Elorrioko Udalak emakumeen genitalen mutilazioaren aurkako mozioa onartu du
Mugalari
Otsailaren 6a ‘Emakumeen Genitalen Mutilazioaren Kontrako Nazioarteko Eguna’ izanik, Elorrioko Udalak aho batez onartu zuen mozioa azken osoko bilkuran.
Elorrioko Udalak emakumeen genitalen mutilazioaren aurkako mozioa onartu du aho batez otsailaren 2an izandako azken osoko bilkuran. Euskal Autonomia Erkidegoan mutilazioa jasateko arriskuan egon daitezkeen neska gazteen kopurua 800 pertsona ingurukoa dela azaldu du Gobernu Taldeko Aratxu Uriarte Berdintasun zinegotziak.
Hau da osoko bilkuran irakurri zen testua:
Otsailak 6 Emakumeen Genital Mutilazioaren Nazioarteko Eguna dugu. Munduan hiru milioi neskatok urtero Emakumeen Genitalen Mutilazioa (EGM) jasaten dute: 6.000 neskato egunero. Iaz Emakundek iragarri zuen Euskal Autonomiadun Erkidegoan mutilazioa jasateko arriskuan egon daitezkeen nesken kopurua 800 ingurukoa dela.
EGM kontzeptuan osasun-erabakiekin lotuta ez dauden arrazoiengatik emakumeen organo genitalak kaltetzea helburu duen edozein prozedura sartzen da. Ohitura horiek sexu- eta genero-diskriminazioan oinarritutako ohiturak dira. Ondorioz, EGM jasaten duten emakumeek bizitza osoan ondorio larriak pairatzen dituzte. Era berean, Nazioartean adostasun dago (UNICEF, Nazio Batuen Erakundean…) praktika horiek neskatoen eta emakumeen giza eskubideak urratzen dituztela: osasun-, segurtasun-eskubideak, tortura eta tratu txarrik ez jasateko eskubidea, bizitza-eskubidea…
Elorrion ez dugu emakume eta nesken aurkako horrelako erasorik onartzen; horregatik, gaur praktika horiek salatzeaz gain, konpromisoa hartzen dugu Durangaldeko indarkeria matxistari aurre egiteko erakundeen arteko protokoloan Istanbuleko Hitzarmena kontua har dezan, egoera horiei aurre egiteko ekintzak egin daitezen eta ardura politika dugunok zein profesionalok prebentzio- eta arreta-lana ahalik eta egokien egiteko errekurtsoak jartzeko.
Etiquetas: Elorrio