BIHAR, OSTEGUNA | ‘Sarri’ Bilbo Zaharra Forumean
Izaskun Ellakuriaga
Joseba Sarrionandia iurretako idazlea izango da ikasturte honetan Bilbo Zaharra Forumean protagonista. Bere lana aztergai izango dute antolatzen dituzten kultur ekitaldietan eta ekainean, ohikoa duten Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabean idazlearen ‘Narrazioak’ lana izango da entzungai Arriagan.
Joseba Sarrionandiak berak inoiz egin izan duenari jarraituz, eta literatur jolasa eginez, egunotan egiten dabiltzan kultur jardunaldiei idazlearen izen-abizenak atzekoz aurrera idatzita ipini diete izenburua: “Abesoj Aidnanoirras, 35 urte idazten”
| BIHAR, 19:00ETAN | Lau ekitaldik osotzen dute jardunaldion egitaraua. Dagoaneko, Eider Rodriguez idazleak, Eñaut Elorrieta abeslariak eta Xabier Anza ELA sindikatuko kideek eskaini dituzte hitzaldi eta errezitaldia. Azken emanaldia, bihar izango da Euskaltzaindiaren Bilboko Plaza Barriko egoitzan, arratsaldeko 19:00etan. Jose Mari Iturralde, Pott bandan Sarrionandiaren lankide eta lagun izan zen idazleak iurretarraren lanari buruzko hitzaldia emango du.