Astelehena,
2024ko Abenduak23

MugaKultura

loader-image
Durango
4:27 pm,
temperature icon 9°C
Humidity 88 %
Ráfagas de viento: 34 Km/h

49. AZOKA | JON ARRETXE | «Ezer ez direnak dira hutsaren itzalak»

Izaro Andres

Jon Arretxe Perez, euskal idazlea, 49. Durangoko Azokan egon da bere azken bi liburuak sinatzen: Hutsaren Itzalak eta Beti Iparralderantz. Arbizun bizi den bizkaitarrak 16.500 km daramatza, gutxienez, bizkar gainean. Basauritik (bere jaioterria) hasita, San Frantziskotik pasa eta Tokiora heltzeko beste buelta emanarazi die bere gurpilei. Pedalei eraginda munduko ia txoko guztiak bisitatu ditu: Sahara, Mali, Karakorum Mendikatea, Amazonia, Sumatra, India, Nepal, BurkinaFaso, Turkia, Iran… Gaur bere bizikletara igotzeko aukera izan dugu.

Jon Arretxe IZARO ANDRES

Jon Arretxe Durangoko Azokan. | ARGAZKIA | Izaro Andres

Esan daiteke bidaiaria zarela ezer baino lehen?

Ba ezer baino lehen esango nuke musikaria naizela. Hori ez daki jende askok. Sei urterekin hasi nintzen musikaren munduan. Akordeoi ikasketak egin ditut, pianoa… Eta orain opera abesten dut. Jendea harritu egiten da opera abesten dudala diodanean, baina asko gustatzen zait, bai.

Pertsona baten izaerak eraikitzen ditu bere obrak, eta esperientziek eraikitzen dute pertsona. Esan daiteke zure liburuetan bidaiatzen dutela zure irakurleek. Zer nahi diezu erakutsi?

Zerbait interesgarria. Berez ez diet ezer ‘erakutsi’ nahi, bizitakoa idatzi nahi dut, nahi duenak jaso dezan, besterik gabe. Fikzioan, adibidez, bilatzen dudana harritzea da. Eta bestelakoetan transmititzea, esperientzia berezi asko bizi izan ditut, politak. Hori da transmititu nahi dudana.

Hainbeste tokitan, hainbeste esperientzia guztiz ezberdin biziko zenituen. Askotan hauskorra da ezagutzen dugun bizitzarekiko, sarri gogorra; beti aberasgarria. Zergatik idazten duzu? Bizitakoa erakutsi nahi duzulako? Edo bizitakoa nonbait hustu behar duzulako?

Hori galdera interesgarria da. Nolako esperientzia izan den esango dizut. Ezer baino lehen, hamar urte pasatu nituen bidaiatzen, hamar urte bidaiatzen ezer idatzi barik. Eta urtean, igual,bi edo hiru bidaia egiten nituen, eh? Horrek denak nonbaitetik atera behar zuen, gauza oso interesgarriak bizi izan nituen eta, noski, atera ziren liburuen bidez. Gauza horiek kontatzearren, proba egin nuen:“ia norbaiti interesatzen jakon hau”. Eta konturatu nintzen baietz! Jendeari interesatzen zitzaiola, nire liburuak erosi eta irakurtzen zituztela.

Horrek animatu ninduen gehiago idaztera eta hortik aurrera jada, bai. Hortik aurrera urtero egiten nuen bidai luze bat eta liburu bat gutxi gora behera. Baina lehenago hamar urte pasa nituen hortik bidaiatzen mundua ikustearren eta kito.

Arbizun bizi zara, Nafarroako Sakana haranean. Hainbeste bidaiatu eta gero, nola erabakitzen da non egin habia?

Hori kasualitate hutsa izan zen. Ni izatez hemengoa naiz, bizkaitarra, Basaurikoa. Ikasketa kontuengatik hamar urte pasatu nituen Gasteizen. Han neskalaguna topatu eta etxe bila hasi ginen han inguruan. Eta inguruan,inguruan, inguruan… azkenean Nafarroan amaitu genuen.

Etxe kontzeptua gehiago definitzeko (zehazteko) balio izan dizute bidaiek, edo kontrara: etxe finkorik ez izatera bultzatu zaituzte?

