Palestina, itsasoa gara

ITZIAR CASTRILLO
Kantu batek ez du genozidio bat gelditzen, ez gaitezen engainatu. Kantu batek gauza asko aldatu ditzake baina tanke, drone eta boteretsuen anikilazio estrategiari nekez egin diezaioke aurre egin.Halere arteak eta sorkuntzak oro har funtzio soziala,eraldatzailea eta iraultzailea berezkoa duela jakina da nahiz eta azken hamarkadetan komertzionaltasun eta kontsumorako kaiolan preso eta belauniko sumatzen dudan arren, hein handi batean behintzat.

Baina kantu batek kontzientziak piztu eta kontzientzia hartzea ekar lezake, herrien arteko elkartasuna bultzatu, zauriak sendatzen lagundu, musikari eta publikoaren artean dezibelioz betetako bozgorailu bat sortu…ez da asko baina bada zerbait. Ahanzturara kondenatuak dauden errealitateak ikusaraztea bada ttantta txiki bat, bestelako ekimenekin batera olatu bihurtu daitekeena.
Pasadan igandean, Urriak 5ean, Zaldibiako jaien barruan,Aniztasun Festan egon ziren Sol Bandeko kideak beraien musikarekin gerra hotsa salatzen. Taldeko abeslariak, Rahaf Shamalik esan zuen,»abesti hauek gure etxeetako hondakinen gainean idatzi ditugu», nekez imajina dezakegu egoeraren gogorra baina aldi berean kantu horiek indartsu, hondakin gaineko ondasun bihurtzea lortu dute… Sarrionandiaren hitzak parafraseatuz,»beraien ondasun guztia» .
Bada igande honetan Durangoko Txosnagunean izango ditugu Palestinarekin Elkartasunez antolatutako egun osoko egitarauaren barnean. Auzolanean antolatutako elkartasun ekimen honetan Durangoko musikariak ere izango gara agertoki gainean gure kantuak eskaintzen. Bart…Sax! taldeak, swing, jazz eta rock doinuak plazaratuko ditu arratsalde partean. Ibaitik itsasora Palestina libre aldarrikatuko dugu nota,isilune eta baketa kolpe bakoitzarekin. Bereziki Itsasoa Gara kantuaren oihartzuna Gazaraino heltzea nahiko genuke…»ortzi-mugak sutan dauden lurraldera…oraindik ere badirelako…izan direlako eta beti izango direlako».





