Asteartea,
2024ko Abenduak03

MugaKultura

loader-image
Durango
6:50 pm,
temperature icon 10°C
Humidity 96 %
Ráfagas de viento: 4 Km/h

IKER CABREJAS | “Egunero sorpresa bat izatea nahi nuen eta izaten ari da Asia aldetik»

Izaskun Ellakuriaga Mugalari 6

Izaskun Ellakuriaga

Iker Cabrejas durangarrak bizikleta eta guzti Asia aldera hegaz egin zuen abuztuaren hasieran. Tailandiatik lehen hilabetea egin eta gero, Laos aldetik dabil orain. Akilesen orpoa minduta hasi du abentura, txakurrekin ere arazo txikiren bat izan du. Hala ere bidaiak gauza on gehiago eman dizkio eta urtebetera luzatzea pentsatzen ari da egun bakoitzak eman diezaiokeen “sorpresaren” bila.

Iker Cabrejas 1

Iker Cabrejas | PHOTO |Mugalari

– Zein da zure  asmoa?  

Hasiera batean sei hilabetekoa da “abentura”,  baina baliteke urtebetera luzatzea. Dena egoeraren arabera izango da, bidaia zabalik dago edozein aldaketara. Hiru hilabete Asiako Hego-ekialdean pasatu eta gero Nepalera, han mendian ibiltzeko. Hori zen nire hasierako plana. Baina, momentu honetan, Nepaleko aukera gaitz ikusten dut eta seguruenik bizikletarekin jarraituko dut bidaiatzen. Tailandia erdi-iparraldea bisitatu ostean orain Laosetik nabil eta Mekong erreka ondotik Kanbodiara joango naiz. Gero Angkor tenpluan erabakiko dut norantza egin berriro; aukera ezberdinak ditut: Indonesia, Myanmar ala Vietnam

 – Zergatik abentura hau?

Bueno, jende askori gertatu zaion bezela, maitasun kontuak eta lanean motibazio falta dagoenean, barruak mugitzen hasten zaizkizu eta bizitzari buelta emateko pentsamenduak izaten dituzu.

– Bidaia zelan prestatu duzu?

Hiruzpalau hilabete egin ditut, batez ere bizikleta egokitzen, materialea erosten, probatzen… Bizikletarekin lehen bidaia Santiago Bidea izan zen Aste Santuan eta hor erabaki nuen bizikletan izango zela bidaia. Gero zer ibilbide egin gutxi prestatu dut, gidaren bat irakurri baina ez gehiago. Herrialde “errezak” dira bidaiatzeko eta horrekin lasai hartu dut.

Cabrejas 2

Argazki guztiak Iker Cabrejasek ataratakoak.

– Bizikleta bertatik eraman duzu. Hori ere abentura bat izango zen ezta?

Hegazkinean bizikleta sartzeko egin behar direnak abentura dira bai. Kutxa handi baten enpaketatu nuen koadrilako batek lagunduta: erroberak hustu eta kendu zein aulkia jaitsi. Gero heldutakoan, bizikleta berriro montatu behar eta bizikletan hara-hona. Bangok erdian, milaka kotxe, motor eta kamioi artean hasi nuen benetako abentura.

– Bizikletan zoazelako harrera hobea egiten dizute?

Orain arte niri bizikletaz bidaiatzeak ate asko zabaldu dizkit. Jendea kuriositatez hurbiltzen da eta laguntza eskeini. Adibidez, Bangkok-eko aeroportura heldu eta bizikleta muntatzen hasi nintzela hantxe etorri zitzaizkidan bi gazte laguntzera. Gero tren geltokira lagundu ninduten eta hori  bizikletazaleak zirelako.

CAbrejas 3

Zergaitik bizikletan bidaia?

Roge Blaskoren irrati saioetan askotan entzun nintuen zikloturisten bidaiak. Gero,  Elorrioko Izarok eta Urdinek egindako munduari buelta ere jarraitu dut (http://1000milla.com/).  Bidaiatzeko modu diferentea da: merkea, abentura eta kirola bat eginda.

– Zer da “Warm showers”?

Zikloturisten komunitatea, sare soziala, couchsurfing modukoa baina zikloturistentzako sortutakoa eta etxea, ohe bat, dutxa bero bat, jatekoa edo dena delakoa eskaintzen zaie. Tailandian hiru leku ezberdinetan egon naiz horri esker eta oso gustora.

CAbrejas 4

– Egon zara inoz Asiako herrialderen baten? Ze inpresio?

Lehen aldia da. Jendearen aldetik tailandiatarrak oso zabalak eta jatorrak dira. Igartzen zaie turistekin hartueman handia izan dutela. Laosen ez dira hain errez zabaltzen, baina hala ere oso ondo. Txarrena momentuz, kontzientzia ekologikoaren falta da. Errepide eta erreka ondoak, etxe inguruak plastiko zabortegiak dira. Pena bat da.  Honetaz galdetuta “Estatuak” batuko dituela erantzuten dute eta kotxetik zein motorretik edozer botatzen dute. Bestetik estatuak leku batzuetan ez du azpiegiturarik horretarako. Arazo larria iruditzen zait.

– Hiri handien zalea ez zara, baina Bangok-ek onerako harritu zaitu. Zer dauka?

Ez naiz ni hirizalea. Bilbora ere urtean hirutan joaten naiz, jaietan eta listo. Baina Bangkok-en, ez dakit, aldaketa handia, bidaiaren hasiera, bizikleta ondo heldu zen, Warms Showers-eko lagunaren etxean nengoen… Dena ondo hasi zen eta gogotsu murgildu nintzen leku berrian. Mugimendu handiko hiria da Bangok.

CAbrejas 5

– Zelangoa da zure bidaiako egun bat?

Goizeko 5:45etan altxatzen naiz eta 6:15etan hasten naiz bizikletarekin. Normalean ez dut ezer gosaltzen eta ordu edota ordu t’erdi egin ostean gelditu eta  zeozer gosaltzen dut. Hau zikloturisten liburu baten irakurri nuen eta horrela egiten dut. Gorputzak hobeto jasotzen du janariaren energia kirol apur bat egin ostean. Gosaldu eta berriz bizpahiru ordu egiten ditut bizikleta gainean eta berriz zeozer jan: fruta, barritaren bat eta edateko zeozer. Eguerdirako ahalegintzen naiz eguneko etapa amaitzen beroak ordu horretatik aurrera zonalde batzuetan ezin daitekeelako aguantatu. Nahiz ta kanpin-denda bat nirekin eraman momentuz ez dut erabili. ez dut aurkitu leku egokirik eta Guesthouse delakoetara joaten naiz: dutxa bat hartu, bazkaldu eta deskantsuaren ostean herria edo hiria bisitatu.

– Bizikletan hasi eta akilesen orpoan min hartu zenuen. Gogorra izan zen?

Lehen eguna txarrena izan da orain arte, bai beroagatik baita akilesen orpoan min igarri nuelako. Lehen eguna eta mina, horri buelta asko eman nizkion besten zeozertan burua izaten ahalegindu arren. Garagardo batzuetarako tartea hartu eta diferente ikusten dira gauzak. Uste dut hiru egun gehiago pasatu nituela minekin, bizikletako aulkia jaitsi arte.

image10

– Orain hobeto?

Bai. Minak jarraitzen zuenez interneten irakurri nuen aulkiaren altueragaitik izan zitekeela. Jaitsi eta harrezkero ondo nabil, min barik.

– Beroa, hezetasuna… zelan moldatzen zara?

Tailandiako erdialdea izan da zatirik beroena orain arte; gero eta iparralderago gero eta freskoago. Asko eskertzen da goizetan fresko ateratzea. Hezetasuna itzela da, baina gorputza ohitzen dabil.

– Trenean ere bidaiatu duzu. Zelangoa da?

Tailandian trenbide sare nahiko ona daukate, tren eta ordutegi zabalekin. Niri bidaiatzeko trena autobusa baino gehiago gustatzen zait; ikuspegi politak, komodoago eta Tailandiako trenetan jendeak janaria eta edaria saltzen ditu. Laosen momentuz ez dut trenik ikusi.

Cabrejas 6

Beste garraiobiderik erabili duzu?

Laosera bizikletarekin sartu eta hurrengo bi egunetan Mekong errekatik behera ontzi baten egin dut.. Benetan ederra bi egunetako abenturatxo hau. Oso gomendigarria!

Euskaldunak ere aurkitu dituzu bidean, ezta?

Lehen egunean Bangkok-en Azkoitiko bi neska ezagutu nituen Khan Sam Road-en, poteo kalean! Eta gero Ayyutthayan, Joseba gipuzkoar batekin topo egin eta elkarrekin afaldu genuen. Ez dira asko, gehienak irletan egongo dira ;-)

– Animaliekin ere bizi izan duzu “abenturarik”. Baina txakurrak ez dituzu lagun.

Jejeje! Tailandian gertatu zitzaidan. Ez dakit zer duten bizikletekin konkretuki. Ehundaka txakur dabiz solte kale eta bide erditik, oso itxura txarrarekin. Herri eta egun askotan, egunero 2-3 txakurrekin “istilutxoa” izan dut, zaunka eta hozka egitera hurbildu zaizkidanean. Soluzioa? Garrazi egin, topera bizikletari sakatu ta aurrera!

cabrejas 7

 – Eta zein da tximinoen herria? Zergaitik izen hori?

Lopburi. Ez dakit zergaitik izen hori, egia esan. Baina ikustekoa da! Herriko zonalde handi bat eurena da, beraiek kontrolatzen dute. Jejeje, eta lapur hutsak dira!.

– Bakarrik bidaiatuta, bakardade sentimendu hori sarri daukazu?

Ez sarri baina bai batzuetan. Pozik hartzen dut sentimendu hori batzuetan eta gogorra bihurtu ahal da bestetan. Baina askotan bide ondoan doan ume batek irrifarre egiten dizu eta indarrak eta animoak ematen dizkizu jarraitzeko. Burua pentsamendu positiboetara bidaltzea komeni da momentu askotan.

Bidaia-abentura honen hasieran zaude. Imajinatzen zenuen modukoa izaten dabil?

Aldez aurretik ez dut asko pentsatu nahi izan bidaiaren gora-beheratan. Egunero sorpresa bat izatea nahi nuen eta izaten ari da. Osasunez eta animoz ondo nabil, jende oso jatorra ezagutu dut, ez dut arazo larririk izan, leku ederrak ikusi ditut….Momentuz ezin dut gehiago eskatu: lasai eta pozik nabil.

image2

– Kamara digitala erosi zenuen bertan. Zerk erakartzen du zure arreta kamararekin klik egiteko?

Lehen egunean Bangkok-era heldu eta erosi nuen. Argazkilaritzak azkenaldian asko erakartzen nau. Hemen oso potxoloak dira umeak, oso berdeak arroz-soroak, detaile txikietan ere klik egiten ikasten nabil.

– Etxekoekin eta lagunekin sarri  komunikatzen zara?

Ez sarri, baina kontaktua astero mantetzen dut, leku askotan erabili dezaket wifia.

‘Hilartebizi.com’ blogean idatzi dituzu beste bidaia eta abentura batzuk. Bidaia hau eta besteen artean alderik?

Momentu bakoitzean egiten eta gozatzen ari zaren abentura hori da onena. Gustora sentitzen bazara, guztiarekin disfrutatuko duzu. Txarto bazaude nahiz eta munduko beste aldean egon ez du asko esango. Hurbil edo urrun, luze edo labur… Abentura, bidaiatzea egoera bat da… Dena dela, abentura hau ezberdina dala esango nuke: bizikletaz da, hileetakoa, herrialde oso ezezagunak niretzako…

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu