Astelehena,
2024ko Abenduak23

MugaKultura

loader-image
Durango
6:48 am,
temperature icon 9°C
Humidity 90 %
Ráfagas de viento: 42 Km/h

EHEk Euskaraz Bizi Eguna ospatuko du Otxandion apirilaren 18an

Euskal Herrian Euskaraz

Euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; norbanako zein komunitate, euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela, euskaraz bizi nahi dugula erakusteko ekinaldia; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko egitasmoa dugu Euskaraz Bizi Eguna.

Sei urtez bide egin ostean Hizkuntza Eskubideen Eguna atzean utzi eta Euskaraz Bizi Eguna antolatzeari ekin genion EHEtik. Aurten seigarrenez antolatu dugun egitasmoak, Etxarri-Aranatzen hasi zuen ibilbidea, umiltasun handiz. Deialdiarekiko atxikimendu zabalak eta honen inguruan sortzen joan den mugimenduak bultzatuta, Euskaraz Bizi Eguna dimentsio zabalagoa hartzen hasi zen, Gernika-Lumon ospatutakoak frogatu bezala. Ondoren, Donostia bezalako hiriburu batera egin zuen salto ekitaldiak. Nafarroa Garaiko ekialdera gero, Agoitzeraino. Iaz,Gasteizera… eta, aurten, Otxandio izango da euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleiho, apirilaren 18an.

Otxandio, herri euskalduna. Euskararen arnasgune txikia eta euskaldunon babesgune handia. Euskararen alde egoteaz gain, euskararen alde egiteko prest dagoen herria da otxandiarrena. Eta horregatik aukeratu dugu, beste gauza askoren artean, aurtengo Euskaraz Bizi Eguna hartzeko.

Euskaraz bizitzea gure esku dago, baldin eta hiztun aktiboak bagara. Geldirik bagaude, isil-isilik, akabo. Mugitu nahi duenak, norabait iritsi nahi duenak, dagoen lekutik urrats bat harago joan beharra dauka. Egotea ez da nahikoa; egin egin behar dugu.

Hemen mundu guztia dago euskararen alde dago, euskararen kontra frontalki daudenak barne, euskararen alde egotea ez da aski. Geldirik dagoena ez doa inora, ez da inora iristen. Bidea oinez egiten da, eta urratsik ematen ez duenak ez du biderik egiten. Mahatsik zapaldu gabe ardorik ez baitago,Urepeletik Bilbora Korrika joango gara. Egiten badugu lor dezakegu. Ez badugu egiten… ez dugu lortuko. Euskararen eta euskaldunon alde mugimendua indartzea beharrezko ikusten dugu. Izan, egin eta eragin!

Hemendik, hortaz, euskaldun eta euskaltzale guztiei dei egiten diegu apirilaren 18an Otxandiora hurbildu eta euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko.

EHE_agerraldi_EBE2015-03-06B

Bertan Nestor Estebanek eta Koldo Zarate. | ARGAZKIA | EHE

Egitaraua:

  • Egitarau zabala prestatu dugu apirilaren 18rako:
  • MIRUGAIN mendi-taldearekin mendi-irteera 9:00 inguru (ondoren dutxa hartzeko aukera dago).
  • SOINUBIL kantu-poteoa.
  • URDAX MAGUNAZELAIA harri-jasotzailearen erakustaldia.
  • EUSKAL BORDER ikuskizuna antzarrekin.
  • HAURRENTZAKO PUZGARRIAK, TAILERRAK ETA JOLASAK (Kimuak-ekin).
  • 14:30 HERRI-BAZKARIA EHUNKA LAGUNENTZAKO.
  • GIBELURDINAK (bazkalosterako).
  • 18:30 EKITALDIA.
  • BULKANO FT-renpartida.
  • URDURI dantzataldea.
  • BATUKOTX (batukada, kaleanimazioaarratsalde eta iluntzean).
  • KONTZERTUAK: LUHARTZ, GOZATEGI, GOVERNORS.
  • DJ ELEPUTO (Gaztetxean, gauean).
Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: , ,

Bilatu