KAINABERA | Futbol jardunaldi solidarioa 29an Elorrion
Elorriok, FEAFV-en (Federación Española de Asociaciones de Futbolistas Veteranos) futbol 7ko Iparraldeko Zonako A Taldeko liga solidarioaren bigarren jardunaldia jasoko du datorren martxoaren 29an. Horrela, gure herrian 8 talde elkartuko dira, Elorrioko Kainabera erakundea aurrera eramaten ari den “Monzonteko, Nikaraguako, Udalerri Indigenako landa guneko erkidegoen Osasun Arreta Integraleko Tokiko Sistema Indartzeko” proiektuaren alde. Ekitaldia Elorrioko Udalak eta FEAFV-ek antolatu dute.
Jardunaldia Elizaldeko futbol zelaian jokatuko da, eta goizeko 10:00etan hasiko da, Real Sociedad VS SD Eibar eta CA Osasuna VS Barakaldo CF norgehiagokekin; 10:45ean Racing de Santander VS CD Mirandés eta Athletic Club Bilbao VS CD Logroñés norgehiagokak hasiko dira.
Finalerdiak 11:30etan hasiko dira, eta aldi berean jokatuko dituzte lehenengo errondako lau irabazleek. Finalerdietako galtzaileek elkarren kontra jokatuko dute 12:15ean, eta irabazleek ordu berean, 12:15ean, jokatuko dute final handia. Jardunaldiari amaiera emateko, 13:00etan sariak banatuko dira.
Joseba Mujika herriko Jarduneko Alkateak, adierazi duenez “sarrerak egun horretan bertan jarriko dira salgai Elizaldeko txarteldegietan: 3 euro helduentzat, euro bat 16 urtetik beherakoentzat eta dohainik 5 urtetik beherakoentzat. Jasotako diru guztia Kainaberari emango zaio”.
Ligako lehen jardunaldia martxoaren 8an jokatu zen Miranda de Ebron, eta irabazlea Bilboko Athletic Club izan zen, Barakaldo CF taldeari finala irabazi ondoren.
| Kirola eta elkartasuna | Beste alde batetik, martxoaren 26an FEAFV erakundeak “Kirola eta solidaritatea- Deporte y solidaridad” hitzaldia emango du Iturri Kultur Etxean arratsaldeko 18:30etan. Elorrioko herritar guztiei zuzendutako ekitaldi elebidun horretarako sarrera doakoa izango da.
Horrela, Juan María Zorriqueta futbolari ohi, AEA-ko zuzendaritza taldeko kide eta FEAFV-eko Presidentearen, Andoni Ayarza futbolari ohi, kazetari, AEA-ko kide eta FEAFV-eko Komunikazio Zuzendariaren eta gure Athletic-en azken urteetan aritu izandako beste futbolari ohi batzuen eskutik, joko garbia bultzatuko da, eta futbolak gizartearen barruan integraziorako egin dezakeen lanari balioa emango zaio. Halaber, ekitaldi horretan Udaleko eta Kainabera Elkarteko kideek ere hartuko dute parte.
| FEAFV liga solidarioa | FEAFV 2005. urtean sortutako erakundea da, eta, une honetan, estatu mailako lehen eta bigarren mailako taldeetako futbolari beteranoen 57 elkarte biltzen ditu; 6.000 futbolari ohi profesional, gutxi gorabehera.
Erakundearen presidentzia AEA-k (Athletic Club-eko Jokalari Ohien Elkartea) du, eta presidenteordetzak Real Madrid, FC Barcelona eta Valencia CF futbol taldeetako jokalari beteranoen elkarteen esku daude. FEAFV erakundearen helburu nagusia, egoera zailean egon daitezkeen kideei laguntza emateaz gain, euren kirol ibilbidean jasotako laguntza guztia gizarteari itzultzea da, beharrak dituzten taldeen eta pertsonen aldeko programetan parte hartzeko gizarte konpromisoaren bitartez.
Izaera solidario horrekin ekin zitzaion iaz Liga Solidarioaren lehen Edizioari, eta bigarren edizio honetan Elorriora heldu da, Kainaberari, Nikaraguan aurrera daraman proiektuarekin laguntza emateko.
Liga solidarioaren barruan dauden jarduerez gain, FEAFV estatu mailan aitzindaria den esperientzia baten garapenean ere ari da lanean: “Futbolean oinarritutako Erreminiszentzia programa baten garapena eta eraginkortasuna, narriadura kognitiboa duten pertsona nagusiei zuzenduta”. Botikarik gabeko terapia tailer hori Bilboko Txurdinagabarri Egoitzan ari da aurrera eramaten une honetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Etiquetas: Elorrio