Larunbata,
2024ko Uztailak27

MugaKultura

loader-image
Durango
6:02 am,
temperature icon 18°C
Humidity 98 %
Ráfagas de viento: 3 Km/h

Ander Goñi · ‘Nire lehen triatloia’

Ander Goñi

Ander Goñi

Nire lehen triatloia. Bezperan zerrenda (luzea demonio) eginda, goizeko 7tan Donostiarako bidean.

ander goñi

Bizikleta, uretako betaurrekoak, neoprenoa, txanklak, bizikletako oinetakoak, lasterrerako oinetakoak, kaskoa, dortsalerako zinta, xaboia eta toalla.

Donostian aparkatuta, dortsalaren bila. Sobretxoan igeri gorroa bere zenbakiarekin, kaskorako pegata bi, bizikletan itsasteko pegata eta dortsala. Hau guztia bere lekuan jarrita, rotuladorearekin beso eta zangoan zenbakia idatzi didate.

· Boxetara · Morroi batek kaskoa eta bizikleta ikuskatu dizkit eta federazio-txartela erakutsita, boxetara (triatloi probaren sancta-santorumera) sarbidea eman didate. Zangoan ipintzeko txipa eskuratuta, niri egokitutako lekura bideratu naiz.

Bizikleta barran eskegi, kasko, zinta eta dortsala manillarean eskegita utzi, bi oinetako parea bizikletaren ezker-eskuin utzi eta ai…. naturaren deia. Ez naiz bakarra. Ondarreta ondoan irekita dagoen kafetegi bakarraren komunak lepo daude. Danok ere urduritasunak eragiten duen hustu beharraren gatibu.

Neoprenoa soinean jarri, gorro eta uretako antiparrak hartuta, maletoia konsignan utzi eta hondartzara. Epaile batek esan dit  gorroa buruan dugula gerturatu behar garela irteera lekura. Hau arau mordoa!

Argazki batzuk atera, pelotoi atzealdean kokatu, irteeran ezker-eskuin ditudan lagunei bostekoa eman, eta tronpetazoa entzutearekin batera, uretara!

· Zapore gazia · Sekula itsasoan igeri egin gabe, zapore gazia izan da lehen sentsazioa. Gero, aurrekoaren ostiko eta ondokoen besokadadak saiesteko nahiko lan. Lehen ziaboga pasata, gauzak hobera egin dute: nire aurrean nolabaiteko pasillo bat zabaldu da eta noizbehinka hurrengo ziaboga ikusteko burura jasota, aurrera egin dut. Arnasa eta erritmoa normalduta, aurrera. Hirugarren luzean (azkenekoan), morroi bat parean nuela hondartzaratu naiz; zoruko area ikusita, zutik jarri eta neoprenoa askatzeko kremailera ezin askatu, lasterrean (edo) gure santutegira, boxetara.

Alako batean ohartu naiz nire Garmin GPS-txatxian ez dudala “LAP” botoia sakatu eta lehen trantsizio honen datuak alamodukoak izango direla… (bigarren trantsizioan ere ahaztu egin dut ditxosozko botoiari sakatzea). Soineko neoprenoa kendu, kaskoa, dortsala eta oinetakoak jantzi, bizikleta hartu (profesionalak bezala jarlekutik ebatuta) eta lasterrean bizikleta gainera salto egin baimendua dagoen lekuan.

· Indarrak · Nire Alan Super Alu LS (1980 urteko bitxia) gainean, segituan ohartu naiz ni baino azkarrago doazela lehiakideak. Hainbatek aurreratu naute baina nik neureari eutsi diot. Ez dut gehiegi estutu nahi; proba amaierarako indar apur bat nahi nuke izan.

Halako batean, baserri arteko bidexkak zerurako norabidea hartu du (ciclismo extremo dio batek). “Hau izango da Igeldorako aldapa beldurgarria” pentsatuta, bizikleta gainean zutitu eta ezker-eskuin balantzaka, aurrera egin dut. Bizikletatik jaitsi den baten bat aurreratu dut eta martxa-palanka “modo navarro”-n jarrita, nire buruari esan diot aldapa madarikatua bizikletatik jaitsi gabe igoko dudala. Esfortzuari ukitu epikoa emateko, antolakuntzak aldapa amaieran paratutako bozgorailuan kanta martxosoak ozen-ozen entzuten ziren.

· Igeldon · Igeldoko kanpin parean tontor egin eta beherako bidea hartu dut. Hemen izan dut txirrindulari batzuk pasatzeko aukera. Mendiko bizikletan egin oi dudan bezala jaitsi naiz, kaminoko bizikletako gurpilak askoz ere estuagoak direla erreparatu gabe, eta eskuinera egiten zuen bihurgune batean, antolakuntzako kide baten izu aurpegian ikusi dut azkarregi nindoala. Balaztak sakatu eta derrape batzuk eginda, nola edo ala, bihurgunea gainditu ahal izan dut. Jaitsiera amaitu eta boxetara ailegatu naiz, “sano eta salbu”.

Kasko eta bizikletak utzita, zapatilak janztekoan ohartu naiz lokarriak lotuta utzi ditudala… buff flipatleta berriaren ajeak… pazientziakin kordelak askatu, zapak jantzi eta lasterrera!

Hasieran, hankak kexaz hasi badira ere, tipili-tapala, bost kilometroak egiteko gauza izan naiz, ikusle eta antolatzaileen animoak lagun. Helmugaratu, taldekide, seme (15 minutu atera dizkindan eskertxarrekoa) eta lagunak agurtu, zerbait jan, argazkiren bat atera, dutxatu eta akabo.

 

aNDER 4

Ikusi eta ikasitakoak:

  1. Antolakuntza bikaina. Bidegurutze guztietan zegoen zaindariren bat (%99 neskak) eta zaintzeaz gain, etengabe animoak ematen!
  2. Triatloi batean igeri-bizikleta-laster egin behar dela esaten badizute ere, ez da egia. Zuzenago litzateke “Ur borroka greko-erromatarra”-alpinismo-laster egitea.
  3. Bizikletan (kaminokoan) gehiago ibili beharra dut hurrengo baterako.
  4. Ez naiz uniforme zalea, baina hurregorako, nire taldea den Mugarra Triatloi Taldeko mono bat lortu beharra dut.TOP BANNER PABLO ARANDA
Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu