Astelehena,
2024ko Abenduak23

MugaKultura

loader-image
Durango
12:45 pm,
temperature icon 11°C
Humidity 83 %
Ráfagas de viento: 40 Km/h

Durangoko Azoka (‘DA!’) datozen 50 urteetako historia idazten hasi da

Mugalari

· Jose Luis Zumetak egin du aurtengo edizioko kartela. Ilusioz jaso zuen eskaria, eta jendea erakartzea izan da bere helburu nagusia

· Azokak bere 50 urteko ibilbidea liburu batean bilduko du. Jesus Mari Arruabarrena eta Joseba Sarrionandia dira egileak

· Argizaiola Saria Durangoko Azokako sortzaileek jasoko dute.

· Durangoko Azokak irudi marka berria izango du aurrerantzean: DA!

Durangoko Azokak urteurren borobila ospatuko du aurtengo edizioan. Kulturaren plazak 50 urte beteko ditu: 50 urte euskal kultura geroratzen, 50 urte idazten, kantatzen, gogoetatzen, gozatzen, eztabaidatzen, ospatzen. 50 urte… eta beste 50 urte euskal kultura bizitzen!

AZoka 2015 IBAN 2

ARGAZKIA · Iban Gorriti

 

Edizio hau aurkezteko prentsaurrekoa antolatu du Durangoko Azokak gaur, urriak 21, Landako Gunean. Bertan izan dira Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentea, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria eta Aitziber Irigoras Durangoko alkatea. Horrez gain, Durangoko Azokako guneetako ordezkariak eta babesle pribatuak ere egon dira: Ixone Zubieta (BBK), Jose Miguel Mera eta Jose Antonio Yela (Eroski) eta Izartza Zorrozua (Euskaltel).

Edizio berezi honek ohikoa baino egun bat gehiago izango du: abenduaren 4tik 8ra ospatuko da, eta, azken urteetan legez, hainbat gunetan banatuta egongo da –Areto Nagusia, Szenatokia, Irudienea, Kabi@, Ahotsenea, Saguganbara, Plateruena eta Azoka TB–. Landako Gunea izango da Azokaren bihotza, baina beste urte batez, Azoka Durango osora zabalduko da, guneen bidez.

AZoka 2015 IBAN 7

ARGAZKIA · Iban Gorriti

«XXI. mendeko Euskadik XXI. mendeko Azoka behar du». Hala baieztatu du Cristina Uriarte Kultura sailburuak, Azoka gure kulturaren ispilua dela azpimarratuz. Norabide horretan, Azokak bere burua eguneratzen jakin duela nabarmendu du Uriartek. Ana de Castrok ere adierazi duenez, Azoka «kultura eta gizarte kohesioa indartzeko» ezinbestekoa da, eta ekimen pribatu eta publikoaren arteko elkarlana garrantzitsutzat jo du. Durangoko alkate Aitziber Irigorasek, ostera, Gerediaga elkartearen ekarpena eskertu du «egunerokotasunean egiten duen lanagatik», eta gonbidapen zabala egin die herritarrei «gurera etortzeko, ez bakarrik ikustera, baizik eta parte hartzera».

50. edizioa esanguratsua izango da Durangoko Azokarentzat. Hala azpimarratu du Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak. Eta bere helburua, honakoa: urteurrena ospakizun bihurtzea, erakunde, kulturgile eta euskal herritarrekin batera. 50. urteurren honetan Azokak atzera begirakoa egingo du, baina hurrengo 50 urteetan begirada jarriz, datozen 50 urteetako historia idatzi nahi duelako.

AZoka 2015 IBAN 4

ARGAZKIA · Iban Gorriti

50. urtean, frankismo bete-betean, Gerediagako kideek kemena eta erabakimena izan zuten lehenengo Azoka hura antolatzeko. Bost hamarkada igaro dira ordutik, eta Durangoko Azoka euskal kulturaren eta gizartearen bilakaerarik gabe ulertu ezin den bezala, euskal kultura eta gizartea ere ezin da Durangoko Azokarik gabe ulertu. 50 urte hauek egin gaituzte, eta 50 urte hauek egin ditugu.

Duela mende erdi Gerediagako kideek zehazki eta euskal kultur mugimenduak izan zuten erabakimen eta kemen berbera behar du orain Azokak, hurrengo urteetan izango dituen erronkei aurre egiteko:euskal kulturaren ikusgarritasuna Euskal Herrian eta munduan; belaunaldi euskaldun berrien parte-hartzea sorkuntzan, zaletasunean eta kulturgintzan; herri-ekimenak, erakundeek, industriak eta hedabideek estrategiak partekatzea; eta abar.

Erronka horiek eta datozen urteak gogoan, Durangoko Azoka buru-belarri ari da lanean: gazteak Azokara erakartzeko lanketa berezia eginez; Azokako gaur egungo guneen eredua indartuz; eta Azokaren erronkak herri-ekimen, erakunde, industria eta hedabideekin partekatuz, euskal kulturgile eta herritar guztiei helarazteko asmoz.

ZUMETA

José Luis Zumeta. · ARGAZKIA · Txelu Angoitia

50. edizioko kartela, Zumetaren eskutik

Aurtengo edizioko kartela iragartzeko, Durangoko Azokak Euskal Herriko margolari ezagun baten artelana izango du: Jose Luis Zumeta usurbildarra izango da egilea, Euskal Herriko artista esanguratsuenetako bat.

Margolariak azaldu duenez, ilusio handiz jaso zuen Durangoko Azokaren eskaria: «Ilusio handia egin zidan eskaria jaso nuenean, Azoka oso garrantzitsua baita euskal kulturarentzat, eta baita arte plastikoentzat ere. Ez nuen espero horrelako eskari bat jasotzea, eta motibazio handiarekin egin dut».

Zumetarentzat, berezia izan da Azokako kartela egitea, are gehiago 50. urteurrena izanda: «Azokak gero eta indar gehiago dauka, gero eta hobeto antolatzen da, gero eta oihartzun zabalagoa du… Berezia izan da niretzat lan hau egitea».

zumeta_erretokatuta_1088x1536

Kartelari dagokionez, margolariak adierazi du kartelak hartu duen forma modu estuan lotuta dagoela artista bezala bizi duen momentuarekin: «Normalean nire lanak lotuta egoten dira momentuan egiten ari naizen bestelako lanekin, bizi dudan momentuarekin». Modu naturalean irten zitzaion kartela egiteko ideia: «Burutazioa azkar sortu zitzaidan. Hasieran ez nuen ideia zehatzik, baina segituan hartu zuen giro bat: atsegina, deigarria, ederra… Jendea erakartzeko helburuagaz egin dut».

Aitortzen duenez, kartelean ez zaie modu zuzenean liburu eta diskei erreferentzia egiten; zeharka, ordea, bai: «Lan irekia da, eta bakoitzak bere erantzuna eman beharko dio… Pertsona bakoitzak bere modura ulertuko du. Nik uste lanek ez dutela erredundantzia gehiegirik behar, bakoitzak eman behar diola erantzuna…».

AZoka 2015 IBAN 5

ARGAZKIA · Iban Gorriti

 

Azokaren historia, liburu batean

Azokak 50. urteurrena ospatuko du aurten, eta bere historiari errepasoa eginez, liburua kaleratuko du Azokako egunetan. Jesus Maria Arruabarrena eta Joseba Sarrionandiaren artean idatzi dute.

Azokaren 50 urteen bilduma osatu du lehenak, datu, gertaera eta testigantzekin. Bigarrenak, azken 50 urteetako euskal kulturgintzaren garaian garaiko kontakizun pertsonala egin testuinguru lokala eta globala uztartuz. Distantziak ematen dion perspektibatik, eta ia azoka guztietan presentzia izan duenaren gertutasunetik.

AZoka 2015 IBAN 3

ARGAZKIA · Iban Gorriti

Argizaiola Saria, sortzaileentzat

Azokak atzera begirakoa egingo du liburuarekin, eta baita Argizaiola Sariekin ere. Aurtengoa Gerediaga elkartearen eta, horrenbestez, Durangoko Azokaren sortzaileek jasoko dute. Saridunak honakoak izango dira: Jose Luis Lizundia, Leopoldo Zugaza, Carmen Miranda, Maria Concepcion Astola, Maria Rosario Astola, Arrate Salazar, Koldo Alzibar eta Jesus Astigarraga. Eurak izan ziren Gerediagako eta Azokako lehenengo hazia landatu zutenak.

Argizaiola Sariak abenduaren 5ean banatuko dira San Agustin Kulturgunean. Durangaldeko Karrika Antzerki Taldea ari da ekitaldiaren diseinuaz arduratzen.

Lizundia

Jose Luis Lizundia. · ARGAZKIA · Iban Gorriti

Irudi marka berria: DA!

50. urteurrenagaz batera Azokak irudi marka berria estreinatuko du: DA!. Durangoko Azoka markaren siglek osatzen dute irudi marka berri hau: laburra izango da, eta sonoroa eta ikusgarria izateko asmoa du. Esangura indartsua izango du: da, bada, «izena duena da». Eta zer da? Norberak egin dezake bere hitz jokoa, norberak eman diezaioke Azokari bere erantzuna, bere nortasuna.

Aurrerantzean, irudi marka berri hau erabiliko du Durangoko Azokak bere euskarrietan.

AZoka 2015 IBAN 1

ARGAZKIA · Iban Gorriti

Zure publizitatea Mugalarin

BANNER ATXONDO

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: ,

Bilatu