Larunbata,
2026ko Irailak12

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Capeau iurretarraren pinturak eta Luigi Anselmiren literaturak bat egin zuten atzo Basaurin

MUGA KULTURA

Atzo, irailaren 1ean, goizeko 11:00etan, kulturak eta sorkuntzak bat egin zuten Basauriko Ariz Dorrean. Bertan inauguratu zen Jose Enrike Urrutia Capeau iurretarraren 16 margolanek osatutako erakusketa, eta, aldi berean, Luigi Anselmi bilbotarraren bi libururen aurkezpena egin zen. Capeau, Iurreta, 1954, idazlea eta margolaria da eta Pott taldeko kide izan zen.

Baquedano eta Capeau.

Hitzorduak euskal kulturako hainbat izen bildu zituen, tartean bi protagonistak, Capeau eta Luigi Anselmi, baita Ander Erzilla, Izaro Erzilla, José Julián Baquedano, Joseba Sarrionandia, Kepa Larrea eta Ruper Ordorika ere.

Kepa Larrea basauriarrak hartu zuen aurkezpenaren ardura, eta literaturak eta musikak ere presentzia nabarmena izan zuten ekitaldian. Astarloa Otxoteak abesti bat interpretatu zuen, Ander Erzillak konposatutakoa eta Luigi Anselmik idatzitako hitzekin.

Ondoren, José Julián Baquedanok Jose Enrike Urrutia Capeauren erakusketaren aurkezpena egin zuen. Iurretarraren 16 margolanek osatzen dute erakusketa, azken sei urteetan garatutako bere jarduera piktorikoaren barruan. Basauriko Udalaren arabera, lanetan naturak eta abstrakzioak dute protagonismoa, formatu ertain eta handiko margolanekin.

Musikak beste une berezi bat ere utzi zuen. Izaro Erzilla Etxegibelek abestu zuen, Ander Erzilla pianoan lagun zuela, Luigi Anselmiren azken liburuko testu batean oinarritutako abestia interpretatuz.

Literaturaren tartean, Joseba Sarrionandiak Capeaurekin lotutako pasadizo bat kontatu zuen, aspaldiko harreman eta bizipenen artean kokatutako anekdota ekarriz gogora.

Eta, amaitzeko, Ruper Ordorikak abesti bat interpretatu zuen, goizeko ekitaldiari musika bidezko amaiera jarriz.

Horrela, Ariz Dorreak hainbat diziplina eta belaunalditako sortzaileak elkartu zituen hitzordu batean. Pintura, literatura eta musika uztartu ziren goiz berean, Jose Enrike Urrutia Capeauren 16 margolanen erakusketaren eta Luigi Anselmiren bi libururen aurkezpenaren inguruan.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu