Igandea,
2024ko Abenduak22

MugaKultura

loader-image
Durango
12:16 am,
temperature icon 10°C
Humidity 88 %
Ráfagas de viento: 45 Km/h

BIDAIAK | MYANMAR (Birmania) | “Fedeak elikatzen ditu”

Izaskun Ellakuriaga Mugalari 6

Izaskun Ellakuriaga

Txarlie Azkune, Oier Etxebarria eta Gaizka Ellakuriaga durangarrak orain astebete heldu ziran Myanmarren zehar egin duten hiru asteko bidaiatik. “Denboran atzera” egitea bezala izan dela eta bertakoen egunerokoak fedeak pisu handia duela kontatzen dute bidaiaz galdetuta.

1

Oier, Txarlie eta Gaizka.

Myanmar-en bidaiari ibili zarete. Zenbat denbora?

3 aste egin ditugu, Aste Santuko oporrak eta bakoitzak zeuzkan egunak pilatuta. Lonely planet gidari jarraitu, hegaldiak erosi eta Alemaniatik bisatua tramitatuz eman genituen lehen pausuak. Bisatua onartzen eta zigilatzen dizutenetik, hiru hilabete dauzkazu herrialdean sartzeko. Gero, han, 28 egun egon zintezke gehienez. Hori guk egin genuen baimen eskaria, sinpleena, eginda. 50 bat euro kostatu zitzaigun bakoitzari. Gero, asko planifikatu barik ibili gara, egunean. Baina zirkuitu turistikoa deitu dezakegunetik larregi atara gabe.

Nundik nora ibili zarete herrialdean?

Mandalay bigarren hiririk handiena da. Hara ailegatu ginen eta ibili inguruan, herrialdearen erdialdean, iparraldera zeozer igon eta gero kostaldera. Bueltako hegaldia Yangonetik Myanmar hiriburutik zen. Ez da oso herrialde handia, baina errepide txarrak dituztelako edota geografikoki mendikate handiak edo ibaia zein lakuak tartean direlako, batetik bestera distantziak luze egiten dira.

Asfaltoa da dana, orduan.

Gehiena, halan da. Tarteka ikusten dituzu errepideak egiten. Kuriosoa da, umeak eta andrak harriak batetik bestera mugitzen eta gero, zapalgailu baten antzeko tramankuluarekin, guztia konpaktatzen. Myanmarren lana emakumeek egiten dute.

Eta gizonak?

Gidatu, musika entzun eta “Betel-nut” izena daukan hostoa mastekatzen, ekin eta ekin, ahoa gorritu arte, eta gero, txistu eta txistu. Bost minuturo txistuka ikusten ziren, lurra gorrituta dago hainbeste txisturekin.

Zelango gizartea da?

Gutxirekin bizi dira eta ez dute behar gehiago. Fedeak elikatzen ditu hango biztanleak. Pagodak, tenpluak, edonon daude eta emakumeak errezoan uneoro. Monjeak jaun ta jabe dira. Eurek gurtzen dituzte. Eta kuriosoa egin zitzaigun ume monjeak merkatuan euren otzarekin ikustea, hara eta hona, hemen hiru baina leka, bestean tomatea… eta otzara doan beteta ibiltzea.

Herrialde garestia da?

Guretzat ez. Euro-euro t’erdi kostatzen zitzaigun otordu bakoitza. Asialdeko herrialderik merkeenetakoa izango da. Lo esaterako, hirurok guretzako gela baten eta komun eta guzti 30 euro. Turistei begira ez dago eskaintza larregi ere. Bi mota nabarmentzen dira: motxileroentzat lekuak eta gero luxuzko resort-ak, eta batez ere kostaldean.

Jatekoa eta edatekoa?

Jatekoetan ez da oso bariatua, hori da behintzat gure inpresioa. Bizirauteko jatekoa dela esango genuke: arroza, oilaskoa, txarria, barazkiak eta noodleak. Arraina kostaldean. Kuriosoa izaten zen arrain ilarak luzeak  eguzkitan sikatzen ikustea. Herrialdearen barrualdera bidaltzen zutela esan ziguten galdetuta, baina barrualdean guk sekula ez genuen arrainik ikusi. Gero, edatekoan, eurek tea hartzen dute denbora guztian. Guk garagardoa edan dugu eta bertakoa “Myanmar” izenekoa aukeratu genuen batzuk probatu eta gero. Eta garagardo txarra ez zen, eh?!

Bidaiatik zerk deitu du zuen arreta gehien?

Gure gizarte eredutik oso diferentea da. Denboran atzera urte dexente egitea lez izan da. Hirietako paisajeak ez dagoz bat ere zainduta. Naturguneak ere erretzen dabiltza eta gainera ereiteko lurrak behar dituztela esanez justifikatzen dute batzuk. Bertako jendea, bestetik, oso eskuzabala da eta gu moduko bidaiariak leku batzuetan arraro ere egiten zaie. Enkantu asko daukan herrialdea da.

Herrialdearen iparraldean gatazka armatua aipatzen dute komunikabideek.

Bai joan aurretik guk ere irakurri genuen zerbait. Ez gara hain iparraldean ibili. Bi eguneko trekking bat egin genuenean, mugatik gertu ibili ginen eta militar batzuk gurutzatu genituen, baina ezer aipagarririk.  Dena dela, herrialde oso segurua dela esango genuke.

Zeintzuk dira bisitatu dituzuen lekuetako batzuk?

Inle lakua, bizilekuak laku erdian altxatuta dituzte. Euren garraiobidea txalupak dira eta lakuan bertan landatzen dute.  Bagan, ehundaka pagoda daude metro koadro gutxian eta lekurik bisitatuenetako bat da. U Bein zubia, tekaz egindako zubirik luzeenean (1,2km) ere izan ginen. Trekkinga Hsipaw inguruan egin genuen.

Eta bizi izandako esperientziatik zeintzu hiru momentu aukeratuko zenituzkete?

Zaila da erantzuten. Futbolean bertako umeekin jokatu genuenekoa, tuk tuk (kamio antzekoa) baten goiko partean euren antzera bidaiatu genuenekoa edota monje budistek euren pagodara tea hartzera gonbidatu gintuztenekoa.

20150321_150938 DSC01949 DSC01973 DSC02021 DSC02031 DSC02075 DSC02093 DSC02106 DSC02139 IMG-20150410-WA0002 IMG-20150410-WA0003 IMG-20150410-WA0007 myanmar2 034

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: , , , ,

Bilatu