Landarte etxea eraisten hasi da EAJren udal gobernua. Eraisketa geratu

1927an eraiki zen Landarte Etxea. 100 urte betetzear den eraikin hau zerrategia izan zen bere garaian, eta ondoren etxebizitza moduan erabili zen. 2017an, PERI Ferrocarrilaren proiektuaren baitan, Udalak eraikina desjabetu zuen, eta ordutik ordenazioz kanpo aurkitzen da.
EH Bildutik proposamena aurkeztu genuen apirilean, eraikina Musika Eskolako ikasleentzat eta gazteentzat egokitzea planteatzen zuena. Eraikinak 1.000 metro koadro ditu guztira, eta leku estrategikoan kokatuta dago, Musika Eskola eta beste ekipamendu batzuekiko (Plateruena, Erakustazoka…) duen gertutasunagatik. Musika ikasleentzako entsegu gelak eta gazteentzako espazio autogestionatua eraikitzea planteatzen zuen EH Bilduren proposamenak.
Gainera, eraikina egoera onean dago, eta obra txiki batzuekin posible litzateke zaharberritzea, inbertsio erraldoirik egin gabe. Ordenazioz kanpo dagoen arren, moduak daude ordenazio barruan berriro sartzeko, Plan berezi baten bidez edo eta HAPOaren bidez.
Baina gaur eraikina eraisten hasi da Udal Gobernua. Momentuz biltegiaren teilatua bota dute. Litekeena da datozen egunetan eraikina osorik eraistea.
Ez da EAJk eraisten duen lehenengo eraikin historikoa. Bere garaian polemika sortu zuen Tren Geltoki zaharra eraisteko erabakiak. Correos eraikina ere eraistea porposatzen du EAJren gobernuak. Horrela, EAJ erakusten ari da ez dituela herritarren eskariak eta beharrizanak entzuten.
Gaurko osoko bilkuran, EH Bilduk premiazko mozioa aurkeztu du, eraispena berehala gelditzea eta proiektua berriz aztertzea eskatzeko. EAJk, PSEk eta PPren babesarekin, euren botoak gaia eztabaidatzen hasteko ere erabili dituzte.





