Larunbata,
2026ko Abuztuak08

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Arrazakeria ez da salbuespena, sistema bera da arazoa

ITZIAR LARRINAGA MANDALUNIZ

Arrazakeria ez da egun zehatz batzuetan salatzen den arazo puntual bat. Arrazakeria egiturazkoa da, eta ez da kasualitatez sortzen: sistema bera da arrazista, eta egiten duen guztia intentzionalitate argi batekin egiten du. Sistema bera botere harremanak eta pribilegioak mantentzeko eraiki da, eta horretarako, zenbait pertsona edo talde baztertzea beharrezkoa da.

Komunikabideek arrazakeria normalizatzeaz gain, estereotipo jakin batzuk elikatzen dituzte etengabe. Migrazioari buruz hitz egiteko erabiltzen den hizkuntza adibidez, guztiz ideologizatuta dago: inbasioa, inmigrante oldea, zentroak gainezka, pertsona ilegalak, biolentziak gora, etab.. Hitzek norabide bat markatzen dute iritzi publikoan eragina dutenak, azken batean, beldurra, mesfidantza eta arbuioa elikatzen dituzte. Narratiba horren atzean intentzionalitate argia dago: gizarteari mezu bat helaraztea, hau da, Hegoaldetik datozen pertsonak ez direla ongi etorriak. Bestelako hizkuntza erabil daiteke, pertsona migratuak, egoera administratibo irregularrean dauden pertsonak, migrazio fluxua, etab… Beste ikuspegi bat eman daiteke, pertsonak euren duintasunarekin erdigunean jartzen dituena. Baina ez da hori aukeratzen, ez delako komeni. Diskurtsoa beti da beldurtzailea, mehatxu bezala eraikia. Hori informazioa ematea izan beharrean norabide jakin bateko errelatoa elikatzea da.

Bestalde, ustez aniztasuna baloratzen duen gizarte batean bizi garela esaten badugu ere, pertsona «Zurion» kultura da erreferentea. Hortik kanpoko guztia “bestea” da. Eta hortik kanpoko guztiari epaituz begiratzen diogu, gure pribilegioetatik. Zuri izateak dakartzan abantailak ikusezinak egiten dira gehienetan, baina horiexek dira justu gizarte honetako botere harremanen oinarri. Beste guztiak horren arabera epaitzen dira: euren janzkerak, euren hizkerak, euren ohiturak, euren izenak… Gurea ez dena edo gure egiteko erarekin bat ez datorrenak ez du balio edo gutxiago balio du. Eta horren adibide argia da nola irudikatzen diren Hegoaldeko herrialdeak: beti pobreziarekin lotuta, beti laguntza humanitarioaren beharrean, beti garatzeko zain. Ez da esaten herrialde horiek garatzen ari direla, garatuta daudela maila askotan eta gure parekoak direla. Ez da komeni hori esatea, botere harremanak zalantzan jartzea baitakar.

Hezkuntza sistemak ere ez du salbuespenik. Hezkuntza eurozentratua da nagusi da ikasgeletan. Eskolan dauden haur askoren kulturak ez dira testuliburuetan agertzen, ez dira eguneroko jardunean aintzat hartzen, eta ez dira kontuan izaten ikasmaterialetan. Haur horiek, horrenbestez, erreferenterik gabe hazten dira. Eta, erreferenterik gabe nortasuna eraikitzea zaila da. Euren kultura eskolatik kanpo geratzen da etxeko espaziora mugatuta, eta horrek sistemaren ikuspegitik esan nahi du euren kulturak ez duela balio, ez duela ekarpenik egiteko balio. Ondorioz, nortasunaren ukapena dakar zuzenean eta nortasuna eraikitzeko arazoak.

Gainera, beste kultura horiei eskoletan ematen zaien lekua normalean folklorera mugatzen da: egun zehatzetan dantzak, janariak edo jantziak erakusten dira, baina ez da inolako sakontasunik eskaintzen, ezta aitortza errealik egiten ere. Beste kultura batzuk «kolore ukitua» emateko erabiltzen dira, baina benetako presentzia edo balioa ematea saihestu egiten da. Ez da benetako kulturartekotasunik ematen.

Zertarako da hau guztia? Sistema mantentzeko.

Pertsona arrazializatuak botere estamentuetara heltzen ez diren bitartean ez da benetako aldaketarik etorriko. Hor dago gakoa: pertsona arrazializatuak botere espazio horietara heltzea da gauzak apurka-apurka aldatzen hasteko giltza. Bitartean, eta gure begirada aldatu ezik, berdintsu jarraituko dugu.

Aniztasuna benetan baloratzeak esan nahi du boterea partekatzea, erreferenteak eskaintzea eta zabaltzea, narratiba berriak eraikitzea eta pertsonak erdigunean jartzea.

Eta hori guztia ez da gertatuko sistemak ez badu aldaketarik egiten, eta aldaketa ez da etorriko guk presiorik egiten ez badugu.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu