ZALDIBARTIK MUNDURA · Aintzinako armak eskuz egiten dituzten bakarrak
Izaskun Ellakuriaga
Aurrekarga pistolak egiten dituzte Avancargas Arsa Zaldibarko familia enpresan. Aintzinako armen erreplikak dira. Eskuz eginak. Igandean, euren ofizioa erakutsiko dute Europako Ondarearen Jardunaldietan, Zaldibarren egingo den hitzaldi-erakustaldian (urriaren 11n, eguerdiko 12:00etan, Zaldibarko liburutegi zaharrean).
Jesus Maria Ariquistain eta Elisa Santiago senar-emazteek 1986an hasi zuten negozioa. Jesus Marik lehenengo Eibarren eta gero Derion ikasi zuen armak eskuz egiten. Orain, jubilatu ostean, Joseba Barrenetxea zornotzarrari dabil ofizioa erakusten. Izan ere, Avancargas Arsa bakarra da Estatuan eta ez dute galtzen utzi nahi.
Eskuz egiten dituzte armen erreplikak. Arma laburrak dira, gehienak txapelketetarako egindakoak edota bildumazaleren baten enkarguz. Hala ere, baimen berezia behar da horrelako bat izateko Espainiar Estatuan. Test psikotekniko bat egin eta guardia zibiletan baimen tramitatzea da egin beharrekoa. Europa osoan, Espainian eta Grezian bakarrik behar da era honetako armetarako holango baimen bat.
· MAROKO · Avancargas Arsa enpresaren webgunean ikusi ditzakegu eskuz egiten dituzten armen katalogoa. Txapelketetan erabiltzeko enkargu asko jasotzen dituzte eta emaitza onak izan dituzte. Beste eskari batzuk, bildumazaleen eskutik iristen zaizkie. Orain bi urte jasotako enkargu bat gogoratzen dute bereziki: Marokoko bitxitegi batetik izan zen. Erreplika egin eta gero, bitxitegian bertan harribitxiz eta urrez jantzi omen zuten pistola. Espainian era honetako pistola armatzat dituztenez, atzerritik jasotzen dituzten enkarguak bete eta bidaltzeko izaten dira batzuetan baimen arazoak.
Pistoa bakoitzak zenbat egunetako lana duen ez dute zehazten jakin, baina prezioaz galdetuta 365 euro merkeena dela jakin dugu. Erreplika gehienak intxaurrondoarekin egiten dute. Gero, metaleko grabatuak enkargatu egiten dituzte.
Zalantza barik, artelanak egiten dituzte. Mimoz, eskuz, … eguneroko enpresako giroa Zaldibarko liburutegi zaharrera ekartzen ahaleginduko dira. Ikusi nahi ezkero, jardunaldia doakoa izan arren, izena eman behar da ejardunaldiak@gmail.com helbidean edota 673005981 telefono zenbakian.
Info+:
Publizitatea Mugalarin
Etiquetas: Zaldibar