49.AZOKA | Okzitania, Anuntxi Arana, 500 sortzaile, autoekoizleak… eta bigarrenez zuzendari barik
Mugalari
Durangoko Azokak abenduaren 5etik 8ra zabalduko ditu bere 49. edizioaren ateak, eta guztira, 245 erakusmahai izango ditu. Halaber, 150 kultur ekitaldirekin osatu da egitaraua, eta horietan 500 sortzaileren parte hartzea izango da. Gainera, 132 partaide izango dira aurten Durangon, eta horien ondoan, beste 16 autoekoizle izango dira aurten lehenengoz, Gerediaga Elkarteak bereziki prestatu dien gunera. Aurtengo ‘hitz majikoak’ izango dira Okzitania (herrialde gonbidatua), Anuntxi Arana (Argizaiola Saria), 500 sortzaile…, eta aurten bigarrenez feriak ez du eukiko zuzendaririk.
Guztira, 330 nobedade aurkeztuko dira 49. Durangoko Azokan zehar: 222 liburu, 61 disko, 27 aldizkari, 14 bestelakoak (joku, agenda, egutegi), hiru bideo eta hiru argitalpen elektroniko. Halaber, gunez guneko egitarauari dagokionez, Irudienean, bikoizketa tailerrak, 40 proiekzio baino gehiago, aurkezpenak, solasaldiak, mahai inguruak eta ‘Xalbador’ dokumentalaren estreinaldia izango dira. Plateruenan egunero izango dira kontzertuak, goizez eta gauez, eta Szenatokian sei antzerki produkzio berri aurkeztuko dira, Antzerki Maratoia egingo da eta musika-dantza ikuskizun bat estreinatuko da.
Kabi@ gunean lau ekimen berritzaile egingo dira eta 12 proiektu aurkeztuko dira; Ahotsenean 55 zuzeneko eta 35 solasaldi izango dira; Areto nagusiak 30 aurkezpen eta 12 solasaldi hartuko ditu; Saguganbaran 20 tailer, 14 liburu aurkezpen, zortzi ipuin kontalari, hitzaldiak eta jolasak izango dira; eta Azoka TB guneko platoan 32 saio ekoitziko dira.
| ANUNTXI ARANA (LUAIONDO, 1947) | Bertan, Argizaiola Saria Anuntxi Aranak jasoko duela iragarri zuten atzo prentsaurrekoan. Arana Angelun bizi da eta euskal mitologian egin ditu bere lan idatziak. Bere lan nagusia 1996koa da, «Orozko Haraneko kondaira mitikoak: bilduma eta azterketa tesia» da. Bera izan zen Iparraldean euskaraz egindako lehen tesia defendatu zuena. Orain, euskal kultura sustatzen egin duen lan hori aintzatetsi nahi dio Durango Azokak, eta abenduaren 6an emango zaio Argizaiola Saria San Agustin Kultur Gunean, Oier Guillanek zuzendutako ekitaldian.
Halaber, herrialde gonbidatua Okzitania izango da aurten, bere kultura eta hizkuntza, hain zuzen ere. Agerraldian nabarmendu dute Euskal Herriak eta Okzitaniak lotura dutela, «baina neurri batean ezezagunak» ere badirela. Horrela, elkarren arteko ezagutzan sakontzeko prestatu da aurtengo egitaraua.
Modu honetan, euskarak eta okzitanierak historikoki izandako harremanen inguruko hitzaldia izango da, eta hizkuntza gutxituek sareko baliabideak nola erabili ditzaketen ere aztertuko da.
Gai horretan ere euskaldunak eta okzitaniarrak elkarrekin ibiliko dira, Internet bidez emititzen duen OCtele okzietanierazko lehenengo telebista ere izango baita Durangon. Gainera, gaztetxoenei begira, Maite Franko ipuin kontalariaren bitartez, haur euskaldunek Saguganbaran ‘Jan de l’Ors-en kondaira’ ezagutuko dute.
Abenduaren 5etik 8ra milaka lagun espero ditu Gerediaga Elkarteak Durangoko Azokan, eta, bisitariei esperientzia errazteko asmoz eta gozagarri egiteko, besteak beste, mugikorretarako aplikazioa eta Euskalteli esker doako wifi zerbitzua emango da. Instagram sare sozialean ere #Dazokat argazki lehiaketa abian izango da azoka egunetan.
| AUTOEKOIZPENAK LEHENENGOZ |Bestalde, sortzaile guztiek Kulturaren Plaza nagusian euren lekua izateko ahalegina egin eta gero, guztira 16 autoekoizlek izango dute gunea, bereziki horientzako prestatu den espazioan. Espazioaren antolaketa ekimenean parte hartzen duten sortzaileek eurak bideratuko dute. Areto Nagusiaren alboan egongo da autoedizioentzako espazioa.
Liburugintzari dagokionez, Markus, Juan Angel Tamayo, Tierra de Nubes, Lander Iruretagoiena, Etikarte, Josu Goiri Iturrizar, Angel Gallo, Maite Toledo, Lauxeta Ikastola, The Indezents eta Ahoztar Zelaieta izango dira, eta musikarien artean, Soviet taldea, Khous, Haxotz, On Musika eta Adarrots izango dira.
Azkenik, Durangoko Azokako antolakuntzak dei berezia egin die bisitariei garraio publikoa erabiltzeko, Durangotik eta Durangora trenez eta autobusez joateko Bizkaibus, Euskotren, Lurraldebus (Pesa) eta Continental-Auto (ALSA) konpainiek zerbitzua eskaintzen baitute.