Igandea,
2026ko Urriak11

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

169 jarduerek girotuko dituzte Durangoko jaiak, urriaren 10etik 18ra

TESTUA ETA ARGAZKIA · DURANGOKO UDALA

Durangoko Udalak 2026ko San Fausto Jaietako egitaraua aurkeztu du gaur goizean, irailaren 23an. Urriaren 10etik 18ra bitartean egingo diren jaiek berriz ere giro alaiaz beteko dituzte udalerriko kaleak, musikaz, kulturaz, tradizioaz, kirolaz eta adin guztietako herritarrentzako jarduerez osatutako eskaintzarekin. Aurten, gainera, kultur eta parte-hartze arloko proposamen berriak ere izango dira.

Aurtengo egitarauak 169 jarduera biltzen ditu, eta jaien ekitaldi errotuenak eta kultur eta aisialdi eskaintza zabaltzen duten ekimen berriak uztartzen ditu. Herritarren parte-hartzea, aniztasuna, emakumeen presentzia eta auzoen protagonismoa indartzea dira aurtengo edizioaren ardatzetako batzuk.

Egitaraua Jai Batzordearen, Udalaren eta elkarte, kultur talde eta kirol erakundeen arteko elkarlanari esker osatu da. Izan ere, kolektibo horiek guztiek funtsezko zeregina dute herritar guztientzat pentsatutako jai hauetan.

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak nabarmendu duenez, “San Fausto Jaiak Durangoko egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako bat dira; durangarrok kalera irten, elkarrekin egon, parte hartu eta jai giroaz gozatzeko unea. Urtero bezala, elkarte eta kolektiboen inplikazioari esker dira posible jai hauek, ospakizun zabal, anitz eta guztientzat ireki bihurtzen dituztenak. Durangoko elkarte-sarea benetako altxorra da, eta gure udalerriaren nortasunaren funtsezko parte bat”, adierazi du.

Aurten, gainera, San Fausto Jaiak ospatzeko arrazoi bereziekin datoz. “Modu berezian zoriondu nahi ditugu urteurren garrantzitsuak ospatzen dituzten hainbat elkarte durangar: Sasikoa Kirol Kluba, gure txupineroak, 30 urte betetzen dituelako; Fanfarre Sugarri, bere 50. urteurrena ospatzen duelako; eta Tronperri Dantza Taldea, 65 urte betetzen dituelako. Zorionak bihotz-bihotzez, eta eskerrik asko urte hauetan guztietan egindako lanagatik, konpromisoagatik eta Durangoko bizitzari egindako ekarpenagatik”, gaineratu du.

Bestalde, Jesica Ruiz Jaietako zinegotziak adierazi du aurtengo egitarauak jaiak bizitzeko modu desberdinak jasotzen dituela: “Berdintasuna indartu nahi izan dugu, emakumeen presentzia nabarmenarekin; kultura aniztasuna, tradizioa eta musika uztartu ditugu, baita ikuskizunak, familia jarduerak, kirol proposamenak eta auzoetan bultzatutako ekimenak ere”. Bereziki nabarmendu du “Patxikotxu auzoz auzo” ekimenaren bidez Patxikotxuren presentzia auzo guztietara eramango dela.

Era berean, jaietan pertsona guztiek beren lekua izan dezaten garrantzia azpimarratu du, “errespetutik, elkarbizitzatik eta askatasunetik”. “San Fausto jai alai eta parte-hartzaileak izatea nahi dugu, non giro ona eta ingurukoekiko errespetua beti izango diren protagonista”, gehitu du.

Musika, proposamen berriak eta emakumeen presentzia

Musikak toki nagusia izango du berriz ere San Fausto Jaiak 2026an, publiko eta belaunaldi ezberdinei zuzendutako proposamenekin. Nobedadeetako bat emakumeen presentzia nabarmena izango da programazioan, Goxo Txaranga, Lasque fantaBAND eta Aroa Berrozperekin batera, baita Leire Martínez kartelburu izango duen emanaldiarekin ere.

Egitarauan belaunaldi arteko proposamen musikalak ere jasotzen dira, hala nola Sorotan Bele Gogoan, Latzen, Bingo Musicala, Gazte Foroak bultzatutako 48280 eta Xiberoots taldeek egindako emanaldiak, eta tokiko taldeen aldeko apustua, 11 ikusteko Jaioak eta GAR taldeekin. Eta nostalgikoentzat, Txori ‘Soro’ Gogoan.

Musika eskaintza kontzertuekin, txarangekin, fanfarreekin, bertsolariekin, erromeriekin eta hainbat estiloko emanaldiekin osatuko da, baita familia osoarentzako proposamenekin ere, besteak beste, haurrei zuzendutako jazzarekin.

Kultura aniztasuna eta kulturen arteko topaketa

Kultura aniztasunak toki berezia izango du aurtengo edizioan. Ghanako Jaiak Durangora artisautza, musika eta dantzak ekarriko ditu, United of Ghana Kultur Elkartearen eskutik. Gainera, M’Lomp eta Charanga de Ghana kaleak beste kultura batzuetako erritmoz betetzera itzuliko dira, eta Tik Tarak euskarazko kubatar musikaren proposamena eskainiko du.

Nekazaritza Azoka bueltan da

San Fausto Jaiak 2026k Nekazaritza Azoka berreskuratuko du urriaren 12an, Merkatu Plazaren inguruan. Berrikuntza horrekin batera, ohiko ekitaldiek ere jarraituko dute, hala nola Zezenak Dira, txistularien kalejirak, fanfarreak, euskal dantzak, ohorezko aurreskua, Larrain dantza, bertsolariak eta herri kirolak.

Kultura, ikuskizunak eta adin guztietarako jarduerak

Kultur programazioak kale antzerkia, zirkua, umorea, magia, dantza eta familia ikuskizunak jasoko ditu, besteak beste, “La Paradeta”, “Banaba Flup”, “Kontu Kantari 2”, Zirkun Zirko taldearen zirkuko tailerrak, “Meraki” eta “La última y nos vamos” proposamenekin.

Haurrek eta familiek jarduera eskaintza zabala izango dute, esaterako, haur parkeak, tailerrak, jolasak, ipuin kontalariak, puzgarriak, familia jarduerak eta Txiki Txef, Jenga, Balón Sentado, trebetasun jokoak, ingurumen tailerrak eta Olgetan bezalako proposamenak.

Gazteek ere beren espazio propioak izango dituzte, eta horien artean aipatzekoak dira Gazte Eguna eta GFG-Gazte Foro Gaua. Adinekoek, berriz, jarduera zehatzak izango dituzte aurten ere; horren erakusgarri dira arrakasta handia izan duen herri bazkaria edota 60-70eko hamarkadetako bertsioak.

Auzoak, kirola eta herritarren parte-hartzea

Auzoek protagonismo berezia izango dute berriz ere San Fausto Jaiak 2026an. Jarduerak eta topaguneak izango dira San Fausto, Tabira, Muruetatorre, Otamotzena eta Madalena auzoetan, eta “Patxikotxu auzoz auzo” ekimena ere jarriko da martxan.

Kirolak presentzia nabarmena izango du berriz ere, duatloia, xake txapelketak, arku-tiroa, padela, pilota, zesta punta eta Durangoko III. Mendi Martxa kirol modalitateen eskutik. Herri gastronomiak ere izango du bere tartea, sukalki, tortilla eta paella lehiaketen bidez, baita beste hainbat parte-hartze jardueren bidez ere.

Durangoko Udalak San Fausto Jaiak 2026 errespetuz, elkarbizitzaz eta erantzukizun partekatuaz gozatzeko deia egin die herritarrei.

Kontsultatu egitarau osoa hemen: http://www.durango.eus

Dokumentuak
Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu