IKERGAZTE KONGRESUA | Euskal ikerlarien plaza izango da Durango hiru egunez
Testua | Izaskun Ellakuriaga
Argazkiak | Iban Gorriti
| Ikertzaile euskaldunen lehen kongresua da
| Ikusgarritasuna ematea da helburua
Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta Durangon Euskal Herriko ikertzaileak batuko dira maiatzaren 13tik 15era. Landakogunean 100dik gora lagun elkartuko dira hiru egunez eta euskaraz egin diren eta egiten ari diren ikerketen berri emango dute.
2010. urtean sortu zen UEUn ezagutza-arlo guztiak batuko zituen kongresu bat egitearen ideia. Helburua, komunitate-zientifiko euskaldunaren ikertzaileak batu eta elkarren berri izatea zen. Horrekin batera ikusgarritasuna ematea ere bai.
Giza-zientziak, gizarte-zientziak, zientzia zehatzak eta natur zientziak, ingenieritza eta arkitektura eta Osasuna izango dira lehen kongresu honetan landuko diren arloak. Danetara, 116 komunikazio antolatu dituzte. Hitzaldiak, mintegiak eta tailerrak izango dira.
| Durangon eta Urkiolan bisita gidatuak | Kongresuaren alde soziala nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, ikertzaileak elkar ezagutu eta harreman sarea sortzea bultzatu nahi dute arlo akademikoaz aparte. Horretarako, saio osagarriak egingo dituzte hiru egunetan.
Durango eta Urkiola hobeto ezagutzeko aukera izango dute. Gerediaga Elkartearen eskutik eta Urkiolako Parketxeko arduradunen eskutik bisita gidatu bana izango da. Durangon zehar pintxo pote eta bisita gidatua egingo dute lekurik esanguratsuenak bisitatuz. Urkiolan, Toki Alai Interpretazio zentrua bisitatu eta inguruetan ibilaldi laburra egingo dute. Film laburren emanaldia, afaria eta musika kontzertua ere badira ikerlariak elkar ezagutzeko antolatutako beste ekintza osagarriak.
Etiquetas: Durango, IkerGazte, KOngresua