Larunbata,
2024ko Abenduak21

MugaKultura

loader-image
Durango
5:33 pm,
temperature icon 12°C
Humidity 87 %
Ráfagas de viento: 5 Km/h

IZASKUN ELLAKURIAGA | «Abentura hastea erabaki nuenean apurtu nuen mugarik handiena»

Izaskun Ellakuriaga Mugalari 1[1]

Iban Gorriti

Izpiritu askea izan du beti Izaskun Ellakuriagak (Iurreta, 1972), baita eskuartean beti izan dituen proiektuetan jardun izan denetan ere. Orain, orain direla urte batzuk atzera seguruasko irudikatuko ez lukeen esperientzia bizitzen ari da. Orain dela urte eta erdi presak eta diruak agintzen zuen munduaren erritmoa gelditu nahi izan zuen. Ordutik, ingelesa jakin barik, gure diasporaren beste muturrera joan zen eta sekula ahaztuko ez duen bizi-abenturan murgilduta dabil. Elkarrizketa hau ezinbestekoa da irakurtzea eta konturatzeko badaudela bizkaitar honen antzera, egunerokoari ‘ordagoa’ bota eta argazkietan erakusten duen irrifarreagaz arriskatzea aukeratzen dutenak.

Ellakuriagak puenting egin du Aucklandeko zubitik, euskara irakasle ibili da, olerkiak argitaratu ditu ingelesez, tetraplejiko batekin belaontzian ere bidaiatu du… Orain Malasian dago eta Helpx bidaiarien elkartruke sareko kide lez bidaian dabil. Esandakoa, txapela buruan eta irrifarrearekin ibili munduan.

– Izaskun, zein egunetan txapela jantzi eta hasi zenuen zure bizitza berria munduan zehar?

2012ko apirilaren 24ean hartu nuen hegazkina Loiun eta apirilaren 26an Zelanda Berriko Auckland aireportura heldu nintzen. Bizitza berria, baino gehiago ‘abentura’ berria deituko nuke. Ze, berez, Bizkaia Irratian bi urteko lanuztea eskatuta eta Lekukom modura egiten nituen komunikazio lanak etenda hasi nuen abentura hau. 40 urterekin, lana eukita eta bizimodu ‘egonkor’ batekin batzueri zaila egin ahal zaie ulertzea nire erabakia. ‘Ausarta’ naizela ere askori entzun diet. Izan daiteke bai… baina nik gehiago ulertzen dut barruak aspalditik eskatzen zidanaren bila joan naizela.

– Durangotik Zelanda Berrira; Garaiko kiwietatik ‘kiwi’ bizidunetara. Zer dela eta munduko beste puntara?

Hain zuzen ere horregaitik; munduko beste puntan dagoelako. Arrazoiak bat baino gehiago izan ziren. Zelanda Berria betidanik ezagutu nahi nuen. Argi neukan ingelesa hitz egiten duten herrialde batera joan nahi nuela, bide batez ingelesa ikasteko. Eta behin, munduko puntara etorrita, nire erabakian atzera egitea zailagoa izango zela ere kontuan hartu nuen. Bi urteko etena behin hartuta erabakiarekin bai ala bai aurrera egitea nahi nuen. Birritan pentsatu behar duzu Zelanda Berritik bueltan joatea, denbora eta diru asko da.

– Maleta oroitzapenez beteta eta burua ingelesez hutsik bidaiatu zenuen?

Bai eta ez. Ez naiz ni oroitzapenetan denbora galtzen duenetakoa. Ez nuen ezer berezirik maletan sartu. Eta ingelesa apur bat banekien, testu sinpleak ulertzeko haina. Gainontzean berba oso gutxi, indioen antzera, eta entzunezko ulermena eskas eskasa.

– Aucklandera heldutakoan zer izan zan gauzarik positiboena?

Pentsatu baino lasaiago heldu nintzela. Non lo egingo nuen jakin barik eta ingeles gutxi berba eginda… harritu egin nintzen nire buruarekin, egoera kontrolpean izango banu bezala eman nituelako hasierako pausuak: mobilerako SIM erosi, informaziokoei laguntza eskatu, lo egiteko lekua aurkitu,… egunerokoa izango balitz lez tenpleagaz.

Izaskun Ellakuriaga Mugalari 19[1]

– Zein momentutan bihotzak faltan botatzen ditu etxekoak eta lagunak?

