Larunbata,
2026ko Irailak12

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Elorrioko Arriolak zinea, musika, antzerkia eta familientzako bi proposamen programatu ditu irailean

MUGA ARETOAK

Irailaren 11n hasiko da Elorrioko antzokiaren hilabeteko egitaraua, Bilboko Ganbera Abesbatza eta Orkestraren opera eta zarzuela kontzertuarekin.

Ganbera.

Elorrioko Arriola Antzokiak zinea, musika, antzerkia eta familientzako proposamenak uztartuko ditu 2026ko iraileko programazioan. Hilabeteko lehen hitzordua irailaren 11n izango da, Bilboko Ganbera Abesbatza eta Orkestrak Coros de ópera y zarzuela kontzertua eskainiko baitu, 20:00etan.

JuanLu Díaz-Emparanzaren zuzendaritzapean, 45 lagun inguruk osatutako taldeak opera eta zarzuelako hainbat obra interpretatuko ditu. Besteak beste, Verdiren Nabucco, Il Trovatore, Aida eta La Traviata lanetako pasarteak, Pucciniren Madama Butterfly eta Bizeten Carmen izango dira programan. Patricia Sésar sopranoak eta Josu Cabrero tenorrak ere parte hartuko dute.

Antzerkia euskaraz

Irailaren 25ean, ostirala, Ados Teatroak 52 Hertz antzezlana taularatuko du, 20:00etan eta euskaraz. Garbi Losadak zuzendutako 70 minutuko lanak isolamendu soziala, inkomunikazioa, desberdintasuna eta entzuna izateko nahia ditu ardatz. Obraren abiapuntua itsasoan bakarrik dabilen eta beste inork entzuten ez duen 52 hertz-eko maiztasuna igortzen duen bale baten irudia da.

Joseba Apaolaza, Ainhoa Aierbe, Dorleta Urretabizkaia, Martxelo Rubio, Amaia Irazabal eta Aitzol Iraola dira aktoreak. Sarrerak 15 euro balio du; bazkideentzat 10 euro eta gazte bazkideentzat eta Arriolakideentzat 7,50 euro.

Zinea asteburuetan

Zineak ere protagonismoa izango du irailean. Christopher Nolanen La odisea irailaren 19, 20 eta 21ean proiektatuko da, 20:00etan. Filmak 172 minutuko iraupena du eta 12 urtetik gorakoentzat da.

Hurrengo asteburuan, Rodrigo Sorogoyenen El ser querido izango da ikusgai. Irailaren 26, 27 eta 28an eskainiko da, 20:00etan. 135 minutuko iraupena duen filma 12 urtetik gorakoentzat da.

Txikienentzako bi hitzordu

Arriolak haurrentzako bi proposamen ere jaso ditu iraileko egitarauan. Irailaren 20an, igandea, 17:00etan, Vaiana filma eskainiko da gaztelaniaz, 7 urtetik gorakoentzat.

Bestalde, irailaren 27an, 17:00etan, LUZ, MICRO Y PUNTO konpainiaren Carnaval Animal / Animalien Inauteria ikuskizuna izango da. Testurik gabeko 47 minutuko antzezlan familiarra da, 3 urtetik gorakoentzat. Aktoreen lana itzal eta maskaren antzerkiarekin uztartzen du, eta basoko animalien inauterietan kokatzen da.

Emanaldian, animaliek hainbat mozorro eta itxuraldaketa biziko dituzte: kukua armiarma bihurtuko da, ahatea untxi, dortokari hegoak aterako zaizkio, astoa unikornio eta dinosauroak tukano baten mokoa jantziko du. Lehoiak festarekin bat egin nahi izango du, baina ez du jakingo nola eta bakarrik geratuko da basoan.

Carnaval Animal / Animalien Inauteria ikuskizunerako sarrerak 5 euro balio du, eta bazkideentzat 3,50 euro.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu