Astelehena,
2024ko Abenduak23

MugaKultura

loader-image
Durango
12:32 pm,
temperature icon 11°C
Humidity 86 %
Ráfagas de viento: 37 Km/h

CONJETURAS CUÁNTICAS | Amaia Santana | Musikoterapia eta beste analgesiko batzuk

Amaia Santana Nick Perfil Mugalari

 

Amaia Santana

Imajinatzen al duzue? “Bachen Sonatas et Partitas hartuko duzu zortzi orduro, gehienez hirutan egunero, aste betez”. Sendabide eraginkorra depresioaren aurka, nonbait. Gizadian itxaropena berreskuratu nahi? ‘Summertime’, Ella Fitzgerald eta Louis Armstrong laboratorioena. Zama askatu gura? ‘I got a right’, by Iggy & The Stooges. Haserre zaudela eta amorrua kanalizatzeko grina? Bada, hartuizu ‘Beat on the brat’, by Ramones. Musika aparailuaren bolumena igotzea gomendagarria da. Kontuz baina! Albo-ondorioak izan ditzake, buruko-mina edo/eta haserre sutsua eragin diezaiokezu auzokideari, esaterako.

“Aizu, bossa-novak ez dit onik egin, emaidazu blues pilulatxo bat, ea tentsioa egonkortzen zaidan”.

“Hementxe duzu zure eguneroko rock dosia, zure antsietatea baretzearren”.

“Mediku gisa, zure osasunaren alde egin behar dut, horregatik reggaeton-a debekatuko dizut. Zure onurarako izango da, eskertuko didazu…”.

Ba al da musika –nork bere kabuz bere sendagaiak hartu ditzala!- baino analgesiko potenteagorik? Kimikazaleek baietz esango dute, baina ziur nago XXI. mendeko neurosi eta sasidepresio andana erraz senda daitezkeela filosofia eta musika errezeta sorta batekin. Edota benetako, zuzen-zuzeneko solasaldi goxo batekin. Beste (benetako) pertsona batekin, esan nahi da.

Ez da berba utopiko-erromantiko hutsa. Oliver Sacksek oso kasu bitxi baten inguruan idatzi zuen entsegu bat (‘The last hippie’), eta horretan oinarritu dute ‘The music never stopped’ film gogoangarria. Tipo batek memoria galdu omen zuen, baina ‘musikoterapia’ bati esker, lortu zuen hein batean berreskuratzea, baita oroitzapen ‘berriak’ sortu eta ‘mantentzea’ ere. Dena berak gustuko zituen, alegia, bere bizitzan erabakiorrak izan ziren kantuei esker (eskerrik asko, Grateful dead!!). Zer pizten du gure burmuin zoro eta gixajoan musikak? Zer mekanismo jartzen ditu martxan? Magia ote?

Duela gutxi ezagutu nuen Héctor Alterio aktorea protagonista izan dela film argentinar batean, non tango kantari ohi eta zahar baten errola betetzen duen. Desoreka neurologiko baten ondorioz, komunikatzeko gaitasuna galtzen du… tango kantuen bitartez ‘hitz egin’ dezakeelaz ohartu arte!

Eta orain, zer? Imajinatzen duzue halakorik? Ez? Ba John Lennonek ‘Imagine’ injekzio bat hartzea aholkatzen dizue orduan.

Zalantzarik izatekotan, kontsulta ezazue zuen diskografia. Agian etxean ahaztuta zenuten disko zahar batean topa dezakezue erantzuna, sendagaia, bizigarria. Itxaropena. Ilusio galdua.

Let it be.

* Amaia Santana (Santurtzi, 1984) kazetaria da

The_Music_Never_Stopped3_Credit_Senator_Film_Verleih

‘La música nunca se detuvo’ filamren fotograma bat.

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu