Angel Calvete artista zornotzarraren ‘Basoa eta bere esentzia’ erakusketa Zelaieta zentroan
Mugalari
Angel Calvete Zumalde artista zornotzarraren ‘Basoa eta bere esentzia’ izeneko erakusketa izango da ikusgai Zelaieta zentroko erakusketa gelan abenduaren 1ean hasita. Iluntzeko 19:30ean ekingo zaio inaugurazio-ekitaldiari eta bertan erakusketaren lanak eta artista polifazetikoa izaki egindako ibilbidea aurkeztuko ditu egileak. Abenduaren 20ra arte iraungo dute espazio honetan erakusteka osatzen duten marrazkiek eta pinturek.
Azken bi urte eta erdian, basoa ardatz hartuta, egindako lana bildu du bertara Calvetek. Hasieratik eutsi zion gai honi, margolanetan ez ezik, eskulturetan ere bai, hostoak eta enborrak langai eta irudikapen erabilita.
Kontatu nahi zuen ideiaren edo istorioaren zerbitzurako gailu sinbolista huts giza zerabiltzan lehenagoko garaietan motibo horiek. Gaur egun, ordea, baiezta daiteke azken etapa honetan entitate propioa bereganatu duela basoaren gaiak eta berori dela lanaren xedea. Maila formalari dagokionez, ikertu beharreko mikrokosmosa osatzen duten xehetasun guzti guztiak irudikatu nahi ditu.
Angel Calveteren ustez, “irudikapenaren zehaztasunetik haratago joanda, malenkonia, nostalgia edo edertasunaren bilatze soila dira honetara bultzatzen nautenak”.