Larunbata,
2024ko Abenduak21

MugaKultura

loader-image
Durango
3:55 pm,
temperature icon 13°C
Humidity 84 %
Ráfagas de viento: 5 Km/h

BIHAR BERRIZEN | «Plaza txikietan, Kherau handi egiten da»

IZaro

Izaro Andrés

| Kherau taldeak Andikoako ermitan joko du, Berrizen, bihar, zapatua, 20:00etan

| Aurten, talde bizkaitarrak bost urte beteko ditu

 

Gaizka Andollo, Aitor Esteban Etxebarria, Iker Lope de Bergara, Ibon Ordoñez eta Alex Garciak osatzen dute izen Erromintxela duen talde hau. Euskal ijitoen hizkuntza da Erromintxela, errumanieraren eta euskararen arteko pagadolektoa. ‘Aukhera’ (Gaua Records) diskoarekin dabiltza bueltaka 2014an argitaratu zenetik. Hamaia kantu propio eta lau abesti berrerabili ditu diskoak.

Euskal folka eta doinu berriak dakartzan taldeak bihar zerbait berezia egingo duela iragarri du. Ekiaren egunsentiari begirako hausnarrekin eta instrumentuen zoologikoarekin dator, Kherau. 

 

Kherau

Bihar, Andikoako ermitan joko dabe. | ARGAZKIA | Kherau

 

Nolatan ermita batean? Zergatik berezia, zer eskainiko diguzue?

Berrizko kultura-etxetik heldu zitzaigun gonbita. Antza urtero antolatzen dute kontzertu akustiko edo erdi-akustiko bat Andikoako ermitan, jaiak direla eta. Berezia zergatik? Bueno ba lekua ikusita,  formatua apur bat aldatuko dugulako eta aprobetxatuko dugulako konponketa berriren bat sartzeko. Normalean jotzen ez dugun kantaren bat prestatzeko aitzakia izan dugu. Gainera publikoa metro batera izango dugu, eta eszenatokirik gabe…Horrelako plaza txikietan, Kherau handi egiten da.

Euskaldun berriak zarete! Euskaraz bizi al zarete orain? Zein izan da zuen motibazio nagusia?

Ba bai, guztiak gara euskaldun berriak. Gaizka eta Alex umetatik hasi ziren ikastolan. Aitor gazte hasi zen euskara ikasten euskaltegian, 16 urterekin. Ibonek eta Ikerrek ere euskaltegian ikasi dute euskara, baina, beranduago, unibertsitate garaian. Gehiago edo gutxiago denok bizi gara euskaraz gaur egun, edo behintzat horren aldeko hautua egin dugu. Gero, ondo dakigun lez, bakoitzaren gaitasunak, erraztasunak eta soziolinguistikak ematen dituen aukerak direnak dira; eta, bueno, batzuetan egiten duguna gura baino gutxiago den sentipena ere badugu… Edozelan ere, Kherauk euskarazko musika egiteaz gain, funtzionatu ere euskaraz egiten du, hau da, euskara dugu gure arteko lan-hizkuntza.

Euskaldun berriak izanda bizkaitarrez abesten duzue maiz. Ze leku dute euskalkiek euskal musikan?

Euskarazko musika euskarazko hiztun-komunitate eta bizimoduaren gainean egindako arte adierazpena da, beraz, hizkuntzaren kolore eta azentu guztiek dute lekua, zalantza barik. Ondarroako talde batek, bizkaieraduna demagun, idatz ditzake testuak batuaz zein beste euskalki batean. Berdin egin dezake Gasteizko batek ere, “batuazaleagoa” izanda. Gure lehenengo diskoan ia euskalki guztiek izan zuten kantaren bat edo beste, batez ere, herri-kantutegitik hartuak zirelako asko. Akabukoan ostera, bizkaierak eta batuak dute presentzia gehien, horiexek baitira gure artean barra-barra darabilkigunak.

Zuen letrak sei hizkuntzatan irakur daitezke zuen web gunean. Arreta handia eskaintzen diozue horri… Zergatik?

Euskaldunok bizi dugun hizkuntza gutxiespenak egoera horretan dauden inguruko beste hiztun-komunitate batzuekiko elkartasunera garamatza. Baliteke oso kontu sinbolikoa izatea. Esan dezagun gure sorreran irizpide hori adostu genuela eta momentuz lortzen ari garela betetzea… Gaztelaniak eta Ingelesak ere badute lekua hizkuntz menderatzaileak izanda ere, euskara zein beste hizkuntza batzuetara hurbil daitezkeen jendearekiko amua direlako.