Jo… Etxe kontzeptua… Niri kosta egin zait leku baten asentatzea eta oraindik ere iruditzen zait hortik mugituko naizela. Praktikan ez dut uste e! Baina beti daukazu sentsazio hori, ez? De paso zaudela eta amaituko duzula ez dakit… Batek daki non! 25 urte Basaurin, 15 Gasteizen, orain, 10 Arbizun. Hor daukagu etxea, eta ume bat baita ere. Seguruenik hor geratuko naiz, baina noski nire subkontzientean de paso nagoen hori dago, ez dakit.

Australia, Europa eta Ipar Amerika… zergatik ez?

Europan asko ibilia naiz. Europan bai. Baina gertatzen dena da, niretzat hori ez dela bidaiatzea. Europan denok gara antzekoak. Ez naiz beste kontinenteetara joan emozio berezirik sortzen ez didalako hara joatearen ideiak. Galdetzen didatenean: “kontinente guztietan egon zara?”. Beti diot: “ez, baina ez dudalako gogorik izan”. Australia mendebaldea da azken batean, lau gauzatxo kenduta: aborigenen kultura… Amerikan ibilia naiz, baina benetako Amerikan: Amazonian. Amazonia bai da oso autentikoa niretzako. Amerikako Estatu Batuetan ibilita nago, baina bueno ia-ia ez dira bidaiak. Kontatu ere ez ditut egiten, idatzi ere ez, badakizu.

IMG_9592

Jon Arretxe. | ARGAZKIA | Iban Gorriti

‘Hutsaren itzalak’ zapalduen orbain bezala ulertzen ditugu…

Ezer ez direnak dira hutsaren itzalak. Nor ez da ezer? Gure artean bizi diren etorkinak eta. Ez daukate paperik, ez dira existitzen praktikan,ofizialki. Hiltzen badira ez da inor enteratzen, desagertzen badira ez da ezer gertatzen.Protagonista bera ere, Toure, horrela sentitzen da: “ez naiz ezta hutsa ere, hutsaren itzala”. Hor dago filosofada titulu horren barruan.

Kanpora bidaiatzea ‘erraza’ da, fisikoki behartzen duzulako zure burua. Baina bidaiatzen al duzu barrurantz?

Bai. Hausnartzen eta bakarrik egoten ikasi dut bidaiei esker, bakarrik egin ditudalako bidaiak. Kriston aldea dago bidaia bakarrik egin edo taldeka. Taldeka diodanean, berdin da bi, hiru edo lau pertsona izan. Benetako desberdintasun bakarra da: bakarrik egitea gauzak. Bakarrik zaude arriskuen aurrean, denaren aurrean. Gero esperientziak hausnartu, mamitu eta konklusioak ateratzen dituzu. Idazteko ere oso diferentea da, ez dauka zerikusirik. Jende askok ez daki bakarrik egoten, ezta bakarrik bidaiatzen. Gaitza da, zaila.

‘Larunbatak’, ‘Ostegunak’ eta ‘Ostiralak’? Non daude beste egunak?

Hasieratik erabaki nuen trilogia izango zela. Ostegunak da estudiante gazteei buruz, bizi direnak, besterik barik, pixka bat zoro haizean edo. Ostiralak da beste pauso bat bizitzan. Pixka bat nagusiagoa zara, pentsatu beharko zenuke lanean hastea edo… Baina ez duzu nahi. Aguantatzen dute oraindik. Eta Larunbatak, jada, azkena da, egoera penosoena. 30 urte inguruan gaztetxoen artean hor aguantatzen ahal den moduan, lar patetikoa da. Hortik aurrera listo. Jendeak esaten zidan:“jode, idatzi astelehenak, ta arrakasta eukiko dozu, seguro!”. Aurrekoen tiradagatik, batez ere. Nik erabaki nuen trilogia ganberro bat izango zela eta punto, hor amaitu nuen.

Zelan doakizu zure liburu berriekin?

Oso ondo, oso ondo benetan. Oso pozik nago. Pila bat firmatzen ari naiz. Bai Hutsaren Itzalak, bai umeentzat orain atera dudana, Beti Iparralderantz. Ni, gainera, honetatik bizi naiz, zenbat eta gehiago sinatu orduan eta gehiago irabazten dugu. Oso oso pozik nago.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu