Ostirala,
2024ko Urriak04

MugaKultura

loader-image
Durango
1:57 pm,
temperature icon 19°C
Humidity 49 %
Ráfagas de viento: 6 Km/h

ABADIÑO | 200 bat abelburu eta 170 saltoki izango dira aurtengo San Blasetan

Mugalari
 
| Urtero otsailaren 3an egiten den jai hori Euskadiko abeltzaintza eta nekazaritza azoka handienetako bat da.
200 bat abelburu eta 170 bat saltoki izango dira otsailaren 3an Abadiñoko San Blas azokan, Euskadiko nekazaritza eta abeltzaintza azoka handienean. Azoka Abadiñoko Udalak antolatzen du BBKren babesarekin.

F:FOT3600.JPG

San Blas eguna Abadiñon. | ARGAZKIA | Iban Gorriti

 

Gaur emandako prentsaurreko batean Abadiñoko alkateak, Jose Luis Navarrok, esan du irudipena daukala aurten ere milaka lagun etorriko direla azokara. Jarraitu du esanez San Blaseko azokak, “jaigiro aparta” eskaintzeaz gain, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreen garrantzia nabarmentzen duela beti. “Teknologiaz jositako gizarte honetan badirudi lehen sektoreko lanbideak ahaztuta daudela, baina funtsean beti izango dira hor, eurek baitira familia askoren bizipidea ezeze, gizartearen elikadura osasuntsuaren oinarria ere”.

BBKko Obra Sozialaren zuzendari Leire Aragónek adierazi du oso garrantzitsua dela horrelako azoketan parte hartzea, “toki egokiena direlako baserritarrek beren produktuak saldu eta erakusteko, eta aukera ematen dutelako pixka bat gehiago hurbiltzeko bertako ekoizleengana eta euren produktuetara”.

BBKk babestutako baserri azoka trinketearen ondoan jarriko da, ohi bezala, 88 saltoki izango ditu eta bertan 79 baserritarrek beren produktu onenak jarriko dituzte salgai. Hauxe da saltokien banaketa: frutak eta ortuariak (9 saltoki), ogia eta euskal pastela (17 saltoki), gazta (16 saltoki), sagardo eta txakolina (7 saltoki), eta gainerako salgaiak (arrain kontserbak, arrautzak, esnea, yogurra, eztia, patea, txorizoa eta solomoa…).

Artisautzako saltokiak Txanporta plazan jarriko dira eta guztira 32 izango dira, euretatik 26 Arbaso elkartekoak. Trinketeko aparkalekuan landare eta hazi saltokiak egongo dira (12); Gaztañodi, Iturritxo eta Aita Aureliano Letona kaleetan eta Txanporta plazan egongo dira baserriko makinen saltokiak (23), burdingaienak eta zurezko produktuenak (9 saltoki). Ferialekuan eta Trinkete ondoan zazpi txosna eta talo saltegi egongo dira, eta 20 erroskila saltoki San Trokaz eta Txanporta plazetan, Zeletabe kalean eta Ferialekuan.

Abelburuen gunea trinkete ostean egongo da. Nola gaur (barikuan) bukatzen den abelburuak azokara ekartzeko eskariak egiteko epea, oraindik ez dago jakiterik zenbat abelburu egongo diren guztira. Karpetan ondoko arrazetako 68 abelburu egongo dira: betizu (9), Akitaniako blonda (8), frisiarra (8), limusina (10), montxina (9), pirenaikoa (8), terreña (8).

Ardiei dagokienez, latxa arrazako 12 buru eta sasi-ardi arrazako 12 egongo dira. Orobat izango dira azpi-gorri arrazako 12 ahuntz, 3 pottoka eta Enkarterrietako 3 asto.
Herriko abeltzainek 10 behi txaroles, 9 limusin eta 9 pirenaiko ekarriko dituzte azokara.

San Blasetako jai-egitarauan barruan aipatu beharrak dira, noski, Abadiñoko Udalak antolatutako idi-probak. Aurten 21 idi-buztarri lehiatuko dira eta saioak otsailaren 3an hasiko dira, otsailaren 6, 7, 8 eta 9an jarraitzeko. Otsailaren 3an San Blas esku-pilota Txapelketa jokatuko da, herri kiroletako erakustaldi bat egingo da eta orobat izango dira bertsolariak, kalejirak eta dantzaldia. San Blasetako ekitaldiek otsailaren 14ra arte jarraituko dute.

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: , ,

Bilatu