Elorrioko Ferixa Nausikoak datoz, jardueraz beteriko egitarauarekin!
MUGA ELORRIOKO JAIAK
Irailaren 4tik 13ra bitartean ospatuko diren jaiei hasiera emateko, Elorrioko Merkataritza Elkarteak (EME) jaurtiko du txupinazoa, bere 25. urteurrena ospatzen duen urte berezi honetan. Hona hemen EGITARAUA.

Los Zopilotes Txirriaos.
Udalak eta Jai Batzordeak prest dituzte 2026ko Ferixa Nausikoak. Irailaren 4tik 13ra bitartean, herria kulturaz, tradizioaz, kirolaz eta giro alai zein hurbilaz jantziko da, adin guztietako herritarrei zein bisitariei irekitako jardueraz osatutako egitarauarekin. Guztira 260.000 euroko aurrekontua bideratu da festetara. Aurtengo txupinazoa irailaren 5ean izango da, arratsaldeko 20:00etan udaletxeko balkoitik; ohore hori Elorrioko Merkatarien Elkarteak (EME) izango du, 25 urteko ibilbidean tokiko merkataritza bizirik mantentzeko egindako lanagatik eta herriari emandako zerbitzuagatik.
Ferixa Nausikoei izena ematen dien nekazaritza eta abeltzaintza Azoka igandean, hilak 6, ospatuko da, goizeko lehen ordutik, tradizioa den bezala, ganaduz, lehen sektoreko tokiko produktuen postuz eta artisautzaz betez Ferixa eta bere inguruak.
Programari dagokionez, ospakizunek orotariko proposamenak bilduko dituzte egun hauetan. Ikuskizun eta kontzertu nagusien artean azpimarratzekoak dira Los Zopilotes Txirriaos, Xabi Aburruzaga, Maruxak, Sukar eta tributu ezberdinak, baita bertso-saioak, kale-antzerkiak nahiz haur zein jubilatuentzako ekitaldi bereziak ere. Horrez gain, Danborrada, Sukalki Eguna, kuadrillen arteko jaitsiera eta jolasak, eta Elorrioko Kolore eta Zaporeak kulturarteko jaia izango dira herriko tradizioaren erakusgarri. Berrikuntza modura, txosnagunea Buzkantz kalean eta Ganondon kokatuko da aurten.
Giro alai bezain errespetuzkoa bermatzea da Udalaren eta eragileen helburu nagusia. Horregatik, ez da inolako jarrera sexista, homofobo, transfobo edo arrazistarik onartuko, eta indarkeria matxistari aurre egiteko Protokolo Feminista eta 24 orduko arreta-telefonoa aktibo egongo dira jai osoan zehar. Horrez gain, garraio publikoa errazteko, gaueko autobus-zerbitzu bereziak eskainiko dira Ibarra kaleko geraleku nagusitik, eta bakarrik bidaiatzen duten emakumeek eskatutako geldialdiak egiteko aukera izango dute.








