Karmengo jai arrakastatsuen balorazioa jasoko du Amorebietako Udalak
MUGA AMOREBIETA-ETXANO
2026ko Karmengo jaiak amaitu ondoren, Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarren iritzia jasotzeko parte-hartze prozesua abiatu du. Horretarako, online inkesta bat prestatu du, jaietan izandako esperientzia baloratu eta etorkizunerako ekarpenak egiteko aukera eskainiz.

Galdetegiaren bidez, parte-hartzaileek jai-egitarauko ekitaldi nagusiak baloratu ahal izango dituzte; besteak beste, kontzertuak, antzerki-emanaldiak, txupinazoa, marmitako lehiaketa, danborradak eta su artifizialak.
Horrez gain, jaietan eskainitako udal zerbitzuei buruzko iritzia emateko aukera ere izango dute. Hala, komun publikoen egoera, garbiketa zerbitzua, Puntu Morearen funtzionamendua, irisgarritasun neurriak edo marmitako lehiaketako mahai-banaketaren antolaketa ebaluatu ahal izango dituzte.
Inkestaren azken zatian, Karmengo jaien balorazio orokorra egiteko eta 2027ko edizioari begira hobekuntza-proposamenak edo iradokizunak helarazteko tartea ere izango da.
Inkesta herritar guztiei zuzenduta dago, parte-hartzea anonimoa izango da, eta galdetegia euskaraz zein gaztelaniaz bete ahal izango da udalaren webgunean eskuragarri dagoen estekaren bidez.