Egia esan ez dut herrimin krisirik izan eta horrek ere zelanbait harritu nau. Baina, ia astero neukan Skype saioren bat etxekoekin eta ia hamabostero familiakoei eta zenbait laguni nire gora-beherak kontatzen dizkiet. Hala ere, badira momentu batzuk lagunekin eta etxekoekin gogoratu izan naizena; batez ere, paisaia zoragarrietatik ibilteko aukera izan dudanean. “Hau edo bestea hemen egongo balitz…” pentsatzen nuen horrelakoetan.

– Zure bidaian gauza asko egin dituzu, Aucklandeko zubitik puenting ere. Zelangoa izan zen esperientzia?

Urte eta bi hilabete bertan bizi eta azken egunean izan zen. Egunero etxetik ikusten nuen zubia eta horrelakoak beti gustatu izan zaizkit. Orain dela urte asko Euskal Herrian puenting egiteko aukera izan nuen orduko Durangoko abentura taldearekin (ez dut gogoratzen izena). Zelanda Berria abentura kirol guztietarako herrialdea da. Eta berez, Aucklandekoa ez da saltorik espektakularrena; Queenstown edota Taupo dira lekuak. Saltoa itzela. Gozada bat. Hori bai, bat, bi, hiru esandakoan gehiago pentsatu barik bota nuen nire burua zubitik eta gero, txilio ozen luzea bota. Hortik aurrera lasaitasun totala eta aurpegian irribarrea.

 – Bolondres zereginetan murgildu zinen: munduko triatloi txapelketak, Zelanda Berriko Ukelele jaialdian, Art in the Dark proiektuan, Aucklandeko Arte eta kultura jaialdian, idazleen jaialdian… Zelan laburbilduko zenituzke?

Ingelesa praktikatzeko, jendea ezagutzeko eta lan esperientzia izateko aukerak aprobetxatzeko modu ezin hobea. Ausardia puntua behar da zeure burua horrelakoetara aurkezteko, baina lehen pausua ematea da zailena. Gero, gehienetan, jendeak eskuzabal hartzen zaitu.

 – Olerkien liburu bat ere idatzi duzu? Non irakurri genitzake zure hiru olerkiak, euskarara ere itzulitakoak?

Bolondres lez lan egiteko aukerak aprobetxatzeaz aparte, doakoak ziren hitzaldi eta tailer askotan parte hartu dut… beti ere ingelesean sakondu eta jendea ezagutzeko. Horretako tailerretako bat emakumezkoentzat idazkera tailerra izan zen. Animatu eta izena eman nuen. Tailerrean, besteak beste, olerkigintza, mikroipuinak nola idatzi landu genituen. Tailerraren amaiera gisa, Aucklandeko Udalak gure lanekin liburuxka bat argitaratu zuen. Nik aipatu nien, ingelesezko bertsioaren ondoan euskarazko itzulpena argitaratzea gustatuko litzaidakeela. Eta halan argitaratu dira nire hiru olerki labur. Oso sinple eta basikoak dira. Balio literario eskasekoak. Baina nire ‘abentura’ honetako parte garrantzitsuak. Ez dut uste online irakurri daitezkeenik. Etxekoei bidali nizkien liburuaren ale batzuk. Gainontzean, liburuaren aurkezpenean irakurketa librea egin genuen eta olerkietako bat euskaraz eta ingelesez irakurri nuen eta hori bai, hori youtubera igo nuen (nahiz eta kalitatea ez den hoberena…)

– Zelandaberritar baten andereñoa ere izan zinen. Nolatan sortu zen esperientzia kuriosoa?

Zelanda Berriko informazioa eskuratzeko parte hartzen nuen foro baten euskaraz agurtzen nuela ikusi zuen eta bera jarri zen kontaktuan nirekin. Lau urte atzera euskal gramatika liburu bat erosi eta bere kabuz hasi zen euskara ikasten. Hizkuntza ezezik, euskal kultura, bizimodua, historia, egoera politikoa izan genituen berbagai gure saioetan. Nik ingelesa praktikatzen nuen.

Izaskun Ellakuriaga Mugalari 11

 – Esperientzia berezienetako bat tetraplejiko baten laguntzaile modura lan eginda bizi izan duzu eta bere belaontzian bidaiatzeko aukera ere izan zenuen.

Ikaslea zarenean 20 ordu lan egiteko aukera daukazu. Nire ingeles maila kontuan hartuta, eta nahiz eta esperientziarik ez izan horrelako lan baten, animatu egin nintzan lan eskariari erantzuten. Ez naiz damutzen. Asko ikasi dut berari lagunduz. Lagun handia da orain. Eta bai, bere belaontzian oporretan joateko aukera izan nuen. Tetraplejikoa izan arren, eta bere mugekin, belaontzia zuzendu, bideoak egin eta editatu,… ‘independiente’ izaten ahalegintzen da ahal duen neurrian. Meritu handia dauka. ‘Errealitate’ diferente bat ezagutu du berari esker.

– Hamalau hilabete eta gero Helpx sareko kide egin zinen, mundu osoko bidaiarien elkartruke sarea.

Hori ere esperientzia ezin aberatsagoa. Bidaiariak bere lana eskaintzen du eta etxekoek lo egiteko lekua eta jatekoa ematen dizkizute trukean. Horretarako, baina, webgune baten zure profila idatzi behar duzu, kide izatea ordaindu eta aurrera (www.helpx.net).

– Era horretan Zelanda Berrian eta Australian zehar bidaiatu duzu urte erdi. Australian Europa osoa sartzen da eta oraindik ere lur gehiago dago?

Mapa mundian begiratuta txikia ematen du, baina Australia oso handia da. Leku batetik bestera distantzia handia dago. Ni, batez ere, Tasmanian egon nintzen eta gero Sidney eta Melbourne aldean hiru hilabete inguru.

 – Sukaldeak garbitu, ospitale zahar bat berreraikitzen lagundu, oheak egin, armosuak pestatu, umeak zaindu, txofer, lorategiak txukundu eta sukaldari… Danetarik egin duzu kazetari ezik?

Normalean kazetari lanik ez dute behar izaten horrelako lekuetan. Baina, leku batzuetan gizarte-sareetan daukadan esperientzia baliatzen nuen euren negozioak nola bermoldau edota nola hobeto ‘saldu’ laguntzeko. Gero, ia hamabostero Bizkaia Irratian nire esperientzien berri kontatzen nuen. Eta, Helpx experientziaren berri blog batean ere kontatzen nabil. Hori bai, ingelesez, ze era horretara idatzizkoa praktikatzeko balio dit eta etorkizunean joan nahiko nukeen lekukoek ere niri buruzko erreferentzia erreala aurkitu dezakete.

  – Danetariko jendea ezagutuko zenuen. Onena eta ez hain onena?

Jende ona eta txarra munduko bazter guztietan dago. Baina, normalean zuk eskuzabal jokatzen duzunean edota ezkutuko intentzio barik jendeak antzera jokatzen du zurekin. Zorte handia izan dut eta oso jende jatorra aurkitu dut. Hori bai, oso moldakorra izan behar duzu eta aurreiritziak albo batera utzi.

– Eta Malaysiara heldu zinen. Asia beste mundu bat da?

Bai eta ez. Globalizazioaren eraginez eta gizakiak garelako, beharrizan antzekoak ditugu. Baina gero, lehentasunak ezberdinak dira. Asko harritu nau Malaysiak. Detaile tontoak dira, baina emakumezkoentzat supermerkatuetako aparkalekuan lekuak erreserbatuta dituzte. Edota haurdun dauden emakumeek lehentasuna dute ordaintzerakoan. Edota kotxea nun aparkatu duzun ahaztu bazaizu, doako zerbitzua eskaintzen dizute eta kotxea aurkitzen laguntzen lan egiten du tipo batek.

Izaskun Ellakuriaga Mugalari 10[1]

– Eta hurrengo geltokia… Borneo.

Malaysiara Zelanda Berrian nire lehen pisukidea izan zena bisitatzera etorri naiz eta gero Helpx esperientzian ezagutu nituen beste lagun batzuk ere bisitatu ditut. Malaysian beraiekin nabil aurrera eta atzera, eta leku turistikoak bai, baina euren egunerokoa bizi dut. Borneora ere eurek lagunduko noa, lagunetako bat Borneon jaiotakoa delako.

– Hurrengoa gertuago izango da: Londres. Oxfordeko unibertsitatea ezagutuko duzu?

Hori ere nire bidaian ezagutu nuen lagun bati esker. Master bat egiten dago orain Oxforden eta bera bisitatzera noa eta bide batez Britainia Handian ere zeozertxo bidaituko dut.

 – Euskal Herria utzi zenuenetik zentimetro batzuk hazi zarela igartzen duzu hazkunde pertsonalari dagokionean?

Zentimetroak gutxi dira, metroak irabazi ditut. Topikoa dirudi, baina gauzei aurre egiteko zu bakarrik zaudenean zertzuk egiteko gai zaren ikasteko balio du. Eta kontrolpean daukazun ‘egunerokotasunetik’ ateratzen zarenean, pentsatu baino gauza gehiago egin ditzakezula ikusten duzu. Asko harritu naiz nirekin, nire muga eta gaitasunekin.

– Inoiz sentitu duzu Euskal Herrian bizi dugun zurrunbiloa arrotz?

Internetari esker izan dut Euskal Herrian gertatzen dena jarraitzeko aukera, baina egia da sarri urrun sentitzen dudala. Hala ere, Euskal Herria mapan kokatzen eten barik ibili naiz bi urteotan. “Bagara eta ez gara” zentzu baten. Jende askok ez daki Euskal Herriaren berri eta sarri azaldu behar izan dut nor garen, zerk ezberdintzen gaituen, zergaitik gura dugun herri independientea izan, euskara eta euskal kulturaren aberastasuna, … enbaxadore txiki bat lez sentitzen nintzen.

  – Zer erakutsi diozu zure buruari?

Mugak norberak jartzen dizkiola bere buruari eta horrela gauza asko ‘galtzen’ ditudala. Muga barik esperientziak aberasgarriago direla.

– Bueltatuko al zara inoiz etxera burua aldatuta eta beste era batera estrukturatuta?

Dagoeneko asko aldatu naiz. Betiko Izaskun izaten jarraitzen dut, baina orain askoz hobea (ai ama!!… horrek esan egin behar dira gero norbere buruaz… kar, kar, kar!)

 – Benito Lertxundi entzutetik, Linkin’ Park-en kontzertu bateko sarrerekin ikusi zaitugu. Zelan esperientzia?

Boluntario aurkeztu nuen neure burua kontzertuan laguntzeko. Azkenean jenderik ez zuten behar izan, baina kontzerturako sarrerak doan eman zizkiguten. Oso ondo pasatu genuen.

– Euskal kazetaritza jarraitu duzu bidaian zabiltzala? Nola ikusi duzu?

Kezka handiarekin. Lanpostuak ia egunero galtzen dira eta lagun kazetari asko langabean geratu dira egun batetik bestera. Notizien jarraipenari dagokionez, sarri kontsultatzen ditut egunkari eta aldizkari nagusiak eta horrek ere kezka eragiten dit; albiste onak eskuko hatzamarrekin kontatu izan ditut eta horrek ere sobran.

 

– Zure faltan ezagutzen zenituen pertsonak utzi gaituzte, esaterako, ERAZeko argazkilari eta lankide izan zenuen Segun Lazkano. Zelan hartu zenuen albiste tristea?

Bat baino gehiago izan dira. Segun bera, Bizkaia Irratiko Kepa Uriarte, lehengusina bat, lagunen gertuko senitartekoak,… Sentsazio arraroa da urrin zaudenean. Inpotentzia antzeko zeozer. Sock handia hasieran, eta gero egonezin antzekoa. Eta batzuetan, sufrimendu serenoa… sinisten ez duzun antzera, bueltan noanean berriro ikusiko ez ditudala konturatzen zaren arte.

– Bueltatzen bazara eta egunen baten urrinago joan gurako bazenu, ilargira edota Martera joateko izena eman duzu ez itzultzeko?

Horrela galdetuta ematen du ihesi joan nintzela orain ia bi urte. Ez ditu nik milioiak ordainduko Ilargira edota Martera joateko. Nozbait itzuli itzuliko naiz eta alde egin ere akaso berriro. Abentura hasi dudanetik ate asko zabaldu ditut.

Izaskun Ellakuriaga Mugalari 3[1]

– Bertoko zein jatekogatik ordainduko zenuke urrea?

Urrerik ez nuke ordainduko. Gurago dut diru hori abentura luzatzeko erabili. Baina, urdaiazpikoa da gehien faltan bota dudan jatekoa. Baserriko ogitartean… ummmm! Ahoa urtu egiten zait pentsatzeaz bakarrik.

– Hain urrun bidaiatuta zure buruari ipintzen zenizkion mugak apurtzeko balio izan dute?

Abentura hastea erabaki nuenean apurtu nuen mugarik handiena. Eta gero datorrenari aurre egiteko prest agertuta gainontzeko guztiak.

 – Zer egingo duzu Iurretara bueltatzen zaren egunean?

Etxekoak eta lagunak agurtu ostean, Ibaiondon kafe gozoa hartu.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: , , , , ,

Bilatu