Lau mende baino gehiagoko tradizioak Elorrio hartuko du igande honetan
MUGA ELORRIO
Urriko lehen domeka egun berezia da Elorrion. Igande honetan, urriaren 4an, herriko kaleak lau mende baino gehiago dituen Errebonbilloen tradizioaren agertoki bihurtuko dira, goizaldetik arratsaldera arte musika, dantza, pilota eta herriko ohiturak uztartuko dituen egitarauarekin.

Errebonbilloak. IBAN GORRITI (MUGA)
Eguna 05:00etan hasiko da, Errebonbilloen goizaldeko kalejirarekin. Goizak aurrera egin ahala, jarduerak plazara eta herriko beste gune batzuetara zabalduko dira.
11:00etan, nesken gomazko paleta zirkuitua jokatuko da plazako frontoian. Ordu erdi geroago, 11:30ean, meza nagusia egingo dute basilikan, Basilikako Koruaren parte-hartzearekin.
Meza amaitutakoan, 12:30ean, Jaizale Durangaldeko Txistulariek kontzertua eskainiko dute herriko plazan. Arratsaldean, berriz, 17:00etan, Errebonbilloen alardea eta dantzak izango dira plazan.
KULTURA ETA OHITURAK
Horrela, musikak, dantzak eta herri-tradizioak bat egingo dute beste behin Elorrion, belaunaldiz belaunaldi iraun duen ohiturari eutsiz.
Errebonbilloen eguna Elorrioko Udalak, Elorrioko Errebonbilloek, Munduko Pilota Batzarrak, Hori Hori Elorrio Pilota Klubak, Basilikako Koruak eta Jaizale Durangaldeko Txistulariek antolatu, lagundu eta babestuko dute.