Kajoia, djembea, perkusioak, baxu elektrikoa, txirulak, albokak, gitarra, bouzouki, mandolina… Hiztegi bat beharko nuke zuen kontzertuetan! Instrumentu bereziak dira hemen, ez dira ohikoak. Konbinazioa ere originala da.

Jaja! Ba bai, tresna bitxiak jotzen ditugu eta, edonola ere, nahaste arraroa da gurea, ezta? Hala ere, gure kontzertu batean hiztegia baino belarriak zabal-zabalik izatea da beharko duzuna, lasai. Hori bai, kontzertuen ostean askotan inguratzen da baten bat eszenatokira tresna baten edo bestearen izena  eta jatorria galdetzera. Gure ustez, nahaste horrek oso era naturalean enpastatzen du eta hori da bilatzen duguna kanta bat konposatzen edo konpontzen ari garenean: naturaltasuna eta originaltasuna.

kherau-e1402410853351

Kherau taldea.

Eta gainera, ahotsa eta bertsoak. Konposatzeko orduan, zerk du lehentasuna? Zertan zentratzen zarete gehien?

Kantari ematen diogu lehentasuna. Hau da, gitarrako riff batetik, melodia berri batetik edo kanta zahar batetik abiatuta, kantak eskatzen diguna egiten dugu. Aitor,baxulari trebea izateaz gain, bertso-eskolen munduan murgilduta dago eta hori ere aprobetxatzen dugu kantak konposatzeko orduan eta kontzertuetan. Konposaketetan eta konponketetan Ibon dugu gehienetan gidaria, baina guztiok saiatzen gara ekarpenak egiten. Hausnarketa zalea naiz ni… Zuen txanda orain!

Oin hutsik hasi zenuten ibilbidea. Zer nahiago duzue sentitu oin azpian? Belarra, harea, ura…

Oin-zoletan soloko belar ebaki berria sentitzeak etxean sentiarazten gaitu. Baina bidaia zaleak ere bagara, eta hondartzako harea fin beroa, zein lamien erreka-zuloetako ur freskoa ere oso inspirazio ona izan litezke kanta baterako

Asko kostatu zaizue janztea? Zer izan da zailena janzteko? Lortu al duzue epeltasuna eta babesa musikaren arropetan?

Egia esan, Kherauri ekin baino lehen guztiok ginen musika munduan ibiliak, gehienok ospe bakoak baina zoriontsuak. Proiektua martxan jarri genuenean krisiaren gordinenean geunden eta prekarietate hori bizi izan dugu. Gaur egun, eskaintzen digutena hobetzen hasi da, baina honetan sartu ginen musika maite dugulako eta gure euskaltzaletasuna garatzeko balio digulako. Ibilbidea anitza eta aldakorra izan da: izan ditugu emanaldiak publiko gutxirekin baina itzel gozatu ditugunak, eta oso jendetsuak baina gozamen gabekoak… Ikusiko da zer dagoen Andikoan!

Kontzertu  gogoangarrienak? Eman nahiko zenuketen ametsetako kontzertua?

Aitor: Sekula ez dut ahaztuko Catalunyako Calaf herriko Canet Tabernako boloa: ez ziren 40 pertsona egongo, baina ni markatu ninduen aurreiritzi eta pentsamoldeei dagokienez. Visca! Bestalde, neureak oso amets doituak dira, neurrikoak: ilusio itzela egiten dit Euskal Herriko txokoetatik deitzen digutenean jai euskaltzaleetarako, are gehiago, gero parrandarako aukera dagoenean.

Iker: Aurtengo Korrikako kontzertuan, Bilbon, itzel pasatu nuen adibidez… Nire ametsetako kontzertua? Mmm… Gustatuko litzaidake kontzertu bat antolatzea leku berezi batean, ez areto batean, baizik eta naturan edo gure kulturan murgildutako leku batean… Oraindik ez daukat argi non, baina baserri zahar bat izan daiteke edo korta bat atonduta. Azkenengo urteotan familia erraldoi bat sortu dugu talde honen inguruan eta polita litzateke elkartzea holako batean, denok batera abesteko… Amets polit bat… Uda ostean 5 urte beteko ditugu Kherau bezala, agian aitzakia polita litzateke horrelako ospakizun baterako.

Kherau Bilbon KORRIKA Aiur

Kherau Bilbon Korrika egunean. | ARGAZKIA | Aiur Gorriti

Kherau IBAN AZOKA

Kherau Durangoko Azokan, Ahotsenean. | ARGAZKIA | Iban Gorriti

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas:

Bilatu