Gora Karmenak! Gora zornotzarrak!

AINHOA SALTERAIN
Konturatu garenerako ate joka ditugu jada Amorebieta-Etxanoko jaiak eta urtero legez, aurten ere, ilusioz eta grinez biziko ditugu tradizioz beteriko gure festak; Karmenak herri bezala batzen gaituzten jaiak direlako, haur, gazte zein helduek une bakoitza elkarrekin eta elkartasunean gozatzen dugun jaiak direlako, alegia.
Lehen egunetik nabaritzen da festa handi honetan parte hartzen dugun guztion ilusioa eta gogoa. Egun hauek musikaz eta kolorez betetzeaz gain, konpromisoz ere betetzen dira, Karmenak herri bezala garenaren benetako adierazpena direlako.
Horri lotuta beste behin ere, eskerrak ematen dizkiet udal elkarte, eragile, sail eta zerbitzu guztiei egindako lanagatik. Haien ahalegin eta dedikaziorik gabe, ezinezkoa litzateke gure jaiez gozatzea.
Amorebieta-Etxanon, gure jaiak errespetuaren, berdintasunaren eta bizikidetzaren sinonimo izatea nahi dugu, horregatik, aurten ere, aurreko guztietan bezala, indarkeria matxistarik gabeko jaien alde egiten dugu. Guztiok, salbuespenik gabe, gure kale eta plazez askatasun eta segurtasun berarekin gozatu ahal izatea nahi dugulako.
Aurten, jaiez alaitasunez eta arduraz gozatzera animatzen zaituztet, herri bezala aberasten gaituen aniztasuna ospatuz eta ekintza eta une bakoitza elkarren arteko loturak indartzeko baliatuz.
Gora Karmenak! Gora zornotzarrak!





