Astelehena,
2024ko Abenduak23

MugaKultura

loader-image
Durango
9:03 am,
temperature icon 10°C
Humidity 88 %
Ráfagas de viento: 41 Km/h

AMAIA SANTANA | Mancunian diaries I: This mod is mad!

AMAIA SANTANA 1

Amaia Santana

Heldu da garaia. Ia bi aste Manchesterreko ‘amets zoroa’ bizitzen eta oraindik kontzertu batera joan gabe! Tonight is the night, beraz. Arratsalde osoa etxeko kontuak egiten… Esaterako, labea berreskuratzen saiatzen, ‘Oven pride’ deritzon produktu supertoxiko bezain eraginkor batekin, jo ta ke. Ene! Nolatan pilatu daiteke hainbeste koipe eta zikinkeria hain espazio mugatu batean? Shame on you, Charlotte!*  Litroak eta litroak -edo kiloak esan beharko, hain lodia bada koipekada?- atera/garbitu ondoren, zeharo nazkatuta eta berandu samar, kaleko negu gorriari aurre egiten diot. Finean. Aretoa aurkitu eta txarteldegiko tipoari galdetzen diot, nire ‘ingeles batua homologatuan-or so’, ea orain jotzen ari direnak teloneroak ote diren. Ezetz dio, talde nagusia dela. Kontxo puntualtasun britainiarrarekin!

Beautiful-Vintage-Ad´s-From-1950-1960-10

 

Erdi hutsik dagoen aretora sartu eta bezero fidel eta guztiz integratua banintz bezala, naturaltasun osoz eskatzen dut garagardo bat. Bai, bakarrik nago, baina ez du axola, esaten diot nire lagun ikusezinari. Etxerako lanak egin ditut, ez pentsa, kontzertura guztiz bakarrik abiatu aurretik. ‘Vice’ aldizkarian irakurri dut ‘kontzertuetara bakarrik joateko gida’ interesgarri bat. Eta esaten duen guztiz kontrakoa egiten ari naiz. Pausuz pausu. Esan nahi baita: nire estrategia oso ona zen. Koadernotxo eta boligrafo banaz hornituta, loser bat izan zitekeena musika-kritikari profesional guztiz duin eta interesgarri batean bihurtu daiteke. Brilliant. Baina tabernara sartu bezain pronto ohartu naiz. Bloody shit! Ahaztu zait koadernoa eta boligrafoa hartzea, hain nazkatuta eta goragale atera bainaiz etxetik. Beno,  ez kezkatu, God save B plana, beste behin ere. Mugikorra.  ‘Inprobisatu’. Wassap-a kontsultatu. No news. Facebook-a kontsultatu. No news. Good news, then? Ba… ez beti.

Zein txarra den talde ‘ez-telonero’ hau, esan gabe doa. Hartuko dut oharra mugikorrean, kritika faltsuan geroago txertatzeko asmoz. Kontzertua berehala bukatu (eskerrak!) eta presio soziala (soziala, benetan? Zure mamuak dira zirikatzen dabiltzaten bakarrak!) hain handia da ezen kalera irtetzen naizen zigarro bat erretzera. Azkena, datu gehiagorako. Mugikorra enegarrenez kontsultatzen dut. Ofiziala da, ez duzu lagunik. Ezta birtualik ere, bada tristea! Barrura sartu eta beste garagardo bat eskatzen dut. Bigarren taldea hasi arteko tarte hori amaiezina dirudi. Paranoiek bide egiten dute gau desastroso honetan. Ezin dut labearen usain gogaikarria kendu eta pentsatzen dut jendea, alegia, lagun-talde alai eta zoriontsu horiek guztiak, niri ari direla begira. Eta badakit ez dela hala, bakoitzak bere zilborrera adi bizi dela eta kitto. Baina halere… Nietzsche jakitunaren hitz zuhurrak datozkit burura: “Inork ez du ikasten, inork ez du ikasi ezta irakatsi nahi bakarkadadea jasaten”.

Bigarren taldea behingoz hasten da eta aurrekoa baino are kaxkarragoa da.  Jesus Christ! Kantariak benetan egin al du bihotzaren keinu ñoñoa bere eskuekin??! Alde egiteko seinale argiak ari dira bidaltzen uneoro, baina garagardoari heldu eta eutsi goiari esaten diot nire buru lainotsuari. Azkar bukatzen dute eta hemen ez omen da ohitura “Beste bat! Beste bat!” delakoa. Gaitzerdi. 2+2=4 ariketa egiten dut orduan. Ostras! Hauek ziren teloneroak, bi talde hain justu, eta orain ari dira kontzertu ona prestatzen. Beste antz bat ari da hartzen oholtza, zin dagit. Leku guztietara begiratzen dut eta susmoa daukat denbora etendu egin dela bakardade rokero momentu honetan. Minutuak labeko koipe uholde higuingarriko irudiekin nahasten dira, eta hirugarren garagardo bakarti-loser bat eskatzearen onura eta kalte posibleak aztertzen hasia naiz, mentalki, jakina. Bakarrik falta zena nire buruari hizketan jartzea zen! Bai, zera! Hori nire etxeko intimitatean baino ez dut egiten, ez nago hain zoratuta, aizue!

Orain bai. Horrela bai. Lehendabiziko riff-ak, teklatu baten lehendabiziko kolpeak eta hortxe dugu edabe magikoa. Rock n roll shots, dio The Last Carnival talde honen leloak. Ai, ama, zein gozoa den rockaren pozoia! Bat-batean dena aldrebes jartzen da eta denak du, orain, esangura. Patuan sinisten dut, berriro ere. Hemen egoteak badu arrazoi kosmiko bat. Ziur naiz. Bakarrik nago, hala da, eta zer? Ezin dut aurpegitik kendu irribarre inozo eta tonto hau, rock klasiko talde honi so, beren xarmaren pean, aztikeriaz liluratuta, erabat. Dena ahazten dut eta erritmoak hartzen du nagusigoa erdi hutsik eta oinen kiratsa darion areto honetan.

Tamalez, aztikeriaren efektuak oso gutxi irauten du, eta kontzertua aurreko taldeen arintasun paretsuarekin igarotzen da. Berriro begiratzen dut mugikorra eta hara! Magia eta rock n roll shots ote! Lagunak omen ditut, eta aretotik hurbil dagoen pub batean daude. Hara noa.  Tira,  Nietzsche, bizitza sozial apur batek ez dio inori kalterik egiten, ez duzu uste? Handik gutxira beste pub batera abiatzen gara. Inoiz ez naiz izan bertan. “Musika arraro samarra jartzen du 50-piko urteko traje dotorez jantzitako gizon xelebre batek”. Etxera ihes egiteko tentazioa daukat, baina kuriositateak hiltzea nahiago nuke gau estranbotiko eta izoztu honetan. “Eta zer da zuretzat ‘musika arraroa’?” galdetzen diot orain dela bost minutu ezagutu dudan neska sinpatikoari. “Ez dakit ba…”.  Banoa pub horretara.  Gotta know, baby.

Sartu bezain pronto nire benetako etxea pub hori delaren uste osoa daukat. Musikarik hoberena, munduko dj-rik prestuena… Emozionatzen naiz (garagardoak zeresana izan du honetan, to be honest) eta ‘The Snake’ abestia bilatzen saiatzen naiz mugikorrean, Martin The Mod dj atipiko bezain maitagarri honi eskatzeko asmoz eta… guess what! Bat-batean ‘The Snake’ abestia entzuten hasten da…

Another pure rock n roll shot, please.

Ezer gutxi gehiago behar delako, bizitza honetan.

Cheers, Nietzsche!

* Charlotte aurreko etxetiarraren izena da. Ez fidatu inoiz izen xarmangarrietaz.

* Amaia Santana (Santurtzi, 1984) kazetaria da

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: , , , ,

Bilatu