Asteartea,
2026ko Abuztuak11

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Gazteluko jaietako oroitzapenak

MIKEL GARAIZABAL

Atzo hasi eta igandean amaituko dira aurtengo Gazteluko jaiak. Gazteluarra izanda, ume-umetatik dauzkat auzoko jaiekin lotutako bizipenak. Nire haurtzaroko auzoko jaietako oroitzapen gehienak, gaur egun antolatzen ez diren ekitaldietakoak dira: pottoka gainean ibiltzea, txerrikumea harrapatzea edo bolo jaurtiketa, adibidez.

Ermitara iritsi orduko ezkerrean dagoen landan, pottoka gainera salto egin, eta lurrera erori arte bertan ibiltzeko ekimena antolatzen zen. Ume zein gazteentzako jarduera izaten zen. Ondo gogoratzen dut pottoka gainean ibili, ekitaldia amaitu eta etxera iritsi nintzenean, mandeuluz beteta nengoela ohartu nintzen unea.

Gauez egiten ziren beste bi ekimen ere oso gogoan ditut. Adibidez, txerrikume harrapaketa. Ekimen hau nahiko zaratatsua izaten zen, eta etxera kaka usainarekin iristea ohikoa zen. Hesiz inguratutako biribilgune bat prestatzen zen, eta barruan, bi pertsona, begiak estalita zapi banarekin, eta txerrikume izutu bat, alde batetik bestera korrika. Hesiaren kanpoaldean, hainbat lagun oihu eta zarata eginez saiatzen ziren barrukoei laguntzen —edo askotan desbideratzen—, nondik jo esanez. Txerrikumea zakura arinen sartzen zuen bikoteak irabazten zuen. Gaur egun, halakorik antolatzea pentsaezina litzateke. Nik ez nuen inoiz parte hartu, umea nintzelako seguruenik, baina askotan egon nintzen kanpoaldean, txerrikumeari ihes egiten ez uzten. Noizbait, hesitik kanpora irten zeneko unea ere ondo gogoan dut.

Bolo jaurtiketako oroitzapenak ere nahiko garbi dauzkat. Egurrezko bolua izaten zen, hatzak sartzeko hiru zulo zituena. Lurrean, bi metro luze eta 30 zentimetro inguruko egurrezko tabla bat jartzen zen, eta hari jarraipena ematen zion 20 metro inguruko karril bat, boluak hortik joan behar izaten zuena. Amaieran, hiru txirlo bata bestearen atzean, eta atzealdean, bi fardo lasto, babes modura. Askotan egoten nintzen han, txirloen eta fardoen artean, botatako txirloak bere lekuan jartzen eta bolua bueltan ematen tiralariari. Bola jaurtitzen zuten gehienak gizonezkoak izaten ziren, batzuk purua ezpainetan zutela jaurtitzen zuten. Bakoitzak bere teknika zuen: askok begi bat ixten zuten bolua bota aurretik… Ikuskizun ederra izaten zen!

Baserri auzoko jai giroa oso presente daukat nire haurtzaroan. Eta gaur egun ere, Gazteluko jaietan giro berezi hori mantentzen dela esango nuke: baserri auzoko jai giro hurbila eta parte-hartzailea. Baserri auzoentzat, bertako ermitak egoera onean mantentzea eta auzotarrak jaiaren aitzakian elkartzea oso garrantzitsua dela iruditzen zait.

Uda iritsi da, eta gure baserri auzoetako jaien alde egin behar dugula uste dut, zalantzarik gabe.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu