Elorriok San Agustin auzotik igarotzen den BI-331 errepide zatiaren titularitatea eskuratu du
Mugalari
| Bizkaiko Foru Aldundiak titularitatea lagako du, inguru horretan oinezkoen segurtasuna hobetzeko zenbait jarduketa egin ostean
Elorrioko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lortu duten adostasunari esker, Foru erakundeak toki administrazioari lagako dio Elorrioko San Agustin auzotik igarotzen den BI-3331 errepide zatiaren titularitatea, ingurune horretan hainbat hobekuntza lan egin ostean. Erakunde biek aurrerapausoa eman dute horrela inguru horretan ibiltzen diren oinezkoen segurtasuna hobetzeko konpromisoan.
Joan den martxoan semaforo batek erregulatutako oinezkoentzako igarobidea ezarri ostean, Elorrioko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak adostu dutenez, epe laburrean altxatutako 3 igarobide egingo dira, zoladura konponduko da, Otxoena baserriaren ingurunean uren kanalizazioa egingo da, galtzadaren alde biak estutu egingo dira, oinezkoen igarobidetik gertu dauden alboak zebra bideen modura margotuko dira, errepide horretan baimenduko den gehieneko abiadura 50 km/h-koa izango da, zorua eta erlaitzak konpondu egingo dira eta arekak, kolektoreak eta kutxetak garbitu egingo dira, drainatze egokia lortzeko. Lan horiek guztiek 200.000 euro baino gehiagoko aurrekontua izango dute.
Jarduketak amaitu ostean, Bizkaiko Foru Aldundiak, Elorrio eta Durangorantz doan N-636 errepidea lotzen dituen BI-3331 errepidearen titularitatea lagatzea erabaki du.
“Esku hartze horiei guztiei esker, oinezkoen segurtasuna nabarmen hobetuko dela bermatzen da. Dena den, Udaletik berriro azpimarratu behar dugu ezinbestekoa dela gidariek bide segurtasuneko arauak errespetatzea”, adierazi du Ana Otadui Elorrioko alkateak.