole stomp, Calypso, second-line, voodoo-blues music… Bartzelonan dute bizilekua, nahiz eta hainbat naziotako kideek osatua den taldea.

 · Haizetara · Haizetara jaialdia duela hamar urte jaio zen Amorebieta-Etxanoko Udalaren eskutik eta San Juan inguruko asteburu batean ospatzen da. Herriko artxibo historikoetan jasotzen den bezala, San Juanetan musika kalean bizi-bizi egoten zen. Jaialdi honetan Udalak XX. mende hasieran musika San Juan suarekin lotzen zuen jai-giroa berreskuratu nahi du. Honek berebiziko garrantzia izan zuen batez ere 1913. urte inguruan.

Herrikoak eta eskualde guztikoak erakarri nahi ditu Haizetara jaialdiak. Musikaren arloan dabiltzanei ere zuzenduta dago, jaialdiaren bidez munduko beste leku batzuetan kaleko musika taldeek zer egiten duten ezagutzeko eta azken joerak eta joera berritzaileak ezagutu ditzaten.

Zure publizitatea Mugalarin ikusten da

Bagoaz Bidaiak · Matiena · Abadiño

BANNER MUGALARI BAGOAZ 1

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu