Igandea,
2026ko Urriak11

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

DURANGOKO JAIAK · Sasikoa eta Jesuitak, txupineroak, eta Elene Atucha, kartelaren egilea

San Fausto 2026ko jaiak hastear dira, eta Durangok baditu dagoeneko txupineroak, txupinero txikiak eta jaietako kartel iragarlea. Urriaren 10etik 18ra bitartean ospatuko dituzte sanfaustoak aurten. Herritarrek gogotsu espero dituzten jaien lehen protagonistak gaur goizean aurkeztu ditu Udalak, prentsaurrekoan.

Aurten Sasikoa Kirol Kluba arduratuko da jaiei hasiera emateaz. Durangoko kirol taldea areto-futbolean aritzen da, eta 2026 urte berezia izango da klubarentzat: 30. urteurrena ospatzen du, eta gainera, Areto Futboleko Ohorezko Mailara igotzea lortu du.

Hiru hamarkada hauetan, Sasikoak kirol arloan lan garrantzitsua egin du Durangon, areto-futbolaren praktika sustatuz eta hainbat belaunalderi kirolaren bidez gozatzeko eta hazteko aukera eskainiz. Urte hauetan guztietan pertsona askoren lan kolektiboan, konpromisoan eta parte-hartzean oinarritutako ibilbidea izan du, eta San Fausto jaietako txupinero izendapenarekin aitortuko da.

Era berean, aurten Jesuitak Ikastetxeko ikasleak izango dira txupinero txikiak. Haien parte-hartzeak 2019an ikastetxeekin hasitako zikloari amaiera emango dio, ordutik hona honako hauek hartu baitute parte ekimen honetan: Zabalarra Eskolak (2019), Landako Eskolak (2022), Kurutziaga Ikastolak (2023), San Antonio Ikastetxeak (2024), Nevers Ikastetxeak (2025) eta Jesuitak Ikastetxeak (2026). Horrela, ikastetxe guztiek izan dute jaien hasierarekin lotutako ekimen honetan parte hartzeko aukera.

Jesica Ruiz alkateordeak txupineroek jaietan duten garrantzia nabarmendu du, eta azpimarratu du une berezi honetan ezinbestekoa dela hainbat kolektibo eta belaunaldiren parte-hartzea. “Eskerrak eman nahi dizkiogu Sasikoa Kirol Klubari aurten txupinero izateko ardura hartzeagatik. Klubarentzat urte berezia da, 30. urteurrena ospatzen duelako eta Ohorezko Mailara igotzea bezalako lorpen garrantzitsua eskuratu duelako. Bere ibilbideak erakusten du talde-lana eta Durangorekiko konpromisoa funtsezkoak direla. Horrez gain, Jesuitak Ikastetxeari eskerrak eman nahi dizkiogu txupinero txiki gisa parte hartzeagatik, ikastetxe guztiek tradizio honetan parte hartzeko aukera izan duten zikloari amaiera emanez. Kolektiboen eta hezkuntza komunitatearen inplikazioa ezinbestekoa da gure jaiak bizirik mantentzeko eta durangarren arteko harremanak sendotzen jarraitzeko”

“JAIETAKO TAUPADAK”

2026ko San Fausto jaietako kartel lehiaketako kartel irabazlea “JAIETAKO TAUPADAK” izan da, Elene Atucha durangarrak egindako lana. Herri-bozketan jasotako 236 botoetatik 76 lortu zituen.

Lehiaketara 28 lan aurkeztu ziren, eta bi fasetan garatu zen prozesua: lehenengoan, epaimahaiak zazpi kartel finalistak aukeratu zituen; bigarrenean, herritarrek bozketa bidez erabaki zuten kartel irabazlea.

Kartel finalistak honako hauek izan ziren: “MILA ERA, JAI BERA”, “ZATI ZATI”, “DURANGOKO TAUPADAK”, “ELKARREKIN JAI!”, “JAIEKIN BAT”, “CAMBIO DE ROLES” eta “JAIETAKO TAUPADAK”.

Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie lehiaketan parte hartu duten guztiei, bai kartel proposamenak aurkeztu dituztenei, bai herri-bozketan parte hartu dutenei.

Udalak, halaber, Jai Batzordearen funtsezko eginkizuna nabarmendu nahi izan du beste behin ere. Herritarren parte-hartzerako gunea da, jaien antolaketan eta erabakietan zuzenean laguntzen duena, tradizioak bizirik mantenduz eta Durangoko kolektiboen inplikazioa sustatuz.

Datorren irailaren 23an, asteazkena, jaien egitarau osoa aurkeztuko da.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu