Landakok 40 parte-hartzaile baino gehiago bilduko ditu Rubik 2026ko lehiaketan
MUGA OCIO
Durango speedcubing-a praktikatzen dutenen topagune bihurtuko da hiru egunez. Irailaren 18an, 19an eta 20an, Landako Guneko hirugarren moduluak Durango Open 2026 hartuko du, Rubik kuboen lehiaketa ofiziala. 40 parte-hartzaile baino gehiago bilduko dira bertan, eta herritarrek trebetasuna, kontzentrazioa eta azkartasuna uztartzen dituen diziplina hau gertutik ezagutzeko aukera izango dute.

Lehiaketak hamaika kategoria izango ditu: 2x2x2 eta 3x3x3 kubo klasikoetatik hasi eta 4x4x4, 5x5x5, 6x6x6 eta 7x7x7 formatuetaraino. Horiez gain, 3x3x3 kuboa esku bakarrarekin ebazteko modalitatea eta Clock, Megaminx, Pyraminx eta Skewb probak ere izango dira. Lehiaketa jardunaldien ostean, sari banaketa irailaren 20an, igandean, egingo da, 16:30etan.
Durango Open 2026 lehiaketan parte hartu nahi dutenek horretarako prestatutako webgunearen bidez eman dezakete izena:
https://www.worldcubeassociation.org/competitions/DurangoOpen2026/register.
Topaketa, ordea, ez da kuboak ebazten esperientzia dutenentzat soilik izango. Irailaren 18an, ostiralean, 16:00etatik 18:00etara, Rubik kuboa ebazten ikasteko doako tailerra eskainiko da, zaletasun honetan lehen urratsak egin nahi dituztenei zuzenduta. Tailerrean izena emateko formularioa hemen dago eskuragarri: https://labur.eus/Durangorubik2026.
Durangoko Udalak herritarrak Durango Open 2026 ekimenean parte hartzera animatzen ditu. Jardueraren helburua pantailarik gabeko aisialdi-proposamenak bultzatzea da, eta, aldi berean, parte-hartzaileen bizkortasuna eta trebetasuna proban jartzea.




